Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak 25.948 kontratu berrikusi zituen 2022an, eta horietatik 8.760 mugagabe bihurtu behar izan zituzten enpresek. Urteko balantzea aurkeztu zuten atzo Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburuordeak eta Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak. Gogoratu behar da iaz Espainiako Gobernuak egindako lan erreformak asko mugatu dituela behin-behineko kontratuak egiteko aukerak: sektore eta behar jakin batzuetan soilik erabiltzeko dira, eta gainerakoek finkoak edo aldizkako finkoak izan behar dute. Hori kontuan hartuz eta legea betetzen ari dela ziurtatzeko, EAEko Lan Ikuskaritzak bi ekintza plan abiarazi zituen 2022an, eta ontzat jo dituzte Perez Barredok eta Gonzalezek.
Alde batetik, kontratu irregularrak izan ditzaketen enpresak identifikatu zituzten, eta irregulartasunak atzemandakoei hilabeteko epea eman zieten zuzenketak egiteko; alegia, kontratu horiek mugagabe bihurtzeko. Gonzalezek jakinarazi duenez, orotara 11.389 kontratu aztertu zituzten, eta enpresek 5.733 kontratu bihurtu zituzten mugagabe. Aurrez gehien-gehienak behin-behinekoak ziren, baina 494 aldizkako finko ere bazeuden.
Beste ekintza plana kontratazio partzialaren aurkakoa izan da. Ikuskaritza 11.436 kontratu aztertzen ari da iazko udazkenetik, eta emaitzak aurten jakinaraziko ditu. Gonzalez pozik azaldu da ikuskaritzak iaz hasitako bidearekin, eta «berehalako planen» eraginkortasuna nabarmendu du.
Laneko segurtasuna
Lan kontratuekin loturiko ikuskaritzaz gain, beste 18.700 jarduketa egin zituen erakundeak iaz. Guztira, 1.487 arau hauste antzeman zituen, eta 7,5 milioi euroren isunak jarri.
Ikerketa gehienak segurtasunaren eta osasunaren arloan egin zituen: 11.320. Horietatik 568 kasutan ikusi zituen arau hausteak. Lan harremanen esparruan, berriz, 5.568 jarduketa egin zituen, eta 574 arau hauste atzeman. «Datu hori nahiko deigarria da, normalean segurtasunaren eta osasunaren arloan antzematen delako arau hauste gehien», adierazi du Gonzalek.
Lan istripuei dagokienez, erakundeko buruak azaldu du ikuskaritzak hiru taldetan banatzen dituela: arinak, larriak eta hilgarriak, eta azken horiek «segituan» ikertzen direla: «Guardiako ikuskatzaile bat dago eguneko edozein ordutan, istripu horiek gertatu ahala ikertzeko». 2022an, halako istripuekin loturiko hamazortzi zehapen espediente zabaldu zituen erakundeak, eta hamalau zuzenketa errekerimendu egin.
Lan istripu larriak, berriz, ez dira zuzenean ikertzen. 87 zehapen espediente zabaldu zituen ikuskaritzak iaz, eta 89 zuzenketa errekerimendu egin. Eta, istripu arinei dagokienez, 141 zigor espediente zabaldu zituen, eta 129 errekerimendu egin. «Lan istripu hilgarriak, oso larriak eta larriak ikertzeko bokazioa du ikuskaritzak, baina arinak ikertzeko ez; hala ere, emaitzek azaleratzen dute istripu horiek ere ikertu behar direla», zehaztu du Gonzalezek.
Ikuskaritzak, halaber, segurtasunarekin eta osasunarekin loturiko plan zehatz batzuk ere egin zituen iaz. Esaterako, udan, bero kolpearen aurka egiteko. 4.802 gutun bidali zituen, prebentzio neurriekin: «Emaitzak nahiko onak izan ziren; enpresek interesa jarri zuten».
2023ko erronkak
Datorren urteari begira, beste plan batzuk prestatu ditu ikuskaritzak, eta, Gonzalezek azaldu duenez,arreta berezia jarriko dute enpresen berdintasun planetan: «50 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun planak izan behar dituzte, eta guk hori egiaztatzen jarraituko dugu». Horrekin lotuta, 2022an 194 jarduketa egin zituzten, eta sei arau hauste antzeman.
Bestalde, Perez Barredo sailburuordeak azpimarratu du du Eusko Jaurlaritzak ikuskari taldea handitzeko asmoa duela aurten, eta gogoratu du elkarrizketa sozialeko mahaian batzorde berezi bat sortu dutela horretarako. 2022. urtearen amaieran, 51 ikuskari postu zeuden, eta 20 ikuskatzaileorde. Horiei laneko beste bi ikuskatzaileorde eta laneko eta gizarte segurantzako zazpi ikuskatzaile gehituko dizkiete aurten, Perez Barredok adierazi duenez.
Hiru kontratutik bat mugagabe egitera behartu du EAEko Lan Ikuskaritzak
Erakundeak 18.700 ikerketa egin ditu 2022an, eta 7,5 milioi euroren isunak jarri. Sailburuordeak esan du ikuskari taldea handitzeko asmoa dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu