Hidrogenoaren Euskal Korridorearen azken hiru urteetako ibilbidea aztertu du CHM Clean Hydrogen Missionek, eta hautatu du munduan eredu diren zortzi hidrogeno haranetako bat izateko. Gaur egun, horrelako 98 haran daude munduan. Zortzi haran eredugarrien zerrendan, bi soilik dira Europakoak eta horietako bat da euskal korridorea.
CHMren helburua da «hidrogeno garbiaren kostu lehiakortasuna handitzea, 2030. urterako hidrogeno garbi tonak bi dolarreko preziora murriztu dadin». Bide horretan, hidrogeno inguruko teknologien demostraziorako, hidrogenoen haranak sustatzen ditu, ekoizpenetik kontsumorainoko balio kateen integrazioa egiten dutelako.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea 2021ean eratu zuten, eta batez ere industriara begira eratu delako hartu du eredutzat CHMk. Gaur egun 52 proiektu ditu korridoreak esku artean, eta elkarlan publiko-pribatuan ari diren enpresen artean daude Petronor, Nortegas, CAF, Irizar, Talgo eta Sarralle.
Etorkizunera begira, Petronorrek 130 megawattteko elektrolizagailua ezartzeko asmoa du —badu jada 2,5 megawatteko bat— hidrogeno berriztagarria, haren aldaerak, eta erregai sintetikoak ekoizteko.
Ikusi gehiago