Hipoteka gastuak erreklamatzeko epemugarik ez dela ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak

Erreklamazioak jartzeko epea bezeroak sententzia jasotzean hasiko da.

Hipotekak
Etxebizitza batzuen iragarkia, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko urtarrilaren 25a
14:45
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak behar adina denbora eman die hipoteka mailegu bat eskatzeko gastuak erreklamatu nahi dituzten kontsumitzaileei. Joan den astelehenean, hilaren 22an, bete ziren bost urte Espainiako Auzitegi Gorenak gaiari buruz jurisprudentzia ezarri zuenetik, eta ebatzi finantza erakundeei zegokiela ordaintzea 2019 baino lehenago sinatutako hipotekak sortzeko gastuak. Hain zuzen, Kode Zibilak ezartzen du halako erreklamazio bat egiteko epea gehienez bost urtekoa dela; horra hor iragan astelehena hain garrantzitsua izatearen arrazoia.

Egun batzuk geroago izan bada ere, EBko auzitegiak uste orokorraren kontra ebatzi du, erreklamazioak egiten jarraitu ahalko baita. Ez du, ordea, eperik zehaztu, baizik eta epe hori noiz hasten den: behin bezeroak dakienean kontratua bidegabea dela, hau da, norberak bere kasuaren sententzia jaso ostean. Beraz, erreklamazioak egiteko ez dago eperik epairik izan ezean, eta epe horrek ez du inolako mugarik. 

Aurretik, Kontsumobidek gomendatu zuen hilaren 22a baino lehenago egiteko erreklamazioak, «gatazkarik ez izateko», uste baitzuen bankuek eskaerari muzin egingo ziotela; ez zegoen «ziurtasun juridikorik» jakiteko epea noiz hasten zen. Orain, EBko Justizia Auzitegiak ez du zalantzarako izpirik utzi: ezin da erreferentzia eguntzat hartu kuotak ordaindu ziren eguna edo 2019ko Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia.

2015ean ebatzi zuen Auzitegi Gorenak «abusuzkoa» zela klausulen bidez kontsumitzaileak behartzea hipoteka maileguak irekitzeko gastuak ordaintzera. Lau urte geroago, 2019an, zehaztu zuen zein gasturi aplikatzen zitzaien neurria, eta nola banatu behar ziren. Erreklamazioa eginda berreskuratu daitekeen diru kopurua ez da finkoa, maileguaren zenbatekoaren eta ezaugarrien araberakoa baita. Dena den, ohikoena 800 eta 1.200 euro artean berreskuratzea da.

ZEIN Gastu erreklamatu dakizkioke bankuari?

Are gehiago: Luxenburgok arrazoitu du hipoteka klausula batzuk gehiegizkoak direla ebazten denetik espero dela finantza erakundeek jurisprudentziaren arabera jokatzea. Asufin finantza zerbitzuen erabiltzaileen elkarteak azaldu duenez, «urteak dira bankuek bezeroei gastu guztiak ordaintzen hasi behar zutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.