Merkataritza

Herri txikietako dendak: erosketak, bertatik bertara

Janari dendarik gabe edo hala egoteko arriskuan egon izan dira Itsasondon, Ereñotzun eta Igeldon. Gaur egun, denda bana dute. Udalaren lokal batean dago denda Itsasondon eta Ereñotzun, eta, aldian-aldian, adjudikatu egiten da zerbitzuaren kudeaketa. Igeldon, kooperatiba batek egokitu du denda

Denda txiki bat, Itsasondon. JON URBE / FOKU
Miren Garate.
2023ko apirilaren 21a
11:56
Entzun

Herriko ostatuarekin batera, janari denda herri txiki gehientsuenetan egoten da. Herritarrek, normalean, ez dute han egiten asteko erosketa handia, baina estimatzen dute herrian bertan ere izatea halako komertzio bat. Askotariko kudeaketa ereduak dituzte.

Igeldo (Donostia)

Gipuzkoako herri gehienetan bezala, Igeldon (Donostia) ere bazuten nekazaritza kooperatiba bat. 1910. urtearen bueltan sortutakoa zen, eta 1998ra arte egon zen martxan. “Ikusita lehen sektorearen egoera eta kooperatibak berak ere aurrera egiteko zailtasunak zituela, garai hartan erabaki zuten etenaldi egoera batean uztea kooperatiba”, azaldu du Eneko Dorronsoro Igeldoko Kooperatibako (Iko) bazkideak. 2018an, ordea, taldetxo bat bildu, eta kooperatiba suspertzea erabaki zuten. Denda irekitzeari eman zioten lehentasuna, eta 2020tik dago martxan.

Dorronsorok azaldu duenez, lehenik eta behin kooperatibaren eraikina konpondu behar izan zuten, egoera txarrean zegoelako ordurako. “Herrian zabaldu genuen proiektua, eta bazkidetza ere ireki genuen, herritarrak kooperatibaren parte izateko”. Hain zuzen ere, Dorronsororen esanetan, “herri kooperatiba bat” izatea da helburua.

Ehun bazkide baino gehiagok egin zuten bat hasieratik, bai nekazaritza munduan lan egiten dutenek, bai lehen sektorearekin loturarik ez dutenek. “Bultzada handia eman zuten herritarrek, horrelako proiektu baten beharra ikusten baitzuten”. Kooperatibak bere gain hartu zituen eraikina zaharberritzeak eta denda irekitzeak ekarritako gastuak. “Bazkideen ekarpenekin, kuotekin, mailegu bat eskatuta eta abar egin dugu aurrera. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza deialdi batera ere aurkeztu ginen, eta hori izan da jaso dugun laguntza bakarra. Gainerakoa herritik egindako lanari esker lortu dugu”.

Bazkide direnek hainbat lehentasun eta betebehar dituzte, baina bazkide izan gabe ere egin daitezke erosketak dendan. Gaur egun, gainera, Igeldon dagoen saltoki bakarra da. “Denda txiki bat egon izan da, baina azken urteetan hala zebilen, oraintxe norbaitek irekitzen zuen, gero itxi…”. Gertu dute Donostia, eta igeldoar gehienek han edo inguruko beste herriren batean egiten dute lan. “Ondorioz, erosketak kanpoan egiteko ohitura egon da, eta denda txiki horien bizitza ez zen erraza. Gure kasuan, konpromisoa eskatzen saiatu gara, bazkidetzaren bidez eta abar”.

COVID-19aren pandemia garaia zen denda ireki zutenean, eta hasieran uste baino askoz jende gehiago izan zuten, egoerak ere gertutasuna bultzatzen baitzuen. “Orain egonkortzen ari da. Gainean egon behar dugu, jendeari gogorarazteko dendak ez badu funtzionatzen hutsune handia sortzen dela”. Inguruko ekoizleen produktuak saltzen dituzte dendan, helburuetako bat baita tokiko nekazaritza bultzatzea, baina egunerokoan behar izaten diren bestelako gauzak ere eskura daitezke: garbiketakoak eta beste. “Kooperatibari jarraipena emanez, baserrirako produktu batzuk eta animalientzako pentsuak ere baditugu”.

Dendaren proiektua lantzen hasi zirenean, beste herri batzuetako egitasmoak ere aztertu zituzten. Esaterako, Oiartzungo Labore kooperatibako kideek asko lagundu dietela esan du Dorronsorok, baina nabarmendu du tokian tokiko beharretara egokitzea dela komenigarriena. “Toki batean funtzionatzen duena, agian, ez da egokia beste batean. Guk oso argi izan dugu gure egoerara egokitu behar genuela”.

Itsasondo

“Nahi dugu ez izatea soilik janari denda bat, baizik eta jendea elkartzen den tokia”, esan du Kontxi Rodriguezek Itsasondon duten dendari buruz. Udalaren lokal batean, emakume batek izan zuen denda hogei bat urtez. Hura uztera zihoanez, berriro esleipena atera zuen udalak. Bi proiektu aurkeztu zituzten, eta Rodriguezek beste kide batzuekin batera egindako proposamena hautatu zuten. Martxoan bete ziren bi urte denda hartu zutenetik. “Herriko denda irekita mantendu nahi genuen, lan duinekin, eta bestelako ideia batzuk ere bildu genituen proiektuan”.

Kooperatiba bat osatu zuten hiru pertsonaren artean, eta beste langile bat ere hartu zuten. Gaur egun, bi kideren artean kudeatzen dute. “Gure helburua beti izan da herrian antolatzen diren ekintzetan guk ere parte hartzea”. Esan du tabernarekin batera denda dela herriko erdigunea. “Demagun, autobus bat antolatu behar dela ekitaldiren batera joateko. Dendan eta herriko tabernan jartzen da izena emateko zerrenda”. Herritarrak elkartzeko eta beren zalantzak eta ideiak adierazteko gunetzat dauka denda. “Oso gertuko harremana dugu udalarekin, eta herritarrek kontatzen dizkiguten kezkak transmititzen dizkiogu”.

Udalaren jabetzako lokal banatan daude bai denda, bai taberna. “Alokairu bat ordaintzen dugu, baina alokairu sinbolikoa da. Hozkailua izorratu zitzaigunean ere, udalak jarri zigun; nahiz eta guk hau utzi, gure ondoren etorriko denak erabiliko baitu”. Erraztasunak badituztela onartu arren, Rodriguezek esan du dendaren erantzuna neurri berekoa dela. Egunero irekitzen dute: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara; eguerdietan ere ez dute ixten, eta “hori asko eskertu du jendeak”; asteburuetan, berriz, 08:30etik 12:30era egoten da zabalik. “Bi langile gara, eta bakoitzak asteburu bat egiten du jai, baina hamabi egunez jarraian lan eginda”.

Kontatu du denetik saltzen dutela: fruta, barazkiak, esnekiak, plater prestatuak, edariak, izoztutako produktuak, kontserbak, drogeriako produktuak… “Eta noski, gozokiak, gominolak, pipak eta halakoak”. Rodriguezen esanetan, gertuko hornitzaileekin lan egiten saiatzen dira; adibidez, esnekiak eta arrautzak lortzeko. “Herri handiago batean hiru dendatan egoten diren gauzak hemen toki bakarrean ditugu”.

Herritarrek eskertzen dute herrian denda bat izatea, eta gustura daude dendaren arduradunak ere, baina Rodriguezek azaldu du ez dela erraza herri txiki batean aurrera egitea. “Ikusten duguna da jendeak erosketa handia supermerkaturen batean egiteko ohitura duela. Eta hona ogia, fruta, azken unean falta zaien zerbait eta halakoak erostera etortzen dira. Oraindik ez dugu lortu jendeak hemen egitea erosketa handiak; batzuek egiten dute, baina gutxi dira horiek”.

Bi urte daramatzate negozioan, eta esan du tokatu zaien garaia ere ez dela errazena izan. “Aurrena, pandemia, eta, gero, Ukrainako gerrarekin, prezioen gorakada”. Alde horretatik, desabantaila dutela dio. “Txikizkako merkataritzan aritzen gara gu, eta ezin ditugu jarri supermerkatu handien marjinak”. Hala ere, ilusioz jarraitzen dute, eta badituzte zenbait ideia. Proiektua aurkeztu zutenean, kooperatiba herriari zabaltzea zen asmoetako bat, nahi zuena bazkide-erosle egiteko, eta, era horretan, gehiago inplikatzeko. “Oso gustura gaude, baina gusturago egongo ginateke jendea pixka bat gehiago inplikatuko balitz erosketak hemen eginez”.

Ereñotzu (Hernani)

Hernaniko erdigunetik sei kilometro ingurura dago Ereñotzu. Urte askoan dendarik gabe egon ostean, duela lau urte, auzo udalaren ekimenez, lokal bat hartzea, hura egokitzea, eta haren ustiapena adjudikatzea erabaki zuten, gehienez lau urterako. Amaitu da epea, eta abian da hurrengo kudeatzaileak hautatzeko prozesua. Izan ere, dendaren balorazio “oso ona” egin du auzo udalak. “Lehen, edozein txikikeriagatik Hernanira joan behar izaten genuen, eta, orain, eskura dugu behar duguna. Bizitza handia eman dio Ereñotzuri”, esan du Jon Susperregi auzo udaleko kideak.

Dendaren aurretik, tabernarekin egin zuten proba. “Hainbat urtez, hiltzen bezala joan zen Ereñotzu. Orain dela urte batzuk, ordea, etxe berriak egin zituzten, eta, ondorioz, auzoa berritzeko aukera azaldu zen. Horrek gutxieneko baldintza batzuk lortzea eskatzen zuen”. Biltzeko tokirik ez zutela ikusita, taberna bat irekitzea erabaki zuen auzo udalak. Lokal bat alokairuan hartu, eta esleitu egin zuen. “Duela hamar urte inguru izan zen hori, eta oso ondo funtzionatu izan du. Ondoren, gauza bera egin da dendarekin, baina lokala erosita”.

Lehen taberna izandako lokal batean dago. Auzo udalak berak ordaindu ditu haren gastuak, baita dendarako beharrezko diren gailuenak ere. “Norbaitek bere gain hartu beharko balitu lokalaren gastuak, makineriarenak eta abar, zaila izango litzateke bideragarria izatea. Auzo udalarentzat ere gastu handia izan da, dena berria jarri behar izan delako, baina ondo atera da”.

Supermerkatu txiki bat da Ereñotzuko denda. “Eta ez dagoen zerbait nahi izanez gero ere, dendariari eskatu, eta ekartzen saiatzen da. Halako gauzak ditu gertutasunak”. Astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez irekitzen dute, eta larunbatetan goizez bakarrik. “Hasieran, jende gutxixeago ibiltzen zen, baina konfinamendu garaian, izugarri igo zen jende kopurua, eta batzuek erosketak han egiteko ohitura hartu dute”. Susperregiren esanetan, “erosoa” da denda Ereñotzun bertan izatea. “Bestela, Hernanira joateko, autoa hartu behar izaten dugu, aparkatzeko komeriak izaten dira, eta denbora asko galtzen dugu alferrik”.

Lizitazio berriaren oinarrietan jartzen duenez, hurrengo kontzesioa bi urtekoa izango da, eta, bi aldeak ados badaude, beste hiru urtez luzatzeko aukera izango da, urteka. Ereñotzuko denda zerbitzua ustiatzea, eta paketeak jasotzea eta eskaripeko zerbitzuak eskaintzea eskatuko zaio kontratua lortzen duenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.