Herrialde guztietan egin du gora langabeziak, baina gehien Araban. Han, 616 lagun gehiago ari ziren lan bila; Nafarroan, 527 gehiago; Bizkaian, 353 gehiago; eta Gipuzkoan 118 gehiago.
Emakumeek arazo gehiago dituzte oraindik lana topatzeko. INEMeko zerrendetan zeuden 107.982 lagunetatik 61.795 ziren emakumeak eta 46.187 gizonak, %57,22 eta %42,77, hurrenez hurren. Hala ere, aipagarria da gizonen artean askoz gehiago hazi dela langabezia, joan den urtean baino %28,8 langabe gehiago baitude. Emakumeen artean %7,3ko hazkundea izan du.
LAB sindikatuaren arabera, etxegintzak bizi duen egoerak eragin du gizonen langabezia igo izana. «Etxegintzaren krisia eraikuntzara zabaldu da, eta sektore horretan gizonak dira nagusi». %49 igo da langabezia eraikuntzan urtebetean.
Bestalde, bereziki handia izaten jarraitzen du 25 urtez azpikoen langabezia tasak. %10,3 hazi da. LABek adierazi duenez, belaunaldi berri bat dago lan mundura sartu nahian, eta horrek eragin du langabeziaren igoera.
CCOOk eta UGTk, berriz, elkarrekin egindako ekitaldian salatu dute enpresaburuek lan mundutik apartatu nahi dituztela «lanean segitzeko arazoak dituztenak»; hau da, gazteak eta aldi baterako kontratuak dituztenak. Hala, enplegua «egonkortu» behar dela aldarrikatu dute. «Enpleguak egonkortasunik ez badu, ez dugu enpresaburuekin eztabaidatzeko gaitasunik», esan du Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak.
Garai korapilatuak
Horrez gain, garai «korapilatuak» datozela iragarri du. «Krisiak beldurra sortu dio gizarteari; bankuek, berriz, ez diete mailegurik ematen enpresa ertainei eta haiek ezin dute normaltasunez aritu».
Josu Onaindi EuskadikoCCOOko idazkari nagusiak, berriz, Eusko Jaurlaritzari esan dio lan merkatuaren arazoak «errealismoz lantzeko garaia» dela. «Langileek ez dute izan behar krisia sortu duen finantza ingeniaritzaren pagano».
Eurogunean ere hamarren bat igo da langabezia
Euskal Herrian ez ezik, Europako Batasunean eta eurogunea ere hazi egin da langabezia tasa abuztuan. Eurostat estatistika erakundeak herenegun emandako datuen arabera, hamarren bat igo da enplegurik gabekoen kopurua eurogunean, eta %7,5ean geratu da.Espainian izan du igoerarik handiena, hiru hamarren, eta berak du langabezia tasarik handiena ere, bi hilabetean%8,3tik %11,3ra pasatu baita. Haren atzetik Eslovakian dago enplegurik gabeko gehien, biztanle aktiboen %9,9, baina herrialde horretan hobetzen ari dira datuak. Langabezia txikiena Herbehereek (%2,6) eta Danimarkak (%2,9) dute.