Hidrogeno planta handi bat eraikiko dute Boroako zentral termikoaren alboan

50 milioi euroko inbertsioarekin abiatuko dute «hidrogeno berdea» ekoizteko azpiegitura, baina aurrekontu osoa 300 milioi eurokoa da

Boroako zentral terminkoaren eraikuntza lanak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan hidrogeno ekoizpenari lotutako proiektuak hedatuz doaz Euskal Herrian, eta horien artean berezko garrantzia dauka atzo jakinarazi zutenak, haren inbertsio eta xede handiak direla eta. Hainbat eragileren akordioz, Boroako zentral termikoaren alboan hidrogeno berdea ekoizteko planta handi bat eraikiko dute 2022a bukatu aurretik, Zornotzan (Bizkaia). White Summit Capital trantsizio energetikoan diharduen nazioarteko funtsa da sustatzaileetako bat; Castleton Commodities International (CCI) Bizkaia Energiaren akziodun nagusia da bestea, hau da, ziklo konbinatuko zentral elektrikoarena; beste biak Nortegas Espainiako gas banatzailea eta Sener ingeniaritza enpresa dira. Inbertitzaile horiek 50 milioi euroko aurrekontuarekin abiaraziko dute proiektua, baina, azpiegitura bere gaitasun osoan aritzerako, 300 milioi eurokoa izango da inbertsio osoa.

Hogei megawatteko gaitasuna izango du plantak, eta Boroako zentral termikoaren alboan eraikiko dute, harentzat egindako gas eta argindar azpiegiturak baliatu ahal izateko. Urtean 1.500 tona hidrogeno berde ekoiztea jarri dute helburu gisa, horretarako energia berriztagarriak erabiliz. Sortutako hidrogenoaren zati bat Boroako zentral elektrikoan erabiliko dute (gasarekin dihardu), eta, modu horretan, haren CO2 isuriak gutxituko dituztela diote. Gainerakoa Nortegasen banaketa sarean sartuko dute, gas naturalarekin nahasteko. Halaber, bertako industriaren beharretarako nahi dute hidrogeno berdea, eta hidrogeno likidotu gisa erabiltzeko. Ekoizpen planta berriaren alboan, hidrogenoa erabiltzen duten ibilgailuentzako hornidura estazio bat egingo dute, gainera.

2022aren amaieran hidrogenoa ekoizten hasteko moduan izan nahi dute Zornotzako planta berria, eta 2030a baino lehen haren gaitasuna behintzat 200 megawattekoa izatea nahi dute. Aurreikusi dute azpiegiturak 300 milioi euroko inbertsioa eskatuko duela ordurako. Inbertsio handia da, baina Next Generation Europako funtsen laguntza eskuratzea espero dute sustatzaileek. Hala ere, langile gutxi jardungo dira zentralean, dozena bat inguru.

Sustatzaileek esplikatu dute hidrogeno garbia argindar iturri berriztagarrien bidez sortzen dela, eta, ondorioz, «energia garbia» dela, isuri kutsagarrietatik libre. Hura erretzean, soilik ur baporea isurtzen du atmosferara. Enpresetan edo etxeetan erabil daitekeela azaldu dute, eta «modu errazean» garraiatzen eta gordetzen dela.

Iazko hondarrean, Boroako ziklo konbinatuko zentrala erosi zuten planta berriaren sustatzaile nagusiek, Castleton Commodities International estatubatuarrak eta White Summit Capital suitzarrak. Shell konpainiak erosten du zentralean ekoitzitako energia. 2005eko urrian inauguratu zuten Boroako planta, eta martxan denetik igarotako hamalau urteetan, protesta ugari izan dira haren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.