Zendu egin da joan den ostiralean Iturenen (Nafarroa) lan istripu bat izandako behargina. 44 urteko gizonezkoa da, Donamariakoa (Nafarroa). Eraikin batetik amildu zen, lau metrotik, eguzki oihal bat jartzen ari zela. Oso larri zauritu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten segituan. ZIUan erietxeraturik izan da ordutik, larri; atzo arte.
Hildakoa zurgin ibilia zen urteetan, baina eraikuntzaren sektorean egiten zuen lan orain, autonomo.
LABek ohar bat argitaratu du Iturenen izandako istripua gaitzesteko. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, oroitarazi duenez, 2022an 57 langile hil dira Euskal Herrian; horietako hamalau Nafarroan hil dira.