Hipoteka mota aldatzea doakoa izango da 2024an ere

Hipoteka maileguei aurre egiteko babes protokoloa eskatu ahal izateko gehienezko errenta igo egin dute: 29.400 eurotik 37.800 euroraino.

KREDITU ESKAINTZAK
Laboral Kutxaren bulego bat, Bilbo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 18a
16:50
Entzun

Bankuen Espainiako Elkarteak (AEB) eta Espainiako Gobernua ados dira urte batez luzatzeko hipoteka maileguen jardunbide egokien kodeen eragin epea. Horrenbestez, 2024. urte osora luzatuko da mailegu mota dohainik aldatzeko aukera. Are gehiago, salbuespenezko laguntza eska dezaketen familien errenta 37.800 euroraino igo dute. Eskaera hori Espainiako Gobernuak egin du.

Bi dira urtebetez luzatu diren kodeak: batetik, 2012an onarturikoa, eta, bestetik, interes tasen igoera handiari aurre egiteko duela urtebete adosturikoa. Horien arabera, hipoteka mailegu aldakorretik finkora edo mistora pasatu nahi duten familiek ez dute ezer ordaindu beharko. Nadia Calviño Espainiako presidenteordeak azaldu du familia ugarik eskatu dutela aldaketa eta horregatik luzatu dutela.

Jardunbide egokien protokoloak bezeroei aukera ematen die, besteak beste, interes tasen eragina izozteko eta bi urtez mailegua ez ordaintzeko.

Horrez gain, handitu egin dute babes protokolora atxiki daitezkeen familien kopurua. Orain arte, asko jota 29.400 eurorainoko errenta zuten familiek bakarrik eska zezaketen; hemendik aurrera, berriz, 37.800 eurora igo dute langa. Bankuek ez zuten beharrezkotzat jotzen igoera hori, baina onartu dute. Maria Abascal Bankuen Espainiako Elkarteko bozeramaileak azaldu du bankuek konponbide indibidualak eskaini dizkietela tarte horretan egonda mailegua ordaintzeko arazoak izan dituzten familiei.

Eta zer babes ematen du protokolo horrek? Bada, besteak beste, aukera ematen du interes tasen igoera hamabi hilabetez izozteko, amortizazio epea zazpi urtez handitzeko eta mailegua bi urtez ez ordaintzeko. Azken baldintza hori bankuarekin adostu behar du bezeroak. Bestalde, bileran ez dute eztabaidatu ezohiko irabazien gaineko zerga jaistearen aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.