Datorren asteko ostiralean, hilaren 27an, egingo dute ekonomista euskaldunen hirugarren topaketa. Gasteizen egingo dute aurten, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta inoizko babesik handienarekin, gainera. Batzarra UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatzen badute ere, beste zazpi erakunderen babesa izango baitute. Horien artean daude EHU, MU, Deustuko Unibertsitatea, Gaindegia, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Euskaltzaindia eta Gasteizko Udala. Duela lau urte egin zituzten jardunaldiok aurrenekoz, Donostian, eta berrogei bat laguneko «masa kritiko bat» elkartzea lortu zuten antolatzaileek. Aurten, baina, «jauzi kualitatibo bat» egin nahi dutela adierazi dute, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako.
Aurreko bi aldietan ez bezala, gai bakarraren bueltan egingo dute biltzarra aurten: oinarrizko burujabetza ekonomikoa landuko dute, hau da, estatu egiturak eraikitzeko ezinbestekoak diren prospekzio egiturak. Gaiaren askotariko ertzak aztertuko dituzte hainbat hizlarik, hain zuzen ere. Demografiaz arituko da Igor Etxabe (EHU), uraren kudeaketaz Iñaki Antiguedad (EHU), naturaren balioez Unai Pascual (BC3, Ikerbasque), Euskal Herriko Laborantza Ganberaz Iker Elosegi (EHLG), eta energiaz Aritz Txokarro (Energia Gara). Arratsaldean, berriz, mahai inguruak egingo dituzte.
Oskar Arantzabal UEUko ekonomia saileko arduradunak azaldu duenez, azken urteetako testuinguruak berak eraman ditu gai hori aukeratzera. Pandemiak lehenik, gerrak gero eta klima aldaketak ostean hizpidera ekarri baitute gaia. «Pandemia garaian, oso oinarrizko galderetara itzuli zen jende asko. Konturatu ginen, adibidez, musukoak Txinatik ekarri behar genituela hegazkinez. Bidasoko muga ere itxi egin zuten, eta batzuek komeriak izan zituzten gainditzeko, muga hori ez baikenuen guk jarri. Elikagaiei dagokionez ere, paradisu gastronomiko bat sortu dugu turistak erakartzeko, baina hemen ekoizten duguna ez da %10era iristen», adierazi du Arantzabalek. «Energia, elikadura, ura... Oinarrizkoak diren gauza asko ez daude gure esku. Eta horrek guztiak zer pentsa ematen digu gure burujabetzari buruz».
Hitzaldiak grabatu egingo dituzte, baina ez dituzte zuzenean emango; egun batzuk pasatuta jarriko dituzte ikusgai sarean. Liburu batean ere jasoko dituzte, antolatzaileek iragarri dutenez.
Plaza, «mugarri»
Euskaraz hausnartzeko eta eztabaidatzeko plaza bat eskaintzea da topaketaren helburua, baina baita adituen eta profesionalen sarea «trinkotzea» ere, Ane Sarasua UEUko zuzendariak esan duenez. Ekonomiaren arloan badu garrantzia ahalegin horrek, euskararen presentzia oso apala baita sektore horretan, Ekonomisten Euskal Elkargoko kide Estrella Sanchezek gogorarazi duenez: «Ekonomisten profesioa eta, oro har, profesio gehienak, oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz eginda ere. Lan mundurako saltoa bermatu beharraren ajeak».
Bada, elkartea euskalduntze bide horretan urratsak egiten ari dela nabarmendu du Sanchezek, oraindik orain «txikiak» badira ere. «Lan munduan lanbide hau euskalduntzeko eta ekonomia alorrean euskara bultzatzeko konpromisoa du elkargoak», azpimarratu du. Helburu horri lotuta, Ekonomialarien Euskal Biltzarra «mugarri» izatea nahi dute.