«Talgo hemengo batek erosi izanak bermatzen digu ez dutela ekoizpena kanpora eramango»

Talgok Ribabellosan duen lantegiko behargina eta CCOOko ordezkaria da Kepa Alkaine. Haren esanetan, angustiaz bizi izan dute azken urtea, eta langileek pozik hartu dute Talgoren kontrola Sidenor buru duen euskal partzuergoak eskuratu izana.

Talgok Ribabellosan duen lantegiko beharginak. BERRIA
Talgok Ribabellosan duen lantegiko beharginak. BERRIA
2025eko otsailaren 21a
13:23
Entzun

Urte gogorra izan da Talgoko langileentzat, lantegiaren etorkizuna kolokan egon baita. Hala berretsi du Kepa Alkainek. Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegiko behargina eta CCOO sindikatuko ordezkaria da Alkaine. «Urtebete daramagu enpresaren salmentarekin gora eta behera. Azkenerako nazkatu ginen. Langileok ez geunden eroso egoera horrekin, segurtasunik ez edukitzea ez baita erosoa. Ezegonkortasun hori ez zen onuragarria ez enpresarentzat ez langileontzat».

Prozesu gorabeheratsu hori larritasun handiz bizi izan dutela aitortu du CCOOeko ordezkariak. «Espainiako Gobernuak Hungariako enpresari betoa ezarri zionean, lasaitu ederra hartu genuen. Trenak fabrikatzeko ahalmena du enpresa horrek, eta gure kezka zera zen, Talgo erosi, teknologia bereganatu eta hemendik bi urtera ekoizpena hara eraman zezakeela».

«Urtebete daramagu salmentaren gorabeherekin. Ezegonkortasun hori ez zen onuragarria ez enpresarentzat ez langileontzat»

KEPA ALKAINECCOOko ordezkaria

Ribabellosako lantegian CCOO sindikatuak du ordezkaritzarik handiena, eta sindikatuak begi onez ikusi zuen Sidenor buru duen euskal partzuergoa erosteko lehian sartzea. Alkaine: «Enpresa guztientzat da ziurgabea etorkizuna, baina euskal enpresa industrial batek kontrola hartzeak bermea ematen digu hemen inbertituko dutela eta lantegia ez dutela inora eramango». Gainera, lasaitasuna ematen die Eusko Jaurlaritzaren babesa eta BBK eta Vital fundazioen parte hartzea izateak. Emaitzarekin, beraz, pozik daude.

Duela astebete, hilaren 14an, argitu zen Talgoren kontrola nork hartuko zuen. Otsaila hastearekin batera berpiztu zen tren fabrikatzailea erosteko eskaintzen lehia. Ziurtzat jotzen zen PFR Poloniako funts publikoak enpresa osoaren gaineko eskaintza egingo zuela, baina azken momentuan atzera egin zuen, eta hasiera-hasieratik Espainiako eta EAEko gobernuek babestutako aukera gailendu zen. Hartara, Sidenor Bizkaiko enpresa buru duen euskal partzuergoak aurreakordio bat lortu zuen Trilantic akzioen gehiengoa duen funts britainiarrarekin.

Talgoren akzioen %29,8 erosketa gauzatzen denean —martxoaren lehen asterako iragarri dute—, esku bete lan izango du Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak Talgok dituen erronkei aurre egiteko plangintza osatzen. Abiadura handiko trenetan berezitzen da Talgo, eta konpromiso ugari hartuak ditu. Ribabellosan eta Madrilen ditu lantegi nagusiak, eta, horretaz gain, mantentze lanak egiten dituzten egoitzak ere badaude. Guztira, 2.600 langile ditu enpresak. Arabako lantegian 700 behargin aritzen dira. Hala ere, eskaerari erantzun ezinik dabiltza.

Renferen isuna, buruhauste iturri

Jabe berrien lehenengo buruhaustea Renfek ezarritako 116 milioiko isuna da. Horri nola aurre egingo dioten asmatu beharko dute. Jose Antonio Santano Espainiako Garraio Estatu idazkariak atzo esan zuenez, isuna ez diete kenduko, baina ordaintzeko erraztasunak emateko prest dago ministerioa.

Hori argitu bitartean, langileen mobilizazioak hasiak dira. Atzo bertan elkarretaratzeak antolatu zituzten Talgoko lantegi guztietan. Protestaren muina ordainsari batean dago. Lantegiaren zuzendaritzak joan zen astean jakinarazi zien langileen ordezkariei martxoan eman ohi duten helburuen araberako ordainsaria bertan behera uzteko erabakia. Hain zuzen ere, Renferen isunaren ondorioz.

Arabako plantan ordezkaritza duten hiru sindikatuek —CCOO, UGT eta CSIF— deitu zuten elkarretaratzera. CCOOko Kepa Alkainek azaldu duenez, Talgok ez ditu arazo ekonomikoak. «Arazoa da gaur egun enkargu asko ditugula, eta ez ditugula baliabide materialak eta pertsonalak lan guztia aurrera ateratzeko». Sindikatuak kexu dira, langileak ez direlako, haien ustez, enkarguen atzerapenen erantzule. «Langileek ez dute zuzendaritzaren kudeaketa txarra zertan ordaindu», dio Alkainek.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.