Auto autonomoak

Herri txikietara ere abiadura berean iristeko

Abaltzisketa eta Amezketa artean gidaririk gabeko auto bat probatzen ari dira. Proiektuaren xedea da landa eremua prestatzea ibilgailu autonomoak hedatzen direnerako.

Landago proiektuaren auto autonomoa, Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepidean. LANDAGO
Landago proiektuaren auto autonomoa, Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepidean. LANDAGO
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken asteetan ezohiko irudi bat ikusi da Abaltzisketa eta Amezketa lotzen dituen errepidean: kameraz eta sentsorez jositako auto bat ibili da han aurrera eta atzera. Donostiara ez da halakorik iritsi, baina Gipuzkoa barnealdeko herri txiki horietara bai. Zergatik? «Ez dugu nahi aurrerapen teknologiko hori landa eremurako beste arrakala bat izatea», azaldu du Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.

Landago izeneko proiektuari buruz ari da. Vicomtech zentro teknologikoarekin elkarlanean, azaroan aurkeztu zuten egitasmoa, eta lehen fasean datuak jasotzen ari da ibilgailua. Oraingoz gidariarekin dabil, oraindik ez da herritarrik igo autora, baina berandu baino lehen izango dute igotzeko aukera, ikertzaileen azalpenak entzuteko eta dituzten zalantzak argitzeko. Probak auto batekin ari dira egiten, baina aurrerago baliteke bi herriak lotzeko autobus txiki bat erabiltzea.

Arrutik argi du kotxe autonomoa «lehenago edo geroago» iritsiko dela, eta ordurako landa eremua prest izatea da proiektuaren xedea. «Erronka da, Donostiara iristen den une berean, Abaltzisketara, Gaztelura, Orexara, Beizamara edo Lizartzara heltzeko modua jartzea».

Horretarako, beharrezkoa da ibilgailu autonomoek errepideak ezagutzea. «Bidea nolakoa den, zer oztopo dituen, nolako aldapak, zer ustekabe gertatu daitezkeen... hori guztia tartez tarte jaso behar da, eta horrekin software bat osatu», esplikatu du Arrutik. «Asmoa da ibilgailu autonomoen ekoizleak iristen direnean haiei esatea: 'Tori, hemen duzue Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidearen informazio guztia'. Horrela erraztuko dugu teknologia hori herri txikietara iristea».

«Erronka da [ibilgailu autonomoa] Donostiara iristen den une berean, Abaltzisketara, Gaztelura, Orexara, Beizamara eta Lizartzara heltzeko modua jartzea»

XABIER ARRUTIGipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua

Vicomtech-eko Oihana Otaegik zehaztu duenez, gaur egungo funtzionalitateek landa eremuan nola funtzionatzen duten aztertzen ari dira orain, eta biltzen ari diren informazioa lagungarria izango da algoritmoak hobetzeko eta toki horietan bereziki garrantzitsuak diren elementuak detektatzeko. Adibidez, txirrindulariak, animaliak eta zuhaitzak.

Azpiegiturak moldatzea ere beharrezkoa delakoan dago. Bidegurutzeetan eta biribilguneetan seinale adimendunak jartzea lagungarri izan daitekeela esan du, eta ezinbestekoa dela errepideak ondo margotuta egotea. «Kalitate handiko kartografia digitala eta inguruneen modelatze zehatza ere ezinbesteko osagaiak dira». Txalotu du erakunde publikoek «aurrerapen nabarmenak» egin dituztela horretan, azpiegiturak digitalizatzen eta estandarrak ezartzen.

«[Ibilgailuen] Garapenarekin batera, testatze eta balidazio faseak ezinbestekoak izango dira»

OIHANA OTAEGIVicomtecheko garraio arloko zuzendaria

Arrutik kontatu du arrakalarik ez sortzea ez dela proiektuaren helburu bakarra: «Uste dugu lehenak izan gaitezkeela teknologia hori landa eremura egokitzen». Azaldu du Gipuzkoan ibilgailu autonomoak garatzen ari diren enpresa eta ikerketa zentroen ekosistema zabala dagoela, eta etorkizunean jakintza horren esportatzaile bilakatu daitezkeela. «AEBetan beste ikuspuntu bat dute, eta inork ez du buruan guk hemen dugun errealitate konplexua».

Teknologia, legea eta konfiantza

Helburuak betetzeko, proiektuaren sustatzaileek hiru erronka nagusi dituzte. Bat, teknologia garatzea eta balioztatzea. Otaegik argi du Europan gidaririk gabeko autoak ez direla hedatuko behar adina proba egin arte: «Garapenarekin batera, ezinbestekoak izango dira testatze eta balidazio faseak».

Bi, legediak auto autonomoei oniritzia ematea, gaur egun debekatuta baitago gidaririk gabeko autoak errepideetan ibiltzea. Badaude salbuespen batzuk ibilgailu horiek baldintza jakin batzuetan erabiltzeko, tokiko trafiko agintariek zehazten dituztenak. Horregatik, ikerlariak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin elkarlanean dabiltza, «erakundeek hobeto ulertu nahi baitute horrelako ibilgailuek nola funtzionatzen duten». Landago proiektuak atal espezifiko bat du legediaren arloari eskainia.

Landago proiektuaren kotxe autonomoa Abaltzisketako plazan. LANDAGO
Zenbait herritar Landago proiektuaren autoari begira, Abaltzisketan. LANDAGO

Eta hiru, herritarren konfiantza eskuratzea. «Jendeak igo egin behar du auto edo autobus txiki horretara. Soziologikoki sekulako aldaketa da, eta hori aztertu behar dugu, haiekin egon, zer beldur dituzten jakin...», esan du Arrutik.

Badabiltza horretan: Eurogap aholkularitza enpresak Amezketako eta Abaltzisketako bizilagunen iritziak jaso ditu. Oraindik ez dute amaitu ikerketa, baina Aitziber Larunbe zuzendariak aurreratu du herritarren harrera «espero baino hobea» izan dela, jakin-min handia erakutsi dutela, eta kezkek, nagusiki, segurtasunarekin eta erabilerarekin dutela lotura.

Atzean ez geratzeko

Egitasmoari ekin bezain pronto hasi dira herritarrekin hizketan. Izan ere, Larunbek uste du proiektuak herritarren onespena behar duela aurrera egiteko, eta haien iritzia entzun behar dela «benetan erabilgarria eta egokia izango den zerbitzu bat diseinatzeko».

«Herritarren iritzia jakin behar da benetan erabilgarria eta egokia izango den zerbitzu bat diseinatzeko»

AITZIBER LARUNBEEurogap aholkularitza zerbitzuko zuzendaria

Dena den, argitu du lehen fasearen helburua ez dela zerbitzua diseinatzea, baizik datuak biltzea eta teknologia garatzen hastea, «etorkizunean fabrikatzaileekin elkarlanean sortu ahal izateko benetan egokia izango den mugikortasun soluzio bat». Jada ari dira elkarlanerako aukerak aztertzen, «autogileak izango baitira ibilgailuen fabrikazioaz eta merkaturatzeaz arduratuko diren eragile nagusiak»: «Landago proiektuaren emaitzak baliagarriak izango zaizkie».

«Edozein berrikuntza hedatzen denean, atzean geratzen da beti landa ingurunea, lehendabizi hirigunera edo herri handietara eramaten baitira. Horrela sortzen dira arrakala berriak: batzuek aurrera egiten dute, eta besteak lehengo tokian geratzen dira», azpimarratu du Arrutik. Oraingoan abiadura berean joan nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.