Hipoteka gastuen erreklamazio epearekin bueltaka

Bost urte dira ebatzi zutela hipoteka bat kontratatzean kobratzen zituzten hainbat gastu «abusuzkoak» zirela. Orain, ustezko preskripzioagatik, banku batzuek aldatu egin dituzte dirua itzultzeko irizpideak. Bezeroak garaiz dabiltzala dio Jon Ortizek.

Hipoteka baten publizitatea Laboral Kutxaren bulego batean. J.L.CEREIJIDO / EFE
Hipoteka baten publizitatea Laboral Kutxaren bulego batean. J.L.CEREIJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Ez da amaitu folletoia: Hego Euskal Herriko bezeroak ez daude ziur oraindik garaiz ote dabiltzan bankuei hipoteka gastuak erreklamatzeko. Urtarrilaren 23an bete ziren bost urte Espainiako Auzitegi Gorenak gai horri buruzko jurisprudentzia ezarri zuenetik, eta, egun hori mugarri izan zitekeela zirudien arren, egoerak bere hartan dirau. 2019. urteko ekainaren 15aren aurretik sinatutako hipoteketan, finantza erakundeei dagokie mailegu hori sortzeak eragindako gastuak ordaintzea. Hori argi dago. Baina noiz arte egin daitezke erreklamazioak?

ZeR gastu erreklamatu dakizkioke bankuari?

  • Notarioaren faktura: Kostuaren %50. Normalean, kontsumitzaileak ordaindu izan du osorik. 
  • Jabetzaren ebazpenaren faktura: %100.
  • Tasazio faktura: %100, halakorik balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.
  • Gestoria faktura: %100, halakorik balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.

Jon Ortiz Larruzea Bilboko Erreklamatu abokatu bulegoko kidea da, eta, dioenez, data finkatzea oso arriskutsua da orain. Dena den, mehatxua badago; erreklamazioetan espezializatutako bulegoa da Erreklamatu, eta aitortu du azkenaldian bezero asko jarri direla haiekin harremanetan. Batzuen dirua auzitara jo gabe berreskuratu dute; beste batzuen kasuan, prozesu judizialak abiarazi behar izan dituzte, baina ziur dio gehienetan lortuko dutela dirua berreskuratzea. «Kontsumitzaileak garaiz dabiltza erreklamazioak egiteko», azpimarratu du.

Banku gehienak, ordea, ezezkoa ematen ari dira. Ortizek azaldu du finantza erakundeen jokabideak «oso ezberdinak» direla, eta, ustezko preskripzioan oinarrituta, erreklamazioak ukatzen ari direla. «Kutxabank hori egiten ari da, esate baterako. Duela hilabete batzuk, beste irizpide bat erabiltzen zuen». Gainera, salatu du bankuak oztopoak jartzen ari direla dirua erreklamatzeko: «Ahal bezainbat tranpa erabiltzen dituzte».

«Banku gehienak ahal bezainbat tranpa erabiltzen ari dira erreklamazioak oztopatzeko».

JON ORTIZ LARRUZEA Erreklamatuko abokatua

Abokatuak esandakoen inguruan galdetu die BERRIAk finantza erakundeei. Francisco Paniaguak, Kutxabankeko aholkularitza juridikoko arduradunak, aitortu du blokeatuta dauzkatela urtarriletik hona jasotako eskaerak: «Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententziaren ondorioz, ziurgabea da preskripzio epea. Erreklamazio guztietan onartu dugu klausula baliogabea dela, ez gara haiek ukatzen ari. Bezeroei zera esaten diegu: ez dakigunez zure erreklamazioak preskribatu duen edo ez, itzultzea blokeatuko dugu Espainiako Auzitegi Gorenak azken ebazpena eman arte». Aurrez, erreklamazioak onartzen eta dirua itzultzen ari ziren. «Ebazpena bezeroaren aldekoa bada, zuzenean bueltatuko diogu dirua», argitu du Paniaguak. 

Dena den, badaki banku batzuk erreklamazioei ezetz esaten ari direla, preskribatu dutela argudiatuta. Laboral Kutxako eta Caixabankeko arduradunek adierazi dute ez dutela irizpidea aldatu, eskaera guztiei erantzuten dietela oraindik ere, eta hala dagokion kasuetan dirua itzultzen ari direla. 

800-1.200

Zenbat berreskuratu daitekeen, eurotan. Erreklamazioa eginez berreskuratu daitekeen diru kopurua ez da finkoa. Maileguaren zenbatekoaren eta ezaugarrien araberakoa da. 800 eta 1.200 euro artean berreskuratzea da ohikoena.

Baikortasuna

Europako justiziak emandako irizpenak dioenez, kontsumitzaileek bankuak egindako abusuaren berri izaten dutenean hasten da gastuak itzultzeko epea. Ebazpen hori ez da batere zehatza, eta ez du balio izan gatazkari amaiera emateko; are, zalantza gehiago sortu ditu. Esaterako, Kataluniako epaitegi baten arabera, 2017ko urtarriletik hasi behar da kontatzen, eta, beraz, 2022an amaitu zen erreklamazioak egiteko epea. Zergatik? Epaileen arabera bezero gehienek orduan jakin zutelako gastuak erreklamatu zitzaketela.

Apirilaren 25ean beste epai bat emango du EBko Justizia Auzitegiak. Baikorra da Ortiz. «Urtarrilean emandako irizpideak ikusita, uste dugu hurrengo ebazpenak ere bezeroen aldekoak izango direla». Espainiako Gorenak horiek heldutakoan emango du bere iritzia.

Auzitegi horrek 2015. urtean ebatzi zuen bankuek hipoteka mailegua kontratatzen zuten bezeroei kobratzen zizkieten hainbat gastu «abusuzkoak» zirela. Gaiak beste bultzada bat izan zuen 2019an, auzitegi berak argi zehaztu baitzuen zer gasturi aplikatzen zitzaien neurria, eta nola banatu behar ziren. Oraingoa hirugarren erreklamazio «olatua» da. 

zer egin behar du erreklamatu nahi duen bezeroak?

  • Dokumentazioa bildu: Gastuen fakturak biltzea ezinbestekoa da erreklamatzeko. 
  • Erreklamazioa aurkeztu: Bankuen bezero arretako zerbitzuan.
  • Laguntza. Kontsumitzaile elkarteak eta abokatu bulegoak buru-belarri ari dira gaiarekin.
  • Epaitegiak. Bankuak erreklamazioa onartzen ez badu, salaketa jar daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.