Hipotekak %10 inguru merkatuko dira Euriborrak izandako jaitsierarengatik

Abuztuko batez besteko tasa %0,877koa izan da, hipotekak kalkulatzeko indizeak inoiz izandako mailarik apalena

2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Behera egin du beste hilabete batez Euribor indizeak. Hamaikagarren hilabetez jarraian jaitsi da hipotekak eta maileguak kalkulatzeko nagusiki erabiltzen den indizea. Hori hala, urtebeterako hipotekak %10 inguru merkatuko dira batez beste. Hipotekaren iraupenaren arabera aldatu egiten da zenbateko hori.

Euribor indizea inoizko mailarik apalenean da: abuztuko batez bestekoa %0,877 izan da. Duela urtebete %2,097 zen. Eguneroko tasa ere inoizko baxuena da: %0,812zen atzo. Uztailetik abuztura bitartean, tasak ia bi hamarren egin du behera, orduko batez besteko tasa %1,061 baitzen.

Abuztuko tasarekin 10 urteko hipoteka —160.000 eurokoa eta %0,5eko diferentziala duena— berrikusi behar dutenei mailegua %6 inguru merkatuko zaie batez beste; 20 urtekoa dutenei, %11; eta 30 urtekoa dutenei, %15. Aldiz, 40 eta 50 urteko hipotekak dituztenei %19 eta %23 inguru merkatuko zaie, hurrenez hurren.

Beherakada horiek direla eta, hilabete amaieran gehien nabarituko dutenak 50 urteko hipotekak dituztenak izango dira; izan ere, hilean 108 euro inguru gutxiago ordaindu beharko dituzte. 20 urtekoa dutenek 92 euro gutxiago pagatu beharko dituzte, eta 10 urtekoa dutenek, berriz, 87 euro.

Jaitsiera, EBZren ondorio

Euriborrak azken hilabeteetan izandako beherakadaren atzean, Europako Banku Zentralak hartutako neurri bat dago: hain justu, interes tasak %0,75era jaistea.

Hala, EBZk hartutako neurrien araberako bilakaera izaten du, hau da, interes tasak igotzea erabakitzen badu, Euriborrak ere gora egingo du, eta alderantziz. Euroguneko ekonomien atzeraldiari aurre egiteko, interes tasak gehiago jaitsiko ditu ziurrenik urtea amaitu baino lehen. Beraz, indize horrek ere jaisten jarraituko du datozen hilabeteetan.

Horrek, baina, ez dakar zuzenean hipotekengatik eta hainbat mailegurengatik ordaindu beharrekoa merkatzea. Izan ere, hainbat hipotekaren kontratuetan hitzartzeko orduan, kontratuetan zoru-klausula edo diferentziala dago, hau da, maileguarengatik ordaindu beharreko gutxieneko interes tasa bat zehazten dute hainbat bankuk. %2 eta %3 artekoa izaten da klausula hori, baina ia inoiz ez %1 baino apalagoa.

Era horretan, Euriborraren jaitsierarekin gal dezaketenari egin nahi izaten diote aurre hainbat bankuk. Hori horrela, nahiz eta indize horrek behera egiten jarraitu, klausula horiek sinatuta dauztenek gutxieneko interes tasa hori pagatu behar izaten dute, Euriborra bankuek ezarritako interesaren mailara iritsi artean.

2008tik gain behera

Krisi ekonomikoa mugarri izan da Euriborrarentzat. Ordura arte izandako joerak 2008ko ekainera arte iraun zuen. Orduan jo zuen goia —batez besteko tasa %5,393koa zen—. Ordutik 2010eko martxora bitartean jaitsi egin zen, %1,215eraino. Hala ere, eta iazko uztailera bitartean gora egin bazuen ere, beherako bideari ekin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.