Lan gatazkak

Hiru greba egunera deitu dute Bizkaiko metalgintzako sindikatuek

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNTk egin dute deialdia, ekainaren 23rako eta 30erako eta uztailaren 1erako.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen ordezkariak, patronalaren egoitza aurrean. LAB
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 8a
12:04
Entzun

Bizkaiko metalgintzaren lan hitzarmenaren negoziazioek «blokeatuta» daramate aste batzuk, eta sindikatuek «patronalak eman nahi ez duen hitzarmen duina» lortzeari ekin diote. Ekainaren 23rako eta 30erako eta uztailaren 1erako grebara deitu dute sektoreko sindikatu nagusiek, sektoreko gainontzeko sindikatuekin batera.

Bi aldeak zortzigarrenez bildu ziren hilaren 26an, eta patronalaren erantzuna «erabat eskasa» izan zen, ELAren hitzetan. Sindikatuen iritziko, «grebara joateko ordua da».

Azken bilera horretan, FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak datozen urteotan soldatak igotzea eskaini zien sindikatuei: %2,75 2022an, %2,5 2023an, eta %2 2024an. Langileen eskakizuna, ordea, KPIa + %1 igotzea da. Patronalaren proposamenak langileek «erosahalmena galtzea» dakar. LABek Bizkaiko metalgintzako langile klasearen aurkako «mespretxua» salatu du.

Malgutasuna ere handitu nahi du patronalak, 160 orduraino. Sindikatuek ordu horiek mugatzea galdegin dute. Beste hainbat eskakizun ere aurkeztu dituzte: antzinatasuna desizoztea; lanaldia zortzi orduz murriztea indarraldiko urte bakoitzeko; jarduera guztietarako subrogazioa; aldi baterako laneko enpresen kontratuak hiru hilabetera mugatzea; benetako berdintasun planak aplikatzea; errelebo kontratua izateko eskubidea; eta aldebakarreko arbitrajea deuseztatzea. Zaintza eskubidea hobetzea eta lan osasuneko neurriak hartzea ere eskatu du. Patronalak «ezezkoa» eman die proposamen horiei.

Duela hiru urte, lan ituna hamar greba egun ostean adostu zuten bi aldeek –ELAk ez zuen lortu akordiorik–, eta iaz arte egon zen indarrean. LABen arabera, 2019ko egoera berdintsua da egungoa: «Argi dago patronalak bere jarrerarekin jokaleku berera bueltatzen gaituela».

Elkarretaratzeak

Joan den ekainaren 3an, metalgintzako sindikatuetako militanteek parte hartu zuten hainbat elkarretaratzetan, FVEMen batzorde exekutiboko kide diren enpresa batzuen aurrean —Tecuni, itp Aero, Arteche, Astilleros Murueta, Sidenor, Eldu eta Ormazabal—. «Baketsuak eta aldez aurretik jakinaraziak» izan baziren ere, sindikatuek kritikatu egin dute patronalaren eta Segurtasun Sailaren erantzuna: «Pertsona ugari identifikatu eta isunak eta salaketak jartzeko mehatxua izan zen. Badirudi hori dela gure eskubideen alde mobilizatzea erabaki dugun langileontzat nahi duten errezeta.».

Datozenak egun «intentsoak» izango dira. Hilaren 13an, Barakaldoko BECen manifestazioa egingo dute, Makina-erremintaren Bienalaren harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.