Zortzi metro baino luzeagoak diren ontziek ezingo dute Bizkaiko golkoan arrantzarik egin 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra. Neurri horrekin, izurdeak eta beste zetazeo txiki batzuk nahi gabe arrantzatzea eragotzi nahi du Europako Batzordeak.
Espainiak, Frantziak, Belgikak eta Portugalek egin zioten gomendioa Bruselari, eta aintzat hartu du hark. Datozen bi hilabeteetan Europako Parlamentuak edo Kontseiluak kontrakorik esaten ez badute, indarrean sartuko da datorren neguan, zientzialarien arabera izurdeentzat arrisku handienekoa den garaian.
Arau berriak 300 itsasontzi ingururi eragingo die, eta adierazitako epea portuan igaro beharko dute. Ez hori bakarrik, urte guztian bete beharko dituzten neurri batzuk ere ezarri baitizkie Bruselak: ontzietan disuasio tresna akustikoak derrigorrez erabili behar izango dituzte, eta zetazeo txikiei urte osoan egin beharko diete jarraipena, behatzaileen eta kameren bidez.
Helburu nagusia da euskal kostaldean hildako izurde edo zetazeo txiki gehiago ez agertzea, azken urteetan zenbait alditan gertatu baita hori. Batzordeak abisua eman du, gainera: datorren urtean arretaz aztertuko du zer gertatzen den, eta, beharrezkoa bada, neurri gehiago hartuko ditu.
Lapurdiko aurrekaria
Ez da euskal kostaldeari eragiten dion gisa horretako lehen erabakia. Iaz, Frantziako Gobernuak debekatu zien itsasontzi handiei arrantza egitea, urtarrilaren 20tik otsailaren 22ra. Lapurdiko arrantza saileko ordezkariek galera handiak izan zituztela salatu zuten orduan, milioi bat eurotik gorakoak. Frantziako Gobernuak kalte ordainak hitzeman zizkien.
Arrainaren prezioak ere %81 egin zuen gora. Garai horretan, besteak beste, sardinak, sareko legatza, mihi arraina, lupia eta zapoa harrapatzen dira.
Edonola ere, baxurako ontzientzat urteko arrantzaldi nagusia martxoan hasten da, berdelarekin eta antxoarekin.