Hiruk eta Tradisnak bertan behera utzi dute garraiolarien greba

Azken egunetan erakundeek hartutako neurriek eta aldundiekin «elkarrizketarako bide bat» zabaldu izanak erraztu du erabakia

Garraiolarien protesta, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Azken hamazazpi egunetan geldirik egon diren kamioilari gehien-gehienak lanera itzuliko dira gaur, eta sektore batzuetako hornikuntza kateak dardarka utzi dituen grebari amaiera emango diote hala. Hala erabaki zuten atzo arratsaldean Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko kideek eta Nafarroako Tradisna elkartekoek. Hirukoen artean, greba bertan behera uzteko proposamenarekin bat egin zuten 50 langilek, lanuztearekin jarraitzearen alde 31k, eta zortzi abstenitu egin ziren. Guztira 89 afiliatuk parte hartu zuten, eta sindikatuak 700 inguru ditu. Tradisnaren batzarrean, 800 kideetatik 212k parte hartu zuten, eta ez zuten bozketen berri eman.

Hiruk azaldu duenez, lanera itzuliko dira azken egunetan administrazioek hartutako neurriak «ontzat jo» eta gero: erregaiak 20 zentimo merkatu izanak, sektorearentzako diru laguntza zuzenek eta, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza fiskalek erraztu dute erabakia. «Aldundiek iragarritako neurri eta hobariak garraiolari autonomoentzat onuragarriak izango direla espero da, oraindik baieztatu eta zehaztu gabe badaude ere», azpimarratu zuen elkarteak ohar batean.

Beste aldarrikapenetan konponbiderik lortu ez duten arren, Alberto Nuñez bozeramaileak azaldu zuen «elkarrizketarako bide bat» zabaldu dutela. Goizean, Hiruko kideak Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasuneko zuzendariarekin bildu ziren, eta, besteak beste, lurraldeko errepide batzuetan kamioientzat soilik jarri dituzten bidesarien inguruan mintzatu ziren. Atzo jakin zen, halaber, aldundiaren araudi berria aztertuko duela epaile batek, aurreko biak indargabetu ondoren.

Bidesari horiek —gainerako lurraldeetan ere jartzeko asmoa dute— kamioilariek beraiek pagatzen dituzte, eta ez merkantzien jabeek. Gauza bera erregaiekin. Kostu horiek fakturatzeko aukera izatea eskatu dute garraiolariek. Horrekin batera, kostuaren azpitik lana egitea debekatzea nahi dute, eta kamioi gidariei 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera ematea, besteak beste. Hiruk espero du alor horietan ere administrazioek neurriak hartzea, eta adierazi dute helburu horiek guztiak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.