Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, EH Kapitalari Planto-k eta Jauzi Ekosoziala plataformak protesta dinamika bat antolatu dute Munduko Bankuak (MB) hilaren amaieran BECen antolatu duen konferentziaren aurka. Innovate4Climate izenburupean, MBk hainbat aditu elkartuko ditu klima larrialdiaz aritzeko. Protestaldiaren deitzaileentzat, baina, bankuak bere jarduna «berdez tindatzeko» antolaturiko konferentzia bat da, haien ustez aspalditik finantzatzen baititu klima aldaketaren sorburu diren sektoreak.
Hiru plataformek eta haiekin bat egin duten elkarte ugariek hiru protesta deialdi antolatu dituzte Zuen negozioa gure kolapsoa lelopean. Lehenbizikoa hilaren 23ko goizean izango da, konferentziaren lehen egunean. BECen aurrean elkarretaratzera deitu dute (08:30), Ansioko metro geltokiaren aurrean. Bertan biltzeko baimena jaso dute. Bigarren ekintza manifestazio bat izango da, hilaren 24an. Bilbon izango da, eta Moyua plazatik irtengo da (19:30). Azkenik, 25erako, Yayo Herrero aktibista ekofeministaren hitzaldi bat antolatu dute Bilborock aretoan (19:00).
Deitzaileek salatu nahi dute MBren topaketa «lobby energetikoen eta kapital transnazionalaren estrategiaren barruan» kokatzen dela, zeinak «merkatu hobi» bat aurkitu duen usteko trantsizio horretan. Alde horretatik, salatu dute zer rol duten Petronor, Iberdrola eta halako euskal enpresek: «Nolako trantsizio mota espero dezakegu haiengandik lurraldeen espoliazioan eta pobrezia energetikoan oinarrituta aberasten ari direnean?»
Horiek ez dira Innovate4Climaten karietara deituriko mobilizazio bakarrak. Hilaren 23rako, baina arratsalderako (18:30), Munduko Bankuari Ez plataformak manifestaziora deitu du Barakaldon. Herriko plazatik irtengo da, eta BECerainoko bidea egingo du. Aurretik, hilaren 18rako, mahai ingurua antolatu dute Bilboko San Frantzisko auzoko udaltegian (18:30), eta hitzaldia 19rako, Zazpi Katu gaztetxean (18:30). Hura ere Bilbon.