David Cebon. Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea

«Hidrogenoa beti izango da argindarra baino askoz garestiagoa»

Cebonek argi du argindarra dela errepide bidezko garraio astuna deskarbonizatzeko bidea, eta horretarako errepideak elektrifikatu behar direla. Uste du baztertu egin behar direla erregai sintetikoak eta hidrogenoa.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Munduko garraio eta mugikortasun aditu handienetako batzuk Bilbon elkartu dira aste honetan. ITSS Garraio Adimentsuaren Nazioarteko Elkarteak, Tecnaliarekin lankidetzan, Euskalduna jauregian antolatu du bere urteroko bilkura. Bertan hartu du parte David Cebonek, Salgaien errepideko garraioa deskarbonizatzeko etorkizuneko aurreikuspenak hitzaldia eginez. Ingeniaritza mekaniko irakaslea da Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ingeniaritza Errege Akademiako kide.

Deskarbonizazio prozesuko erronka handienetako bat errepide bidezko garraio astuna da. Lor al daiteke eremu horretan?

Bai. Egin behar den lehen gauza da ahalik eta ibilgailu gehien elektriko bihurtzea. Ibilgailuen karbono emisioaren herena hirietan sortzen da, eta horiek erraz elektrifika daitezke. Hirian zehar banaketak egiteko edo zaborra biltzeko kamioiak edo autobusak ere elektrikoak izan daitezke, etagauez kargatu. Eta kamioi astunekin, antzera.

50 tonako kamioia argindarrez mugitzerik ba al dago?

Bai. Egun zentzuzko erabakia da kamioi elektrikoa erostea, ondo ibiliko da. Teknologia asko garatu da. Gero, emango diozun erabileran pentsatu behar duzu, bateriaren eta kargaren tamainaren araberakoa. Ez dago arazorik kamioi elektrikoak erosteko, kontua hura argindarrez kargatzea da. Haien eguneroko jardunean asko eragin gabe nola kargatu da erronka, eta, ahal bada, gelditu gabe.

Denbora aldagai garrantzitsua da garraioaren sektorean.

Ibilgailuak argindar sarera lotzeko erremintarik aproposena karga lasterra da egun. Megawatt indarra duten kargagailuak garatzen ari dira. Oraingoz, prototipoak dira, baina urte pare batean horrelako kargalekuak hedatuko dira. Horrelako batekin kamioia 45 minutuan edo ordubetean kargatu ahal izango da. Teknologia badago, kontua da erabiltzeko aukera dagoen. Europan kamioi gidariek 45 minutuko geldialdia egin behar dute lau ordu eta erdian behin, legeak dioene. Eten hori balia dezakete kargatzeko. Beste aukera biltegietan, saltoki handietan... kargatzea da, karga edo deskarga etenak baliatuz.

Errepide elektrifikatuak aipatudituzu zure hitzaldian. Zientzia fikzioa dirudite.

Errepide elektrifikatua abantaila handia da eraiki badezakezu. Teknologia horrek ibilgailuak martxan dabiltzala kargatzea ahalbidetzen du. Nik gehien ikertu eta ikusi dudan aukera tranbiek dituztenen antzeko argindar ukipen lerroak dira, gainetik doazenak. Autobide osoan jartzea litzateke gakoa. Autobideak Europako errepide sare osoaren %10 dira, eta kamioia ibili ahala kargatuko litzateke. Gainetik doazen linea horietatik lortuko luke argindarra. Arazoa autobideetatik urrun dauden guneetan legoke, eta, kasu horietan, kargaleku estatikoak beharko lirateke. Sistema honekin asko txikituko lirateke kamioien bateriak, agian heren batera. Horrek kamioia arinagoa bihurtuko luke, eta merkeagoa.

Autoen bateriak oso astunak dira. Kamioien kasuan ze pisu izango lukete? Zama beste gako handi bat da garraioan.

Kamioien %65 kargaren tamainak mugatzen ditu, ez pisuak. Bolumen handiko salgai arinak garraiatzen dituzte. Beste %35ek, gai astunak garraiatzen dituzte: altzairua, mineralak... Horiek bateria astunekin garraiatzea zailagoa litzateke, baina errepideak elektrifikatuz gero bateria txikiagoak beharko lituzkete. Errepide horien beste abantaila bat: kargaleku gutxiago beharko lirateke.

Hidrogeno berdea aukera posiblea al da kamioi astunentzat?

Ez. Ikusten ari gara hidrogeno azpiegiturak ixten ari direla Europan. Kamioien kasuan arazoa da hidrogenoa erabiltzen duten kamioien prezioa elektrikoen bikoitza dela, eta haietara energia eramatea hiru aldiz garestiagoa. Hidrogenoz dabilen kamioia beti izango da elektrikoa baino askoz garestiagoa. Hidrogeno kamioia gainera elektrikoa da funtsean, motorra elektrikoa delako. Gero, hidrogeno erregai tankea dago, eta konplexuak dira: material garestiak behar dituzte, segurtasuna zaindu behar da... Oso garestiak dira.

Itxaropenik ikerketan?

Kamioi elektrikoaren osagai garestiena bateria da, baina egun munduko automozio industria osoa bateriak nola merkatu ikertzen ari da. Ziur egon gaitezke merkatuko direla. Hidrogeno tankeen edo beste erregai batzuen zeldak ikertzen ari diren konpainiak, aldiz, gutxi dira, eta ez dirudi laster aldaketa handirik dagoenik. Autogintza industria 50 aldiz handiagoa da. Ziur egon gaitezke kamioi elektrikoak hidrogeno zeldazkoak baino merkeagoak izango direla. Hidrogeno autobusen proiektuak bertan behera gelditzen ari dira mundu osoan. Oso garestiak direlako alboratu dituzte, eta gauza bera ikusiko dugu kamioiekin.

Beste aldagai bat hidrogenoa lortzeko prozesua da. Ez da eraginkorra: elektrolisia, hidrogenoa konprimatu, deskonprimatu... Argindar asko galtzen da. Hidrogenoa lortzeko prozesua argindarrarekin hasten duzu, eta prozesuaren eraginkortasuna %25ekoa da. Horrek esan nahi du energiaren hiru laurdenak alferrik galdu dituzula. Gero, energia hori ez da doakoa, haize errotak, eguzki panelak edo zentral nuklearrak eraiki behar dituzu, eta ez duzu hori guztia eraikitzen energiaren hiru laurdenak bidean galtzeko. Errepideak elektrifikatzeko erabiltzen bada, aldiz, eraginkortasuna %80koa da.

Zer iritzi duzu erregai sintetikoen inguruan?

Oso garestiak direla. Hidrogenoa eginez hasi behar duzu, gero karbonoa harrapatu, eta, orduan, energia gehiago galtzen duzu erregaia egiten. Duela gutxi logistika enpresarik handienetako batekin hitz egin nuen, hegazkinak ere badituena. Esan zidan erregai sintetiko ekologikoa kerosenoa baino sei aldiz garestiagoa dela. Hor ez dago ezer egiterik. Ez dituzte erabiliko.

2035erako Europako Batzordearen debekuak ez die eragiten ibilgailu astunei. Zure ustez, salbuespen horrek ikerketa atzeratu dezake?

Erresuma Batuan eragiten die, 26 tonatik beherakoak ekoizteko muga 2035a da, eta hortik gorakoentzako 2040a. Logistika industriak muga horiek buruan izan behar ditu. Hark egingo dio tira, eta debekuaren datari eragingo dio. Gogoratu behar dugu kamioi baten bizitza hamabi urtekoa izan ohi dela. Berehalakoan ez bada gertatzen, hamar edo hamabi urteko beste ziklo bat itxaron beharko dugu kamioi elektrikoa hedatu aurretik. Legearen, kargaleku sarearen ugaritzearen, elektrifikazioaren... araberakoa izango da zabalkundea. Oraindik lan asko dago egiteko, baina asumitu behar dugu ibilgailu elektrikoek egingo dutela aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.