Hiru langile artatu dituzte azido sulfhidriko ihes batengatik

Atarrabian gertatu da istripua. Langile bat okerrago dago, azidoa arnastean erori egin baita.

Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 27a
11:20
Entzun

Lan istripu bat izan da gaur goizean Atarrabiako paper lantegian, Nafarroan. Oraindik argitu ez dituzten arrazoiak direla medio, azido sulfhidrikoaren ihes bat gertatu da, eta hiru langile artatu behar izan dituzte hura arnasteagatik.

Gas toxiko bat da azido sulfhidriko edo hidrogeno sulfuroa (H2S), eta arnasketa arazoak eragiten ditu gizakietan eta animalietan.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 08:36an gertatu da ihesa, eta berehala joan dira hara suhiltzaileak, bi anbulantzia, udaltzainak eta foruzainak. Lantegia hustu dute, leihoak ireki, eta suhiltzaileek gas kantitatea neurtu dute, herritarrentzat eta ingurumenarentzat arriskutsua ez zela egiaztatu arte.

Gasa arnastu duten hiru langile eraman dituzte erietxera. Horietako bat, 36 urteko gizonezko bat, erori egin da azidoa arnastu ondoren, eta kolpe handia hartu du buruan. Nafarroako Unibertsitateko ospitalean sartu dute. Beste bi langile zaurituak hobeto daude.

Nafarroan bertan, Melidan, beste lan istripu bat gertatu da goizaldean Bajo Aragon industrialdean. Nafarroako Sos-ek azaldu duenez, 45 urteko langile bat irristatu eta erori egin da. Kolpe handia hartu du, eta Nafarroako Unibertsitateko erietxera eraman dute, baina haren zauriak arintzat jo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.