Hipoteka gastuen erreklamazioan bezeroei arrazoia eman die Espainiako Auzitegi Gorenak

Gorenak bere egin du Europako Auzitegiaren iritzia: erreklamazio epea hasten da klausula abusuzkoa dela dioen epaia jakin denean.

Hipoteken iragarki bat, Kutxabanken bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
Hipoteken iragarki bat, Kutxabanken bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 18a
19:00
Entzun

Hipoteka gastuen eskaerari buruzko folletoia amaitu dezakeen epaia kaleratu du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Bere egin du apirilaren amaieran Europako Batasuneko Auzitegiak jarritako irizpidearekin, eta ebatzi du gastu horiek bankuei erreklamatzeko bost urteko atzerako kontua hasten dela kontsumitzaileek abusuaren berri izan dutenean, hau da, epai irmo batek klausula hori erabat indargabetu duenean. 

Salbuespen bat aipatu du Auzitegi Gorenaren epaiak: bankuak frogatu ahal izatea bere bezeroak aurretik zekiela klausula hori gehiegizkoa zela. Kasu horretan, ez dagokio dirurik bueltan eskatzea.

Auzitegi Gorenak baztertu egin du, beraz, bankuari hipotekaren gastuak eskatzeko epea 2024ko urtarrilean amaitzen zenik, orduan bete zirelako bost urte Gorenak berak ebatzi zuenetik gastu horiek bankuen bizkar geratu behar zutela, eta ez bezeroen bizkar. Atzerako kontua hipoteka sinatu zenean edo lehen epaiak jakin zirenean hastea ere errefusatu du.

Bankuak, zehazki, lau gastu itzuli behar ditu: notariotza zerbitzua, maileguaren erregistroa, tasazioa eta gestoria. Ordaindutako gastuen araberakoa da berreskura daitekeen dirua. Batez beste, 800 eta 1.200 euro artean izan dira.

ZER GASTU ERREKLAMATU DAKIZKIOKE BANKUARI

  • Notarioaren faktura: Kostuaren %50. Normalean, kontsumitzaileak ordaindu izan du osorik. 
  • Jabetzaren ebazpenaren faktura: %100.
  • Tasazio faktura: %100, halakorik balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.
  • Gestoria faktura: %100, halakorik balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.

Azken hilabeteetan oso desberdin jokatu dute bankuek hipoteka gastuen itzulerarekin. Batzuek dirua itzultzen jarraitu dute hala egitea eskatu dieten bezeroei, epaia izan ala ez izan. Baina badira ordainketak eten dituztenak ere. Azken horien artean dago Hegoaldean hipoteka gehien ematen dituen bankua, Kutxabank. Martxo arte dirua itzultzen zuen, baina orduan irizpidea aldatu zuen. Kutxabanken argudioa zen preskripzio epea ez zegoela garbi, eta Auzitegi Gorenaren epaiaren zain zegoela zegokien bezeroei dirua itzultzen jarraitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.