Urtarrilaren 18an, 25ean eta 26an lanuzteak egingo dituzte egun osoz, hiru txandetan, Gasteizko Estampaciones Rubi fabrikan. IPMren enpresako 180 langileek protesta egitea erabaki dute, ELA, LAB, ESK eta UGT sindikatuaren babesarekin. Zuzendaritzak lan baldintzak «murriztu eta prekarizatu» nahi dituela salatu dute.
Autoentzako metalezko piezak egiten dituzte lantegian, eta honako hauek dituzte hornitzaile nagusiak: Mercedes, Seat, Citroen, Opel eta Iveco. Langile batzordeak azaldu duenez, Rubiko zuzendaritzak izoztu egin nahi ditu soldatak eta antzinatasuna 2015eko tauletan, ezabatu errelebo kontratua, irabaziei lotutako soldata igoera txiki bat egin, eta soldata maila berri bat sortu, peoi espezializatuarena, urtean 10.000 eurotik gorako aldearekin.
Langile batzordea ez dago prest enpresak proposatutako baldintzak onartzeko, eta iragarri du ez duela baztertzen mobilizazioak handitzea datozen egunetan, baldin eta ez badute akordiorik lortzen bi aldeen artean.
70 kaleratze Orkoienen
Bestalde, Grupo Antolinek lantalde erdia kaleratzeko asmoa agertu du Orkoienen (Nafarroa): lan erregulazio espediente baten bidez, 70 langile kaleratu nahi ditu datorren uztailaren 1ean. Autoentzako piezak egiten ditu fabrikak, eta Landabengo Volkswagen Polo modeloaren kontratuaren zati bat galduko du udan; hortaz, zuzendaritzak dio lan karga txikituko zaiola, eta lantaldea ere txikitu behar duela.
UGT, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute langile batzordea, eta enpresari eskatu diote bilatzeko eskari berriak. Beharginek nahi dute Grupo Antolinek eta Volkswagenek euren artean negoziatzea, eskari berri batzuk adostu ditzaten.
Bestalde, aste honetan sortuko dute negoziazio mahaia Nicolas Correa enpresaren Itziarko plantan (Deba, Gipuzkoa). Zuzendaritzak iragarri du planta itxi eta Burgosera lekualdatu nahi dituela 58 langileak.
Hiru eguneko greba egingo dute Gasteizko Estampaciones Rubi lantegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu