Georgia Nikoletu 24 urteko gazte bat da, alaia eta bizkorra. Aurpegia zeharo aldatu zaio bere lan egoeraz mintzatzean. «Hilaren bukaerara iritsi eta alokairua ordaintzeko, bi tokitan lan egin behar dut. Nire lagun gehienak ere berdintsu dabiltza. Eta, hala ere, ezin batere kapritxorik izan», kexatu da Nikoletu. Analista lana egiten du kirol apustuen enpresa batean, eta kultur ikuskizunen produkzioan ere aritzen da. Iaz, Kiriakos Mitsotakisen gobernu kontserbadoreak bidea zabaldu zuen jendeak lan bat baino gehiago izan dezan, luzatu egin baitzuen lanaldia eguneko zortzi ordutik hamahiru ordura, astean 78 ordu osatzeraino.
Nikoletuk oroiminez gogoratzen du haurtzaroa, aita-amekin Greziako uharteetara oporretan joaten zenekoa, hori luxu hutsa baita orain, aberats jendearen eta atzerritarren kontua. «Soldatak gora ari dira, baina inflazioa baino gutxiago beti. Eta, halaxe, krisi baten gainean beste krisi bat etorri zaigu: euroarena, pandemia, Ukrainako gerra...», kontatu du, hasperen egin aurretik.
Langabezia %11 izanik, gazte batzuek ezkutuko ekonomian aritu beste erremediorik ez dute izaten, ekonomia mota hori %30 baita Grezian. Beste batzuek, ordea, nahiago dute ez arriskatu: ikuskatzaile batek harrapatuz gero, isuna ez du enpresariak bakarrik ordaintzen, baizik eta langileak ere 1.000 euro jarri behar izaten ditu.
«Soldatak gora ari dira, baina inflazioa baino gutxiago beti. Eta, halaxe, krisi baten gainean beste krisi bat etorri zaigu: euroarena, pandemia, Ukrainako gerra...». GEORGIA NIKOLETU24 urteko langilea
Grezia euroaren eremuan dagoenez, aurreko hamarkadako finantza krisian gobernuak ezin zuen dirua debaluatu, eta, ondorioz, soldatek balioa galdu zuten kolpetik. Aurreikuspen makroekonomikoak hobetu ahala, Mitsotakisek igo egin du gutxieneko soldata: apirilaren 1ean igo zuen azken aldiz, %6,4, hileko 830 euroraino. Demokrazia Berria eskuineko alderdi tradizionalak gobernuan eman dituen bost urteotan, laugarren aldia da gutxieneko soldata igotzen duena.
Turisten moduko prezioak
Gutxieneko soldata ez da inondik ere nahikoa hiri handietan bizitzeko, batez ere Atenasen, burbuila handia baitute etxeen sektorean. Bi gelako etxe bat errentan hartzeko, hilean 600 euro behar dira gutxienez. Eta hori ez da turistentzako moduko prezioan dagoen ondasun bakarra: erdialdean, kafe bat hiru euro dira gutxienez.
Krisian, atzerriko funtsek merke-zurrean erosi zituzten etxeak eta eraikinak, eta, orain, turistei ostatu emateko edo espekulazioan aritzeko darabiltzate haietako asko. Atenasko gazte askok ezin dute alokairurik ordaindu, eta hainbat gutxiago hipotekarik. «Kontuak egiten hasi lagunekin, eta 45 urterako hipotekak behar genituen, erokeria bat», bota du Nikoletuk.
«Greziako gizarteak ezkor begiratzen dio etorkizunari. Antsietaterik handiena duen herrialdea gara Europako Batasunean. Jendea konturatzen hasia da sekula ez garela suspertuko, ez dugula izango krisiaren aurreko bizimodua», adierazi du Dimitris Kristopulos-ek, Panteion Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedradunak. 2010era arte, Greziako bizi maila pareka zitekeen Europako hegoaldeko beste herrialde batzuetakoarekin, hala nola Espainiakoarekin eta Portugalgoarekin. Barne produktu gordina %25 jaitsi zenetik, ordea, Europan behe-behean dabil pertsonako BPGari dagokionez, atzetik Bulgaria bakarrik duela. «Errumania ere aurretik jarri zaigu», deitoratu du, etsita, Kristopulosek.
«Antsietatetik handiena duen herrialdea gara Europako Batasunean. Jendea konturatzen ari da ez dugula izango krisiaren aurreko bizimodua».DIMITRIS KRISTOPULOSPanteion Unibertsitateko katedraduna
Grafiti batzuk daude Kristopulosen bulegoaren ondoko paretetan. Beste batzuk ezabatu egin dituzte, baina orban bat utzi dute, pareta baino gris argiagoa. Bazter batean, hortxe daude ordenagailu zahar batzuk, kartoizko kutxa batzuetan sartuta, hautsa pilatzen, aspaldi norbaitek hor utzi balitu bezala, ahaztuta. Grezian, badirudi denbora gelditu egin zela orain dela hamar urte. «Ikasleek bi hilabete eman ditugu borrokan unibertsitatea pribatizatzeko planaren kontra, konstituzioaren kontrakoa baita», esan du Nazioarteko Harremanetako ikasle batek, Georgios Mastrioyanis-ek, esplikatu nahian zeri buruzkoak diren campuseko paretak koloreztatzen dituzten grafitiak.
Troika izenekoarekin, hau da, nazioarteko finantza erakundeekin hitzartutako neurri horien alternatiba zera zen, eurotik atera eta diru nazionala berreskuratzea, drakma. Horixe egin nahi zuen Syrizak jarritako lehen Finantza ministroak, Giannis Varufakis-ek. Lehen ministroak, ordea, Syriza alderdi progresistako Alexis Tsipras-ek, nahiago izan zuen ezin iragarrizko ondorioak ekarriko zituen erabaki hura ez hartu, amildegian salto egitea zelakoan. Horren ondorioz, Varufakisek dimisioa aurkeztu zuen.
Stelios informatika programatzailea da, 38 urtekoa, eta uste du nahitaezkoa zela egitura egokitzea, baina ez du begi onez ikusten nola egin zen moldaketa. «Syriza ez zen ausartu sistemaren interesen kontra ezer ere egiten. Sektore publikoan ustelkeria handia dago Grezian. Nire ezagun batek, iruzur egin, eta bere bi haur txikiak funtzionarioen tokian jarrita kobratzen zuen. Denen artean, 190.000 irabazten zuten urtean», kontatu du Steliosek. Zerga ihesari ere ez zioten buru egin behar bezala, nahiz eta Grezian handia izan ezkutuko ekonomia. «Gobernuak errazera jo zuen, eta zergak igo zizkien lehendik ere zergak ordaintzen zituztenei», nabarmendu du.
«Syriza ez zen ausartu sistemaren interesen aurka ezer egiten. Nire ezagun batek, iruzur egin, eta bere bi haur txikiak funtzionarioen tokian jarrita kobratzen zuen. Denen artean, 190.000 euro irabazten zuten urtean».STELIOSProgramatzailea
Nick Malkutzis-ek, Makropolis think tank-aren zuzendariak, uste du moldaketa gogorregia izan zela, eta ez arrazoi ekonomikoengatik ezarria, baizik eta irizpide politiko eta moralengatik. «Europa iparraldekoek zigor bat jarri nahi izan zieten greziarrei, eskarmentuan sartu. Dirua alferrik gastatu izana leporatu zieten, eta diru gehiegi eta bizkorregi itzultzera kondenatu», gogoeta egin du ekonomialariak. Haren ustez, ez zegoen zertan itxi hainbeste enpresa, ezta zertan kendu ere hainbeste lanpostu.