Hirikoren zordunei ordaintzeko ezer gutxi dagoela dio administratzaileak

«Uneotan ez du ezta estatuak ere kobratuko», aurreratu du Francisco Javier Escobosak. Berretsi du akusatuek beranduegi egin zutela konkurtso eskaera. Hiru milioi behar ziren autoa homologatzeko

Hiriko ibilgailu elektrikoaren porrota aztertzeko saioa, Gasteizko Auzitegian, joan den irailaren 22an. DAVID AGUILAR / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hiriko ibilgailu elektrikoaren porrotari buruzko epaiketaren aldi berean egiten ari da enpresaren likidazioa. Horren martxari buruzko oharren bat bota zuen Francisco Javier Escobosa konkurtsoko administratzaileak, atzo egindako saioan. «Uneotan ez du ezta estatuak ere kobratuko», azpimarratu zuen. Konkurtsoko zerrendaren arabera, Hiriko sustatu zuen irabazi asmorik gabeko elkarteak, Afypaidak, 18,9 milioi zor dizkie hartzekodunei, eta horretatik 17,2 milioi Espainiako Gobernuari dagozkio.

Proiektuak utzitako hondarrekin enkantea abiatu zuen Gasteizko Lehen Merkataritza Auzitegiak, 1,8 eta 3,6 milioi bitarte lortzeko. Escobosa entzun ondoren, hainbeste lortzea ere zaila izango da. Hirikoren prototipo ezberdinak, markak eta logoak, tailerretako tresneria, Smart ibilgailu bat, edo hainbeste zeresan eman duen Epsilonen lasterketa autoa daude, besteak beste, hainbat sortatan banatuta.

Konkurtso administratzailearena izan zen atzo deklarazio nagusia. Escobosak berretsi zuen porrotaren erruduntzat jotzen dituela akusatuta dauden Afypaidako lau bultzatzaileak —EAJren hurbileko enpresaburu hirukotea eta zinegotzi jeltzale bat—, eta 15,7 milioi euroan kalkulatu du interes orokorrari eginiko kaltea. Fiskalak diru hori guztia itzultzeko exijitu die akusatuei, eta hamar urterako inhabilitatzea. Estatuko abokatuak, azkenik, zor guztia bueltatzeko eskatu du: ia 19 milioi.

Konkurtsoaren administrazioak begiz joa du hasieratik enpresaren porrota kudeatzeko modua. 2013ko apirilaren 24an bilatu zuten arduradunek konkurtso aurrekoaren babesa, baina konkurtso eskaera ez zen 2015eko otsailera arte ofizial egin. Itxaronaldi horrek ia 200.000 euro okertu zuen porrot egoera. Konkurtso eskaera berandu aurkeztea bada enpresa bateko zuzendariak porrotaren erruduntzat jotzeko arrazoi nagusietako bat.

Ibilbide «deigarria»

Escobosaren ustez, «deigarria» da proiektuak izan zuen ibilbidea. Eusko Legebiltzarrean egin zen ikerketa batzordean azaldutakoaren arabera, ibilgailu bat aurrera ateratzeko beharrezkoak lirateke sei urte eta ehun milioi. Hirikoren kasuan, urte batean bost milioiko laguntza onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta bederatzi hurrengo urterako. «Ez du ematen gastatzeko modurik egokiena, ez erabiltzen duenarentzat, ez finantzatzen duenarentzat». Ondorioa izan zen 17 milioi gastatu zirela, baina ez zela autoa homologatzera iritsi.

Autoaren homologazioari buruz ere luze jardun da epaiketan. Sustatzaileak eta defentsak saiatu dira frogatzen denbora gutxi falta zela Hiriko industria proiektu bat bilakatzeko, eta soilik enpresari lotutako zurrunbilo mediatikoak zapuztu zituela aurrera egiteko aukerak. Maria Trinidad Santos epaileak berak interesa agertu zuen gaian, eta galdera zuzena egin zion administratzaileari. Escobosaren ustez, ondoren proiektua merkaturatzeaz arduratuko ziren enpresak —Hiriko DM Cars, Hiriko Infraestructures eta Hiriko DM Services — martxan jarri izanak ez du esan nahi homologazioa martxan zegoenik. «Dirua falta zen homologazioa lortzeko», zehaztu zuen.

Proiektuan izandako aldaketak ere aintzat hartu behar dira. Erakunde publikoen arreta, babesa eta laguntza ekonomikoa jaso zuen ibilgailu elektronikoaren proiektua 2012. urterako baztertua zuten sustatzaileek. «Ez zuen ez hankarik eta ez bururik kostu ikuspuntu batetik», nabarmendu zuen administratzaileak. Gainera, inoiz ez zuen INTA agentziaren baimena lortuko, kuadriziklo batek gehienez ere 400 kilo izan baititzake, eta Hirikoren pisua hori halako bi zen. Horren ordez, ibilgailu elektriko «arrunt» bat garatzen saiatu ziren.

«Bi edo hiru milioi gehiago behar zituzten homologatzeko», Escobosaren arabera. Laura Unzueta Afypaidako aholkulari ekonomiko eta defentsaren lekukoak azaldu zuen altxortegi plan bat egin zuela; horren arabera, 3,2 milioi behar ziren baimena eskuratzeko, eta beste bi milioi falta ziren ibilgailua ekoizteko moldeak eta tresneria eskuratzeko.

Erosketa «ez-justifikatua»

Fiskaltzak auzi penalerako erabili dituen hainbat eragiketari buruz iritzia eman zuen administratzaileak. Haren ustez, Epsiloni lasterketa auto bat erostea «justifikaziorik gabeko inbertsioa» izan zen. 600.000 euro gastatu ziren horretan, eta orain ez dute lortzen ezta 60.000 euroan saltzea ere. Hirikon aritu ziren beste bi langilek, haien artean Daniel Alfonso Lopez tailerburuak, berretsi zuten autoa ez zela sekula erabili probak egiteko. Aldiz, Escobosak ez dio aparteko arazorik ikusten Alas eraikinaren alokairu polemikoari, eta gurpil robotikoen salerosketan «desadostasunak» baino ez ditu ikusten hornitzaileen eta enpresaren artean.

Bestalde, Mikel Elosegi ekonomista eta aholkulariak azaldu zuen ez zitzaiola gustatu Hiriko irabazi asmorik gabeko elkarte baten bidez martxan jartzeko erabakia, baina ministerioak «exijitu» zuen baldintza zen. Defentsaren tesiari jarraituz, Armando Gasparri leporatu zion Epsilonen ibilgailua erosteko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.