Hidrogenoaren Euskal Korridoreak EBtik lortu nahi du diruaren %30

58 enpresa ari dira lanean, eta jada 41 proiektu daude abiatuta. Aurten bertan 200 milioi euro inbertituko dira korridorean. 2023 hasieran nahi dute lehen hidrogeno kargalekua, Abanton

Hidrogenoaren Euskal Korridoreak EBtik lortu nahi du diruaren %30.
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Zenbat diru espero du Hidrogenoaren Euskal Korridoreak Europako funtsetatik? Jose Ignacio Zudaire Korridoreko presidenteak azaldutakoaren arabera, proiektu gehienetan inbertsioaren %30-40 inguru lagundu beharko litzateke gutxieneko errentagarritasun bat izateko. Horrek esan nahi du 450-600 milioi euro beharko liratekeela Europatik, hurrengo bost urteetan Korridorean 1.500 milioi euro inbertituko direla kalkulatzen baitute.

Zudairek uste du iritsi dela «egiaren unea» Next Generationeko diruekin: «Garaia da gauzak aktibatzeko». Kazetariekin izandako informazio jardunaldi batean azaldu duenez, «korridorea oso ondo dago kokatua funts horiek jasotzeko, elkarlaneko proiektu bat delako, balio kate osoa hartzen duena, eta industria eta teknologia garatu nahi dituena». Hidrogeno proiektuei lotutako Next Generation funtsetako lehen bi deialdiak abenduan egin ditu Espainiako Gobernuak. «Ikusiko dugu orain gauzak bizkortzen diren».

Hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenera joango dira Hidrogenoaren Korridorearen lehen indarrak, eta egitasmo nagusiak hiru elektrolizagailuren inguruan eratuko dira.

Lehen elektrolizagailua

Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian, 2,5 MWeko elektrolizagailua izango dute hidrogenoa sortzeko. Nortegasen hidrogeno bide batek bi kilometrora garraiatuko du hidrogeno hori, Abanton eraikitzen ari diren Energy Intelligence Centre delakora.

Izan ere, eremu horrek mugikortasun parkea hartuko du, zeinak hidrogeno kargalekua izango duen, ibilgailu astunak zein arinak hornitzeko. Asmoa da logistika gune bat ere eratzea, hidrogenoa kamioietan errepidez garraiatzeko beste hidrogeno kargaleku batzuetara. Eta hidrogenoz autobus flotak Abanton karga geldoz hornitzeko modua ere aurreikusten ari dira.

Zudairek azaldu duenez, Petronorreko elektrolizagailu horretatik sortutako hidrogenoa baliatu ahal izango da Gipuzkoako Aldundiak ezarri nahi duen hidrogeno kargalekurako. «Gipuzkoako Aldundiak proiektua du hidrogenoa lortzeko Zubietako erraustegiaren hondakin gasetatik. Han biogasa sortzen dute, eta asmoa dute gas horretatik hidrogenoa lortzeko, lurrun bidezko erreformatuarekin (steam reformer). Hondakinei balioa emateko modu bat da».

Zudaireren arabera, Zubietako hidrogeno hori kargalekura garraiatuko litzateke —oraindik ez dago zehaztuta non jarriko duten—, han autobusak hornitzeko. «Guk logistika egingo genieke, hidrogenoaren garraioa; eta dena delakoagatik Zubietatik ezingo balitz kargalekua elikatu, guk Bizkaian ekoiztutakotik hornituko genuke».

Portuan eta findegian

Abantoko parke teknologikoa laster iritsiko da. 2023. urtean abian nahi dute, eta 32 milioi euroko inbertsioa hartuko du.

Elektrolizagailu handiago bat, hamar MWekoa, Bilboko portuan egongo da, erregai sintetikoak ekoizteko Petronorren lantegia elikatzeko. 2024. urtearen hasierarako nahiko lukete lanean elektrolizagailu hori.

Eta, ondoren, 2025. urtearen hasieran iritsi beharko luke 100 MWeko elektrolizagailuak, Petronorren Muskizko findegia bera hidrogeno berriztagarriz hornitzeko. «Eta saiatzeko deskarbonizatzen hurbileko siderurgiaren kontsumoren batzuk, hala nola Celsa Nervacerorenak eta Arcelorrenak, zuzeneko hidrogeno bideak erabiliz».

Nortegaseko Izaskun Gorostiagak esan du Abantorako hidrogeno bideaz gain beste proiektu bat badutela, lantzeko eta frogatzeko hidrogeno berriztagarria nola nahastu gas naturalarekin, «kontsumo desberdinak deskarbonizatzeko».

Elektrolizagailuen sorkuntza handitu ahala, kontsumitzaile handientzako hidrogeno bide bereziak eraikitzeko negozioa ikusten du Nortegasek, eta baita aurrerago ere egingo litzatekeen arteria moduko bat, Ezkerralde guztian zehar joango litzatekeena Bilboko Zorrotzaurreraino, Bilboko portuan sortutako hidrogenoa garraiatzeko, gas naturalarekin nahasita kontsumo jakin batzuk hornitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.