Hirugarren erregulazioak Atusaren geroa zalantzan jarriko du, langileen ustez

Jaurlaritzari dosierra ez baimentzeko eskatu diote, enpresak ekoizpena atzerrira eraman duelako

Ivan Santamaria.
2009ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak, Lan Ordezkaritzaren bidez, Atusako zuzendaritzak ezarri nahi duen hirugarren erregulazioari buruzko azken hitza izango du. Aguraingo enpresak 200 langilerentzako dosierra eskatu du, 2010. urteko abendura arte. Baimena emanez gero, Atusaren etorkizuna zalantzan jarriko dela uste du langile batzordeak.

Arabako Lautadako enpresa historikoa da Atusa. Ia 40 urtez hodientzako piezak ekoitzi ditu galdategian. Garai batzuetan 600 langile baino gehiago izan zituen. Gaur egun, 340 daude, baina pisu esanguratsua du eskualdean. Agurain herriak, esaterako, 4.200 biztanle ditu. Atusan dauden lanpostuak desagertzen badira, eskualde osoan ondorioak egongo direla susmatzen dute langileek.

Erregulazio eskaeraren atzean ekoizpena atzerrira eramateko asmoa dagoela salatu dute batzordea osatzen duten sindikatuek. «Bulegoak eta biltegia utzi nahi dituzte, beste guztia kanpora eramateko», salatu dute batzordetik. Enpresak gaur egun bigarren dosier bat martxan du, eta, lantokian erritmoa motela bada ere, biltegiak gainezka daudela ziurtatu dute. Tarte horretan piezak Bulgariatik eta Txinatik ekartzen aritu izana egotzi diote zuzendaritzari.

Kaleratzeak, berriro

Aldi baterako erregulazio eskaerarekin batera, beste 30 behargin kaleratzeko asmoa duela jakinarazi die enpresak sindikatuei. Aurten dagoeneko beste 30 langile bota ditu. Lanpostuen %10 baino gutxiago izango direnez, ez du baimena eskatu beharko kaleratze kolektiboa egiteko. Enpresak kaleratze objektiboak direla argudiatuko du. Horren arabera, kaleratutako langileek gutxieneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea lukete: hogei egun lan egindako urte bakoitzeko.

Aurretik egin diren dosierretan ados jarri dira langileak eta enpresa. Oraingo honetan, ordea, akordiorik gabe iritsiko zaio gobernuari eskaera. Jaurlaritzari dokumentazio guztia ondo aztertzeko eskatu diote sindikatuek, eta, baimena emanez gero, deslokalizazio bat onartuko duela ohartarazi diote. Arrazoi ekonomikorik ez dagoela nabarmendu dute, enpresak ez duelako likidezia edo altxortegi arazorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.