Nortegasek bere hodi sarea erabili nahi du hidrogenoa etxeetara eta industrietara banatzeko etorkizunean, eta hori posible den aztertzeko proiektu bat jarri du abian. H2Sarea jarri dio izena, eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen barruan dago. Iazko otsailean aurkeztu zuen egitasmoa, eta orain jarri du martxan. Plantabat jarri du Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia), saiakeraren ondorioak ikertzeko.
Nortegasek uste du banaketa eredu horrek hidrogenoaren aldeko apustua finkatzen lagunduko duela, etorkizuneko energia berriztagarrien erabilerari eta deskarbonizazio prozesuari begira. Eta hidrogenoaren hedapena ere nabarmen bizkortuko luke, agerikoa denez. Horretarako, baina, jakin nahi du zein ondorio izan ditzakeen hidrogenoa eta gasa azpiegitura berean nahasteak. Bada, biltegietatik hasi eta kontsumitzailearen azken loturarainoko prozesua ikertuko du Zamudioko zentroari esker. Beharrezkoak diren osagaiak eta materialak garatzeko ere baliatuko du gune hori.
Hiru urteko epean garatuko dute ikerketa proiektua, eta emaitzak bi urte barru jasoko dituzte. Nortegas da proiektuaren sustatzaile nagusia, baina beste euskal enpresa batzuk ere ari dira egitasmoan parte hartzen: hala nola ABC Compresores, CAE-Fidegas, H2Site, Erreka Fastening Solutions eta Orkli.
«Hidrogenoaren banaketak eraginkorra izan behar du, eta gasarekin nahasteak eraginkortasuna areagotzen duela uste dugu, bai denborari dagokionez, eta baita kostuari dagokionez ere», azaldu du Iñaki Alzaga Nortegaseko presidenteak. Konpainiaren sarearen garrantzia azpimarratu du, zeinak 8.500 kilometro baino gehiago dituen: 4.500 kilometro Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta beste 4.000 Espainia iparraldean.
H2Sarea «proiektu estrategikoa» dela nabarmendu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta gogorarazi du hidrogenoaren inguruko «ekosistema bat» garatzea duela helburu Hidrogenoaren Euskal Korridoreak. Horregatik, elkarlanaren aldeko aldarria egin du, trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko.
Hain zuzen ere, Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak adierazi du pandemiak eta Ukrainako gerrak trantsizio hori azkartu baino ez dutela egin. Korridorearen egitasmoak 1.300 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dauka, eta kalkulatu dute zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako beste 6.700 sortuko dituela.
Beste proiektuak
Nortegasek bere negozio ereduaren ardatz estrategiko gisa jarri du hidrogenoa. «Traktore» izan nahi du haren distribuzioan, baina, H2Sareaz gain, beste proiektu batzuk ere baditu. Urte honen amaieran martxan jarriko du lehen hidrogeno gasbidea, zeinak Petronorrek ekoitzitako hidrogenoz hornituko duen Abantoko Teknologia Parkea, baita Zornotzan (Bizkaia) eraiki asmo duten hidrogeno berdea ekoizteko planta ere, besteak beste.