Hildakoak ere, lanera

2004ko dosierraren ondorioz erretiro aurreratua hartu zuten 258 langileak hartu eta espedientea aurkeztu du BabcockekDosierra Bizkaira ekartzeko eskatu diote sindikatuek enpresako zuzendaritzari

Babcock-eko langileak, enpresaren atarian, zuzendaritzako ordezkariekin biltzeko zain. 2004an erretiro aurreratua hartutako langile asko bildu ziren. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Trapagaran
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Lanera etorri behar badugu, etorriko gara, baina ez dut uste gauza handirik egingo dugunik, paseatu besterik ez. Enpresak, gainera, ez digu buzorik ere ordainduko, jakinda zortzi egunen buruan bota egingo gaituztela...», zioen atzo Emilio Eskurza Babcock-eko langile ohiak. Trapagarango pabiloiaren kanpoan bildu ziren langile gehienak ere iritzi berekoak ziren: behar izanez gero, lanera itzultzekoak. Hala ere, ez dute ulertzen zertarako itzuli behar duten hilabete eskas barru itxi behar den enpresa batera, eta inongo etorkizun eta bermerik eskaintzen ez dien lekura.

Erretiro aurreratua hartutako 258 langile zuzendaritzarekin batzartzera deituta zeuden atzo. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak 2004ko enplegua erregulatzeko txostena bertan behera utzi eta gero, lanera itzuli behar dutela baitio Babcock-eko zuzendaritzak. Deitutakoetatik askok ezin izan zuten bileretara joan, tartean bi pertsona hilda daudelako, edo kanpoan bizi direlako, Cadizen (Espainia) eta Marokon, esaterako. Manuel Velado UGTko ordezkariaren hitzetan, «aurrekaririk gabeko egoera bat da hau».

Era horretan, langile askok eguneroko paseoak, baratza lantzea edo ilobak zaintzeko ardura albo batera utzi, eta zazpi urteko erretiroaren ondoren, berriz ere Babcockeko atea gurutzatu behar izan zuten.

Lanera, espedientea...

Akordiorik egin gabe amaitu ziren atzo sindikatuek eta erretiro aurreratua hartutako langileek Babcockeko zuzendaritzarekin izan zituzten bilerak. Enpresak jakinarazi zienaren arabera, «sententzia bete egin nahi dute, eta, ondorioz, langile ohi guztiei Gizarte Segurantzan izena eman die dagoeneko», Veladoren hitzetan. Era berean, langile horiek guztiak kaleratzeko espediente bat ere eskatu zuen atzo bertan Babcockeko zuzendaritzak.

Eta 258 langileei ordaindutako bi hilabetetako baimena ere eskaini die. Era horretan, nahi duen orok astelehenean lanera itzultzeko aukera izango du. Hala ere, langileek ez dute agiri hori sinatu euren abokatuekin hitz egin baino lehen.

Veladoren hitzetan, «lanaldi labur baten ondoren, langileak kaleratu egingo dituzte, eta guztiak langabezian geratuko dira». Hala ere, SEPIk bere garaian eskaini zizkien bermeei helduko dietela eta horiek baliatuko dituztela jakinarazi du UGTko ordezkariak.

Sindikatuek akordioa lortzeko asmoa lanean jarraituko dute. Sententzia betearazteko 60 eguneko epea dauka enpresak, eta, horregatik, tarte horretan bertan behera geratu den enplegua erregulatzeko txostena moldatzea proposatuko diote, «egoera ez dadin horren traumatikoa izan», Veladoren hitzetan. Horretarako, lehenik eta behin, «dosierra Bizkaira ekarri behar dugu».

Izan ere, 2004ko erregulazio dosierra Madrilen sinatu zuten, bi lan esparru zeudela argudiatuta. Hori dela eta, txostena Eusko Jaurlaritzako Lan Sailera ekar dezatela eskatu dute sindikatuek. Baina, Valerak dioenez, «enpresak ez du sobera laguntzen hein horretan». Horregatik, kritika zorrotza luzatu dio Babcockeko zuzendaritzari, haren iritziz «ez baitira irtenbide bare eta duin baten bila ari».

2004ko enplegua erregulatzeko dosierra bertan behera geratu ostean, Auzitegi Gorenak langile batzordeari arrazoia eman die, eurak izan baitziren Eusko Jaurlaritzarekin batera gaia epaitegietara eraman zutenak. Emilio Eskurza langile ohia hein horretan gustura agertu da, baina adierazi du oraindik «bide luzea» dutela egiteko. Dosierraren kontra egin zuten, Babcocken erosleak, A-Tec austriarrak, «ez ziolako egonkortasuna emango enpresari».

Erabakiaren zain

Jose Luisek —ez du abizenik eman nahi izan—, berriz, edozein unetan espero zuen euren aldeko epaia. «Hori bagenekien, baina ez genuen espero lanera deituko gintuztenik», zioen. «Hala ere, ez gara asko harritu, normaltasunaren barruan sartzen baita horrelako erabaki bat», Babcockek uneotan duen egoera agerian utziz.

Langileek jarritako salaketaren epaia ezezaguna zenez, zazpi urte hauetan, uneoro erabakiaren zain zeudela diote langileek. Jose Luisek, behintzat, hala egin du bere erretiro garaian. «Edozein modutan, zazpi urte hauetan lasaitasunez bizi izan naiz, erretiratu baten bizitza egiten», dio.

Behin epaiaren erabakia jakinda, lanera itzultzeko dei hau «amorruz» hartu dute langile askok; baina ez zen hori Alfonso Gonzalezen kasua. «Enpresak bidalitako burofaxaren ondorioz ez nintzen izutu, Guardia Zibilaren aurrean milaka aldiz korri egindakoa bainaiz», zioen txantxetan. Etorkizuna ere «lasaitasunez» ikusten du, enplegu erregulazioan legezkoak ez ziren zatiak aldatu besterik ez baitituzte egingo, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.