BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridoreak mugarri izango duen pauso bat eman du. Bilboko Euskalduna jauregian, Elkarlanerako Memoranduma sinatu zuten atzo78 erakundek, eta, horren bitartez, erakutsi zuten parte hartuko dutela proiektu handi honetan. Horietako sei erakundeak dira; hamabi, zentro teknologiko eta garapen zentroak; eta gainerako 58ak enpresak dira, asmoa dutenak proiektu batean edo batean baino gehiagotan parte hartzeko. Horien artean daude Petronor, Nortegas, Sener, Sidenor, Ingeteam, CAF, Irizar, Ampo, Murueta, Erreka, Tubacex eta Tubos Reunidos.
BH2C egitasmo handia da, 1.300 milioi euro inguruko inbertsioa egingo baitu 2020 eta 2026 bitartean. Zuzenean gutxienez 1.340 enplegu sortu nahi ditu, eta zeharka, beste 6.700. Asmoa da urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, eta karbono dioxido isuriak urtero milioi eta erdi tona murriztea.
«Industriaren aldeko apustua da», esan zuen Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak, «elkarrekin egin beharrekoa». Onartu zuen ez dela erraza hidrogenoaren inguruko ekonomia bat sendotzea, eta ahalegina eta bultzada publikoa eskatuko duela. «Ez da marketin distiraldi bat; eta ez gara ekonomia finantzarioaz ari». Lopez Atxurraren arabera, «jabetuta egon behar dugu kokapen geografiko pribilegiatua dugula. Atlantikoko euroeskualde baten ardatz teknoindustriala gara».
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ere azaldu zuen Europan gertatzen ari den mugimenduaren parte gisa ulertu behar dela korridorea. Europako funtsetarako hautagai sendoa da BH2C, «eta hortik dirua badator, ondo etorriko da aurrera bizkorrago egiteko, baina egin egingo da dirurik ez badator ere».
Europako funtsei dagokienez, baikor egoteko arrastoak eman ditu Raul Blanco Espainiako Industriako idazkari nagusiak, esan baitzuen Euskal Korridorea «mugarri bat» dela, eta «lehen lerroan» egongo dela «Errekuperazio, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren esparruan gertatuko den guztian.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea eratu dute 75 erakunde eta enpresak
Sei urtean 1.300 milioi euro inbertitu nahi dituzte, eta 8.000 lanpostu sortu, horietatik 1.340 zuzenekoak. Hidrogenoarentzako gasbide bat eraiki nahi dute Bilboko portutik Zorrotzaurreraino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu