Hirikoren sustatzaileek ez dituzte jasotako laguntzak itzuli beharko

Epaileak porrotaren erruduntzat jo ditu, baina 535.000 eurora mugatu du erantzukizun ekonomikoa. Fiskaltzaren tesia baztertuta, ondorioztatu du ez zela egon diru publikoaz jabetzeko engainurik

Jose Manuel Durao Barroso eta Jesus Etxabe, 2012an Hiriko Bruselan aurkezteko egin zen ekitaldian. OLIVIER HOSLET / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Gasteizko Merkataritza arloko 1. auzitegiak Hiriko ibilgailu elektrikoaren lau sustatzaileak zigortu ditu. Proiektuaren porrota okertu zuen «arduragabekeria larria» egitea leporatu die Jesus Etxabe harrobi enpresaburuari, Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohiari, Jose Luis Bengoetxea Jolben bitxi dendaren jabeari eta Fernando Atxaerandio higiezin sektoreko sustatzaileari.

Guztien artean 535.000 euro ordaindu beharko dizkiete hartzekodunei, eta ondasunak kudeatzeko eta beste inor ordezkatzeko inhabilitatuko dituzte, bi urterako. Akusatuei lotutako enpresa bat, Circuito del Norte, porrotaren konplizetzat jo eta zigortu du auzitegiak. Aldiz, fiskaltzak eta estatuko abokatuak seinalatutako beste hamalau enpresa eta pertsona errugabetu ditu. Hogei egun dituzte orain defentsek eta akusazioek helegiteak jartzeko.

Maria Teresa Trinidad Santos epaileak lau akusatuak zigortzeko erabakia hartu du 86 orrialdeko ebazpenean, baina izugarri mugatu ditu epaiketan exijitu zitzaizkien erantzukizun ekonomikoak. Eragiketa bakarra iruditu zaio zigortzeko modukoa: Epsilonen prototipo bat erosi izana.

Gainera, fiskaltzaren eta estatuko abokatuaren salaketa nagusia alboratu du epaileak. Akusatuek diru publikoaz bidegabeki jabetzeko sarea osatu zutela uste du fiskaltzak, eta oinarri horrekin kereila penala aurkeztu zuen. Porrotari buruzko epaiketaren helburua ez zen ustezko delitu horiek argitzea, baina epaileak argi esan du ez duela engainu arrastorik ikusi fiskaltzak susmopean jarri dituen eragiketa guztietan.

Ibilgailu elektriko bat eta hiri mugikortasuneko proiektu bat garatzea zen Hirikoren helburua. Horretarako, lau sustatzaileek Afypaida irabazi asmorik gabeko elkartea sortu zuten. Elkarte horrek diru laguntza oparoak jaso zituen. Diru gehiena —14,7 milioi euro— Espainiako Gobernuak jarri zuen, garai horretan PSOEk eta EAJk lortutako aurrekontu akordioei esker. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ere laguntza batzuk eman zituzten, txikiagoak. Porrot egiterakoan, 18,9 milioi utzi zituen zorretan Afypaidak: gehiena, berreskuratuko ez den diru publikoa.

Estatuko abokatuak eskatu zuen kondenan 18,9 milioi horien ardura akusatuei eta enpresa konplizeei egoztea. Fiskaltzak antzeko eskea zuen: 15,7 milioi akusatuei eta konplize batzuei, eta beste 2,3 milioi gainerakoei. Konkurtso administrazioak eskaera neurritsuagoa egin zuen kalte-ordain modura: 733.000 euro, kaudimengabezia okertu izanak sortutako kalte ekonomikoa, administratzaileek egindako kalkuluari jarraituz.

Epaiak ezarri du sustatzaileek ez dituztela gastatutako laguntza guztiak itzuli beharko, fiskaltzak eta estatuko abokatuak nahi zuten gisara, eta konkurtso administrazioak eginiko ordain eskaeraren parte bat soilik onartu du.

Epaileak azpimarratu du akusatuei porrotaren errua botatzeko ez dela aski kudeaketa txarra leporatzea, eta beharrezkoa dela porrot hori okertzea eragin zuten praktikak eta erabakiak identifikatzea eta frogatzea. Akusazioek aurkeztu dioten zerrendatik, bakar batek gainditu du galbahea.

Epsiloni auto lasterketetarako ibilgailu bat erosi izanak ez du justifikaziorik, «azaltzen den modura azalduta ere». Erabaki hura «arduragabekeria larria» iruditzen zaio epaileari, eta elkarteari milioi erdi bat euro kendu zizkion, finantzaketa iturriak ixten ari zirenez dirua beharko zuen garaian. Afypaidako kontseiluak hartutako erabakia izan zen, eta horregatik zigortu ditu lau sustatzaileak LMP1 bolidoaren truke jarritako dirua ordaintzera (535.000 euro). Salerosketa horretan ez du ikusi, hala ere, ondasunak ostentzeko saiakerarik.

Akusazioen gainerako argudioak errefusatu ditu epaiak. Indar berezia jarri zuten epaiketan frogatzeko konkurtsoa behar baino beranduago aurkeztu zela, eta horrek kalteak eragin zituela. Epaileak frogatutzat jo du hamabost hilabete atzeratu zela eskaera hura, baina ez dio zigorra oinarritzeko behar besteko garrantzia ikusi konkurtsoa berandutzeari. Atzerapen horrek zuloa handitu zuen aztertu du. Konkurtso administrazioaren arabera, 197.000 euro izan ziren, eta horiek bueltatzea exijitzen zuen. Pasiboaren %1 baino ez denez, epaileak uste du akusatuei ezin zaiela leporatu porrotaren zuloa handitu izana.

Iruzurra egiteko sarerik ez

Konkurtsoaren atzerapena eta Epsilonen autoaren erosketa alde batera utzita, fiskaltzak eta estatuko abokatuak beste eragiketa ugari aurkeztu zituzten, akusatuen helburu nagusia laguntza publikoak lortzea eta diru horrekin aberastea zela frogatzeko. Horretan epaiak osoko zuzenketa egin, eta tonu bereziki gordina erabili du. Fiskaltzak salatu dituen gertakari batzuk «errealitatetik erabat aldenduta» daude, epailearen arabera. Aurkeztu duen irizpenean «datu irrealak eta gertakari partzialak» sartzea ere egotzi dio.

Santos epailearen irudiko, proiektuak jaso zuen bultzada publikoak ezabatzen du sustatzaileen balizko zabarkeria, administrazio publikoak jakinaren gainean zeudelako une oro. «Ez zen egon [engainurik]; azaldu zitzaien zer egingo zen eta nola, eta hori onartu, babestu eta finantzatu zuten», zehaztu du epaian.

Hainbat enpresa konplize gisa arrazoirik gabe salatzeagatik ere errieta egin dio, zorrotz. «Enpresa horiek epaiketa publiko batera behartu izana zeharo kezkagarria da, hain zuzen ere fiskaltzaren erabakia izan delako, inpartzialtasun eta legezkotasun printzipioetara lotuta egon beharko lukeen organo batena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.