Hil egin da urriaren 17an Viuda de Sainz enpresan istripua izan zuen langilea

52 urteko beharginak kolpea hartu zuen begi batean, motor bat konpontzen ari zela. Larri zaurituta, Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta, Osalanek jakinarazi duenez, hilaren 24an hil zen.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek gaur Donostian egindako protesta. LAB
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek gaur Donostian egindako protesta. LAB
Irune Lasa.
2024ko urriaren 29a
12:35
Entzun

Laneko heriotzen zerrendak luzatzen jarraitzen du Euskal Herrian. Osalanek azaldu duenez, hil egin da urriaren 17an Zierbenan istripu larria izan zuen 52 urteko behargina.

Viuda de Sainz eraikuntza enpresak Abantoko (Bizkaia) El Campillo industrialdean dituen tailerretan jazo zen ezbeharra. Behargina hondeamakina baten motorra konpontzen ari zen, eta kolpea hartu zuen begian; oraindik argitzeko daude istripuaren nondik norakoak. Larri zaurituta, langilea berehala eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Urriaren 24an zendu zen. LAB sindikatuaren arabera, beharginak bost urtetik gora zeramatzan lanean Viuda de Sainz enpresan.

Aurreko astean beste behargin bat zendu zen, hura ere aurretik lan istripu batean larri zauritutakoa. Haren ezbeharra Zornotzako (Bizkaia) Maderas Etxeari enpresan gertatu zen, urriaren 15ean. 59 urte zituen, eta hiru metrotik erori zen, eta larri zauritu. DANA-AIR azpikontratarentzat lanean ari zen, konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanetan. Behargina urriaren 24an zendu zen.

ELAk arbuiatu egin du lan istripuen eta lan heriotzen kopuru handia, «bereziki eraikuntzaren sektorean». ELAk Euskal Herrian laneko 49 heriotza zenbatu ditu aurten. Sindikatuaren arabera, Osalanen datuak ikusita, «EAEn iaz eraikuntzaren sektoreak izan zuen intzidentzia tasarik handiena».

ELAk uste du enpresek ez dituztela prebentzio eta babes neurri oinarrizkoenak betetzen, eta erakundeak ez direla eraginkorrak. Jaurlaritzari eskatu dio «bere agendan lehentasuna eman diezaiola gai horri, laneko arriskuen prebentzioaren arloan legea ez betetzeari eraginkortasunez aurre egiteko eta berriro ez gertatzeko beharrezko baliabideak emanez». Elkarretaratzea iragarri du ostegun goizerako, Bizkaiko ASCOBI patronalaren egoitzaren aurrean.

50 heriotza

LABek egindako kontuen arabera, azken bi heriotza hauekin 50 pertsonara handitu da laneko heriotzen zerrenda. Hain zuzen, gaur, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek pankarta erraldoiak jarri dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, lelo honekin: «50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte».

Sindikatuak azpimarratu du larria dela erorikoen kopurua: «Azken hamar urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 82 langile hil dira erorita, gehienak eraikuntzaren sektorean. Zornotzako heriotza honekin, urte hasieratik hamar langile hil dira arrazoi horrengatik Euskal Herrian».

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiruk deituta, laneko azken heriotza hauek salatzeko kontzentrazioa egingo da ostegun eguerdian Bilbon, Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.