ELA sindikatuak jakinarazi duenez, atzo hil zen aurreko astean Zornotzako (Bizkaia) Maderas Etxeari enpresan lan istripua izan zuen behargina. Izatez, Dana-Air enpresako langilea zen, baina azpikontratatuta ari zen lanean Maderas Etxeari konpainian, konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanetan. Ezbeharra urriaren 15ean jazo zen, Boroako industrialdean. Lanean ari zen zurezko zorua hautsi egin zen, eta langilea hiru metrotik erori zen.
Sindikatuen zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik 49 langile hil dira Hego Euskal Herrian. Horietatik zortzik toki garai batetik erorita galdu dute bizia. Joan den astean, bi hil ziren. Bata, Loiun (Bizkaia): pabiloi baten teilatuan garbiketa lanak egiten ari zen 47 urteko langile bat erori eta hil egin zen. Bestea, Olleta kontzejuan, Leozen (Nafarroa): telefono zutoin batean ari zen beharrean.
ELAk salatu duenez, lanean hil edo larri zauritutakoen erdiei segurtasun neurriak falta zitzaizkien, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die kontrol neurriak indartzeko; besteak beste, ikuskariak ugaritzeko.
ELAk doluminak helarazi dizkie familiari eta lankideei, eta azaldu du elkarretaratze bat egingo dutela hurrengo astean, lan heriotza hori eta orain arteko gainerakoak salatzeko. Izan ere, sindikatuak salatu du istripuaren atzean «prebentzioan inbertsiorik ez egitea, jardueren koordinazio desegokia eta lan baldintzen prekaritatea» daudela, eta gehitu «lan baldintza duinak, osasungarriak eta seguruak» eskatzen jarraituko dutela.