Hiru hilabetez luzatuko dituzte aldi baterako erregulazio bereziak

Espainiako Gobernuak kotizazio gehiago hartu behar izan ditu bere gain patronalaren babesa lortzeko. Irailaren 30era arte iraungo dute

Diaz Lan ministroa eta Escriva Gizarte Segurantzakoa, atzo. VICTOR LERENA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak lortu du azken asteetan bilatzen ari den irudia: aldi baterako enplegu erregulazioak hiru hilabetez luzatzea adostu du. Bazuen bere kabuz luzapena erabakitzeko aukera, dekretu bidez, baina lehentasuna eman dio bere soslai negoziatzailea sendotzeari, nahiz eta horrek azkenean ekarriko dion bere poltsikotik diru gehiago jarri behar izatea erregulazioan dauden langileengatik. Kutxa publikoek —zergek— ordaindu beharko dutena aurreztuko dute, beraz, enpresek, CEOEk nahi zuen moduan. Ministroen kontseilu berezi bat egingo du gaur Espainiako Gobernuak, akordioa lege bihurtzeko.

ZER HITZARTU DUTE?

Ekainaren 30ean ziren bertan behera geratzekoak pandemiaren harira Espainiako Gobernuak sortutako aldi baterako erregulazio bereziak, «ezinbesteko arrazoiengatik» erabakitakoak. Erregulazio arruntak baino baldintza hobeak dituzte, estatuak bere gain hartzen baitu langilearen Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketa —%75, 50 langiletik gorako enpresetan, eta guztia, enpresa txikietan—, eta erregulazioan dauden langile guztiei ordaintzen baitie langabezia saria—gainontzeko baldintzak bete ala ez—. Orain, erregulazio bereziek irailaren 30era arte iraungo dute.

ZER ALDATUKO DA?

Oraindik itxita dauden negozioetan —hotel askotan, esaterako—, ezinbesteko erregulazioan segitu ahal izango dute, eta langile guztiak egon ahalko dira erregulazioan. Hori bai, aurrerantzean langileen kotizazioen zati bat beren gain hartu beharko dute enpresek: %30 uztailean, %40 abuztuan, eta %65 irailean, 50 langiletik beherako enpresetan; eta %50, %60 eta %75 handietan. Gainera, ezinbesteko erregulazioa eskatu ahal izango dute COVID-19aren agerraldiengatik itxi behar dutenek ere. Kasu horretan, kotizazioen %20 ordaindu beharko dituzte txikiek, eta %40 handiek. Ministroen asmoa zen erregulazio bereziak ezabatzea, baina amore eman dute azkenean.

BESTE ENPRESEK?

Erregulazioa eskatu zuten enpresa gehienetan, lantaldearen zati bat baizik ez dago orain egoera horretan. Haiek ere kotizazioak aurreztuko dituzte: txikiek %40 soilik ordainduko dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenen truke. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75 ordainduko dute. Berrikuntza da baldintza horiek jasoko dituztela ez soilik ezinbesteko arrazoiengatik aldi baterako erregulazioa onartua dutenek, baita arrazoi objektiboengatik eskatzen dituztenek ere —ekoizpena jaitsi behar dutelako edo galerak dituztelako—.

BALDINTZARIK BETE BEHAR AL DUTE?

Bai. Ahalik eta enpresa gehien jarduera normalera itzularazi nahi ditu Madrilek, eta, horregatik, baldintza sorta bat jarri die erregulazio berezia edo arrunta nahi dutenei. Ezingo dituzte langile gehiago kontratatu, ez zuzenean, ezta aldi baterako enpresen bitartez, eta ezingo dizkiete aparteko orduak eginarazi beren beharginei. Muga handiak izango dituzte lan edo zerbitzu batzuk azpikontratatzeko —beren langileak ez badaude horretarako prestaturik—, eta sindikatuei jakinarazi beharko diete hala egin behar badute. Gainera, aldi baterako erregulazioan dauden enpresek debekatua izango dute beren akziodunei dibidenduak banatzea; horretarako aukera izango dute soilik kotizazioetan aurreztutakoa ordaintzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.