Negoziazio kolektiboaren desblokeoak beste urrats bat egin du 2024. urtean. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, 2024. urtearen amaieran itunpeko langileen %67,7k zeukaten lan hitzarmena berrituta, 2023an baino lau puntu gehiagok (%63,8). Hitzarmenik gabeko beharginak, berriz, 29.500 dira uztailaz geroztik, hau da, itunpeko langileen %4,6 —%5,6 ziren 2023 amaieran—. Guztira, 22 itun daude iraungita.
LHKren azken txostenaren arabera, 2024. urtean 220 lan hitzarmen eguneratu ziren bere eremuan: 48 Araban, 60 Gipuzkoan, 103 Bizkaian, eta hiru lurraldeei dagokien bederatzi. Horrez gain, Espainian sinatu arren EAEn eragina duten beste 75 hitzarmen izenpetu dituzte. Hitzarmen berri horiek, guztira, 101.773 langileren lan baldintzak arautzen dituzte.
Horri esker, 2024ko abenduan sektore pribatuko 436.652 langilek zituzten hitzarmen eguneratuak, eta luzatuta daukaten beste 178.932 langile (%27,7) batu behar zaizkie.
Azken hamabost urteetako daturik onenak dira, eta erakusten dute negoziazio kolektiboak gainditu egin duela 2012ko lan erreformak eragindako blokeoa.
Soldatak, inflaziotik gertu
Negoziatzeko gaitasunak ondorioa izan du hitzartutako baldintzetan ere. Inflazio handiko urteak soldata igoera nahiko handiak eragin dituzte azken urteetan. 2023an paretsu ibili ziren inflazioa (%3,1) eta eguneratutako hitzarmenetako soldata igoera (%3,07), eta iaz ez zen oso urruti ibili: %3,6 inflazioa, eta %3,35 soldatak. Hori bai, kontuan hartu behar da inflazioak oso igoera handia izan zuela urteko azken bi hilabeteetan, eta udaberritik aurrera jaistea espero dela.
Ohiko moduan, alde handia dago hitzarmena non sinatu den: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutakoetan, %3,51eko soldata igoera izan da batez beste, baina kopuru hori %2,98ra jaisten da Espainian lotutakoetan. Alde txikiagoa dago enpresetako itunen soldata igoeren (%3,23) eta sektoreko hitzarmenen (%3,38) artean.
Gauza bera gertatzen da lanaldiarekin: urteko 1.685 orduko lanaldia dute bertakoek, eta 1.745ekoa Espainian sinatu eta EAEn eragina dutenek. Azken horiei eragingo die gehien Espainiako Gobernuak lanaldia asteko 37,5 ordura murrizteko asmoak. Datorren asteko ministroen kontseiluan onartuko du, eta Gorteen esku utzi.
%73,6Zerbitzuetan ari direnak. Urtez urte gora egiten ari da zerbitzuetan lan egiten dutenen kopurua: %72,3 ziren 2024ko urtarrilean, eta %73,6 abenduan. Eta behera doa, berriz, industriakoena, %21,5etik %19,6ra. Kopuru egonkorragoak daude eraikuntzan (%5,7) eta lehen sektorean (%1).
Greben kopurua, berriz, behera egiten ari da 2022. urte gatazkatsutik. 2023ko lehen hamar hilabeteetan, 273 greba erregistratu ziren hiru lurraldeetan, eta 237 izan ziren iaz (-%13,2). Are gehiago jaitsi ziren huelga horietan parte hartutako langileen kopurua (28.704, -%47,3) eta galdutako lanaldiak (95.322, -%41,4).
Gatazka kolektiboak konpontzeko organoak, Precok, lan gutxiago izan zuen: 599 izan ziren guztira, aurreko urtean baino %7,1 gutxiago.