Herri ekinaldi legegilea sinatzera deitu dute pentsiodunek

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa egin du Gasteizen, 1.080 euroren gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko. Proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua izateko adina sinadura jaso dituzte dagoeneko, baina gehiago nahi dituzte.

Gaurko manifestazioaren burua. HELaren bidez gutxieneko pentsioak soldata minimoekin berdinduko dituztela esan dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gaurko manifestazioaren burua. HELaren bidez gutxieneko pentsioak soldata minimoekin berdinduko dituztela esan dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko azaroaren 21a
14:30
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur goizean Gasteizen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Herri ekinaldi legegilea (HEL) gauzatzeko presio egin nahi izan dute, eta, horretarako, sinadura bilketa azkartu nahi dute. «Iniziatiba hau babesteko milaka firma behar ditugu», ohartarazi du Belen Arrondo EHPMko bozeramaileak. «Dei egiten diegu pertsona, langile, gazte, gizon eta emakume guztiei, hau da, gizarte osoari, beren sinadurekin legebiltzarrean aurkeztuko dugun herri ekinaldi legegilea babesteko».

Gainditu dute gutxieneko 10.000 firmaren langa. Berri ona dela ez du ezkutatu Arrondok, baina ohartarazi du helburua ez dela bete. Gutxieneko pentsioak osatu eta gutxieneko soldatarekin berdintzeko «euskal sistema bat» eratzera behartu nahi dute Eusko Jaurlaritza.

«Lehentasunen arazoa da. Negozioa lehenesten da pertsonen kaltetan»

BELEN ARRONDOEHPMko bozeramailea

Manifestazioa Bilbo plazatik abiatu da, eta, Gasteizko erdigunea zeharkatu ostean, katedral berriaren atarian bukatu dute, legebiltzarraren alboan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen taldeetako ordezkariak izan dira. Bakoitzak asteleheneroko elkarretaratzeetan erabilitako pankartak eraman ditu. Gasteizko bertako, Tolosaldeko edo Zornotzako pentsiodunak izan dira protestan, esaterako.

Javier Comonte Bizkaitik etorri da. «Garrantzitsua da hemen egotea», esan du. Etorkizuna «beltz» ikusten du, eta esan du borroka egin behar dela pentsioak defendatzeko. Alfonso eta Marimar senar-emazteak ere arrazoi berdinak bultzatuta iritsi dira Errenteriatik (Gipuzkoa). «Gu, zorionez, ezin gara kexatu dugun pentsioarekin. Baina dena gora doa, pentsioak izan ezik», gaitzetsi du Marimarrek. «Onartezina da ezertarako ez den pentsioa izatea bizitza osoa lanean aritu eta gero».

«Onartezina da ikustea nola milaka pentsiodunen, batez ere emakumeen, bizi baldintzek egunez egun okerrera egiten duten, haien diru sarrerak ez baitira oinarrizko eskubideak bermatzeko nahikoa», adierazi du Arrondok. Horregatik, pentsiodun guztientzako gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatu du, hamalau ordainketatan banatuta.

Datorren urteko aurrekontuak zehazten ari diren honetan, eskaria gauzatu ahal izateko diru sail bat exijitu du. «Dirua ez da arazoa. Foru aldundietako eta EAEko presio fiskala Europako batezbestekoarekin parekatuz gero, 5.000 milioi euro baino gehiago bilduko lirateke. Lehentasunen arazoa da. Negozioa lehenesten da pertsonen kaltetan». Zerga politika «justua» da gakoa, pentsiodunen mugimenduaren ustez.

«Guztion borroka»

Politikariei hitz gutxiago eta ekintza gehiago eskatu dizkiete manifestazioan. Era berean, pentsiodunen aldeko oihuak, aberastasuna banatzeko eskariak, eta genero arrakalaren aurkako leloak egin dituzte. Banketxeen atarietarik igarotzean, haien kontrako mezuak entzun dira, baina ez da istilurik izan.

Manifestari gehien-gehienak helduak izan dira. Arrondok azpimarratu du «guztien borroka» dela pentsioena. «Belaunaldi desberdinen borroka da hau. Denon artean lortuko dugu». Animoak hauspotzeko, gogorarazi du duela urte batzuk lortu zutela pentsioak KPIarekin lotzea, «eta 2025ean gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea lortuko dugu. Borroka egitea merezi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.