Europako Banku Zentralak interes tasak igo izanak eta Euriborrak igoera bizkorra izateak joera aldaketa baten lehen zantzuak eman ditu hipoteken merkatuan. Urtarriletik ekainera arte hazi egin zen Hego Euskal Herrian emandako hipoteken kopurua, eta ez gutxi (%10,3), baina uztailean kontrakoa gertatu da: 1.979 hipoteka sinatu dituzte bankuek eta haien bezeroek, iaz baino 116 gutxiago (-%5,1).
Ikusi gehiago:Inoizko igoerarik handiena izango dute hipoteka orain eguneratu behar dutenek
INE Espainiako estatistika erakundeak asteazkenean eman zuen uztaileko datua, eta urriaren 26ra arte itxaron beharko da abuztukoa ikusteko eta egiaztatzeko jaitsiera joera bilakatzen ote den, ala hilabete eskas bateko kontua den.
Egun horretan ere hipotekei lotutako beste datu bat emango du INEk, abuztuko etxe salmentena hain zuzen ere. Uztailera arte handitu egiten ari zen: aurtengo lehen zazpi hilabeteetan 18.597 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iazko lehen zazpi hilabetetan baino 1.573 gehiago (+%9,2). Inflazio handiaren eta interes tasen igoeraren ondorioz joera hori eteteko edo hazkunde erritmoa gutxitzeko aukera handiak direla aipatu du Caixabankek, etxebizitza merkatuari buruz egindako azterketan.
Gipuzkoa da garestiena
Erregistroaren zenbakiek diote urtearen lehen erdian Hegoaldean saldutako bizitegien batez besteko prezioa 2.560 euro zen metro koadro bakoitzeko. Kopuru horretatik oso gora dago Gipuzkoa (3.208 euro), pixka bat gora Bizkaia (2.746 euro), baina oso behera daude Araba (1.964 euro) eta Nafarroa (1.773 euro).
Donostia da, alde oso handiz gainera, hiribururik garestiena, metro koadro batek 4.992 euro balio izan duelako Gipuzkoako hiriburuan. Atzetik doazkio Bilbo (2.951), Gasteiz (2.292) eta Iruñea (2.232).
Erregistroak berak dio Nafarroan hipoteken batez besteko kuota 587 euro dela, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 676 euro.
Maileguak. Euriborraren igoera
Hipoteka berrien kopurua murriztu egin da uztailean, Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu