Hiru zerbitzari, txakur mainatsu baten prezioan

Ayai Hinduja eta Namrata Hinduja, Robert Assael abokatuarekin (eskuinean). SALVATORE DI NOLFI / EFE
Ayai Hinduja eta Namrata Hinduja, Robert Assael abokatuarekin (eskuinean). SALVATORE DI NOLFI / EFE
Irune Lasa.
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun
Txakur mainatsua?

Genevako (Suitza) villan daukaten txakurra zaintzen eta mainatzen, bai, Hinduja familiak urtean 8.500 franko suitzarretik gora (9.000 euro inguru) gastatzen ditu.

Garestiak albaitariak Suitzan.

Batek jakin zertarako hainbeste diru txakurrarentzat. Eta auskalo zenbat irabazten duten albaitariek Suitzan, baina hindujatarren villa horretan lanean zenbat kobratzen zuen kontatu du emakume batek epaitegietan: 7,3 euro eguneko.

Orduko.

Ez, eguneko.

Orduko zazpi euro esan nahi duzula, diot.

Ez, eguneko esan nahi dut. Emakumeak 7,3 euroko ordaina jasotzen zuen hemezortzi orduko lanegunarengatik, astean zazpi egunetan jardunda. Kontuak ez dira zailak: egunean 7,3 euro 365 egunean aritzeagatik, 2.664 euro urtean. Beraz, Hindujaren villa garestian, hiru zerbitzari izan zitzaketen, txakur mainatsu baten prezioan.

18 ordu? Euskalgintzako lanaldi erdia gogorarazi dit horrek, 12 ordukoa... 

Hala ere, hindujatarren abokatuetako batek esplikatu du, adibidez, haurrekin film bat ikusi behar bazuten hor zerbitzariak ez zeudela lanean. Eta langileek ez zutela jatekorik eta bizitokirik ordaindu behar. 

Abokatuei ziur gehiago ordaintzen dietela. Kontua, orduan, epaitegietan dago? 

Bai. Auzi zibila akordio batekin itxi dute, eta horren bitartez Hinduja familiak diru kopuru bat ordaindu beharko du. Zigor auzibidearen epaia ostiralean eman zuten. Lau urte eta erdiko espetxera zigortu dituzte Prakash eta Kamal Hinduja senar-emazteak, eta lau urtekora haien seme Ajay Hinduja eta errain Namrata. Langileak esplotatzeagatik zigortu dituzte, baina gizakien trafikoa egiteaz errugabetu dituzte, zerbitzariek baldintzen berri bazutelako. Edonola ere, Suitzara iritsi bezain laster langile indiarrei pasaportea konfiskatu zieten eta soldata urria Indian kobratzen zutenez, Genevan zeudenean sosik gabe zeuden..

Eta nortzuk dira hindujatar horiek?

Familia Indiatik Londresera aldatu zen 1979. urtean. Hiru anaia dira egun Hinduja taldearen jabeak, eta haietako bat da Prakash. Taldeak hainbat sektoretan jarduten du —kamioigintza, altzairugintza, banka, energia...— eta Forbes aldizkariaren arabera, 18.800 milioi euro balio du.    

Zerbitzariei soldata duina ordaintzeko moduan zeuden, beraz. 

Abokatuek diote familiak ez zeukala bere villako zerbitzarien lan baldintzen berri. Eta gaur egun kontratazioak hirugarren alde batek egiten dituela Suitzan bertan.

Hara, beste familia aberats bat, epaitegietara iristean ezer ez dakiena ezertaz.

Bai, koitaduak hindujatarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.