Garraiolarien greba

Hiruko eta Tradisnako garraiolariek bertan behera utzi dute greba

Azken egunetan erakundeek hartutako neurriek eta aldundiekin «elkarrizketarako bide bat» zabaldu izanak erraztu du erabakia, Hiruren arabera. Mobilizazioekin jarraituko dute, «euskal administrazioek garraiolarien eskaerak aztertzeko emandako hitza bete dezaten».

Hiruko kideen protesta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzarn aurrean, asteazken honetan. JAVIER ETXEZARRETA (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 30a
19:24
Entzun

Azken hamazazpi egunetan geldirik egon diren kamioilari gehien-gehienak lanera itzuliko dira bihar, sektore batzuetako hornikuntza kateak dardarka utzi dituen grebari amaiera emanez. Hala erabaki dute asteazken arratsalde honetan Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko kideek eta Nafarroako Tradisna elkartekoek. Hirukoen artean, greba bertan behera uzteko proposamenarekin bat egin dute 50 langilek; lanuztearekin jarraitzearen alde egin dute 31k, eta zortzi abstenitu egin dira. Guztira 89 afiliatuk parte hartu dute, eta sindikatuak 700 inguru ditu. Tradisnaren batzarrean, 800 kideetatik 212k parte hartu dute, eta ez zuten bozen berri eman.

Hiruk azaldu duenez, lanera itzuliko dira azken egunetan administrazioek hartutako neurriak «ontzat jo» eta gero: erregaiak 20 zentimo merkatu izanak, sektorearentzat diru laguntza zuzenek eta, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza fiskalek erraztu dute erabakia. «Aldundiek iragarritako neurri eta hobariak garraiolari autonomoentzat onuragarriak izango direla espero da, oraindik baieztatu eta zehaztu gabe badaude ere», azpimarratu zuen elkarteak ohar batean.

Beste aldarrikapenetan konponbiderik lortu ez duten arren, Alberto Nuñez bozeramaileak azaldu du «elkarrizketarako bide bat» zabaldu dutela. Goizean, Hiruko kideak Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasuneko zuzendariarekin bildu dira, eta, besteak beste, lurraldeko errepide batzuetan kamioientzat soilik jarri dituzten bidesarien inguruan mintzatu dira. Gaur jakin da, halaber, aldundiaren araudi berria aztertuko duela epaile batek, aurreko biak indargabetu ondoren.

Bidesari horiek —gainerako lurraldeetan ere jartzeko asmoa dute— kamioilariek beraiek pagatzen dituzte, eta ez merkantzien jabeek. Gauza bera gertatzen da erregaiekin. Kostu horiek fakturatzeko aukera izatea eskatu dute garraiolariek. Horrekin batera, kostuaren azpitik lana egitea debekatzea nahi dute, eta kamioi gidariei 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera ematea, besteak beste. Hiruk espero du alor horietan ere administrazioek neurriak hartzea, eta adierazi dute helburu horiek guztiak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.