Tentsioa gora doa hezkuntza komunitatean. Zenbait ikasketatako mailetan ikasturtea berriro aurrez aurre hasteko aukerak aldendu egin ditu sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta maiatzaren 25erako astebete baizik falta ez denean jakin da ELA sindikatuak greba mugagaberako erregistroa egin duela Lan Sailean. Maiatzaren 8an egin zuen jakinarazpen hori, lanuzte mugagabearen hasiera maiatzaren 19rako jarrita, baina, Gasteizko gobernuak itzulera 25era atzeratu ondoren, greba ere 25ean hastekoa litzatekeela jakinarazi dio sindikatuak Lan Sailari.
Hala, hezkuntzan grebara deitzeko legezko urratsa egina dauka ELAk, lanuztera deitu ala ez erabaki gabe duen arren. Edonola ere, ikasleak geletara itzultzeko markatu dituzten mailetan baino ez litzateke greba: Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan, DBHko laugarren mailan eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailetan. Gainera, Heziketa Berezian lanuztea egiteko aukera jasotzen du greba eskari erregistratuak.
Lanuztea erregistratzeak ez du ezinbestean greba deialdia ekarriko, baina erakusten du ELA noraino heltzeko prest dagoen Hezkuntza Sailak ikasgeletara itzultzeko duen planari aurre egiteko. Aste honetan, hezkuntzako sindikatuek hainbat batzar egin dituzte Cristina Uriarte sailburuaren erabakiak eta adierazpenak aztertzeko, eta aukera guztiak daude zabalik.
«Hau ez dugu onartzen»
LABeko Hezkuntzako idazkari Irati Tobarrek atzo esan zuen «ezinegona» eragiten ari dela sailaren jokabidea, eta langileen ordezkariak aztertzen ari direla «greba moduko tresna juridiko bat» baliatu edo ez. Ez dute erabakirik hartu oraindik, eta LAB «planto» egitearen aldekoa da, dagokion ikastetxeetan, «osasun eta segurtasun baldintzak» betetzen diren arte.
LABek lanuztera deituko balu,«piketeak egiteko» litzateke, Hezkuntza Sailari esateko «hau ez dugu onartzen». Sindikatuek ederki ulertzen dute elkar ikasgeletara itzultzeko auziaren inguruan, Tobarren arabera. Protestarako aztertzen ari diren aukeren berri publikoki ez ematearen aldekoak direla zehaztu zuen, «grebari buruz» baizik ez delako hitz egingo horrela eginez gero. «Albistea da hezkuntza komunitate guztia egiten ari den lana». Komunitate horretan sartu zituen, sindikatuekin batera, patronalak eta guraso elkarteak. «Ildo berean ari gara denak: horrela ezin dira bidali ikasleak eta irakasleak geletara. Ezinegon hori nabarmendu nahi dugu». Grebaren aukeraren gainetik, esan nahi baita.
Hezkuntza berezian zer?
Sindikatuen ildoan daude guraso elkarteak, LAB sindikatuaren ustez, baina hezkuntza bereziko guraso asko ikasgelak zabaltzeko eskatzen ari dira aspaldian, batez ere azken bi hilabeteotan aldi berean ari direnak mendekotasuna duten umeak zaintzen eta lanean. Fisioterapia, logopedia, uraterapia eta haur horien ongizaterako oinarrizkoak diren bestelako zerbitzuak ezin dira online ikasketarekin ordezkatu. Horiek horrela, Aspace aspaldian ari da aztertzen ikasgelak nola zabaldu, eta litekeena da maiatzaren 25ean hainbat gela zabaltzea, muturreko segurtasun neurriekin, eta gehienez ikasleen %40rentzat.
Nafarroan ere sindikatuak erabat aurka agertu diragobernuak ikastetxeak zabaltzeko dituen planekin. Ekainaren 1erako Batxilergoko 2. mailakoak hastea nahi du Iruñeak, baina itzulera «borondatezkoa» izango da. Hezkuntzako sindikatu guztiek elkarretaratze bat egin zuten herenegun, eta garbi esan zuten: «Ez gara klasera itzuliko, ez dagoelako itzultzeko baldintzarik ez beharrik». Bestetik, Ikasle Abertzaleak taldeak greba mugagabera deitu du.
Koronabirusa
Hezkuntzan greba egiteko jakinarazpena erregistratu du ELAk Lan Sailean
Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dio hilaren 25ean hasiko litzatekeen lanuzte mugagaberako dela eskaria. LABek dio ezer ez dela erabaki oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu