Alsazia. Erreferenduma

Hemen posible ez dena han egingai

Euskal lurralde elkargoa galdatzen dabiltzanek hurbiletik kasu egingo diote gaur Alsazian antolatu erreferendumari

Emakume bat botoa ematen Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren alde, 2010eko martxoko galdeketan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Kasualitatea izan zen, baina kasualitate polita. Euskaldunek eta alsaziarrek eskaera berdina entzunarazi zuten erabat molde berean, iazko azaroaren 24an. Egun horretan, euskal lurralde elkargoaren alde bozkatu zuen Hautetsien Kontseiluko gehiengo zabalak Baionan, eta, une berean, Estrasburgon, Alsaziako lurralde elkargoaren alde agertu zen Alsaziako kontseilarien gehiengo zabala.

Eskaera berdina izan arren, erantzun ezberdina eman du, haatik, Frantziako Gobernuak. Biztanleria ados izanez gero, Alsaziarrei egitura instituzional bat ekarriko dien lege berezi bat bozkatuko dute Parlamentuan urte bukaeran, 2015. urtean lurralde elkargoa sortzeko gisan. Ipar Euskal Herrian, haatik, urteetan luzatu aldarrikapen instituzionalari Paristik ezetza ihardetsi izan diote beti. Abertzaleek eta Batera plataformak ozen eramandako erreferendum eskaerari ere inoiz ez diote erantzunik eman. «Harritzen nau, erabakiak ez dira argumentatuak; irrazionalaren arlokoa da, beldurraren arlokoa», dio Christine Bessonart, Auzapezen Biltzarreko presidenteak.

Alsaziarrentzako pozik, doi bat jeloskor eta arretatsu Alsaziarantz begira dira gaur euskal lurralde elkargoaren aldekoak. Gobernuak emandako erantzun ezberdina ez dute onartzen, ez eta ere ulertzen. Hala ere, arrazoiak bilatzerakoan guztiek dute ezberdintasun bat nabarmentzen: Alsazian bateratzea dute eskatzen, Ipar Euskal Herrian, berriz, banaketa. «Alsazian bateratzea dute galdatzen, guk independenteagoak izan nahi dugu, gure baitarik existitzea dugu aldarrikatzen», Sylviane Alaux parlamentari sozialistaren arabera. Jakinez deszentralizazio erreformarekin gobernuak ekonomiak egitea duela helburuetan, elkargoen bateratzea «errazkiago onartzen» dutela uste du Bessonartek.

Alsaziako Unser Land alderdi autonomistaren arabera ere, hori da esplikazioetariko bat. «Guk mugak ez ditugu hunkitzen, hori da zuen eta gure artean den ezberdintasun handia... Euskal Herrian Biarnoarekin duzue muga, Loire-Atlantique departamendua Bretainiari lotu nahian ere mugaren kontua bada...», Jean Georges Trouillet Unsar Land alderdiko presidente ordeak nabarmentzen duenez.

Frantziako estatuaren gibelean Espainiakoa izateak «haserrea» sortzen dio Nikolas Blain Batera plataformako hautetsiari: «Alsaziaz erabakitzeko orduan ez dute Alemaniaren iritzia goaitatu!». Erabaki politikoa dela konbentzitua da. Horren haritik mintzo da Trouillet alsaziarra. «Ez da gehiago hautetsien sostenguari eta herritarren nahiari begiratu behar... Hor estatuaren eskuetan da, galdera da bere baitan diren populuak ezagutu nahi ote dituen».

Alsaziarrek zein euskaldunek galdatzen duten lurralde elkargoaren eskumenei begiratzea aski da horretaz ohartzeko. Eskumen askoz gehiago lituzke Alsaziakoak. Eskumen bereziei doakienez,antzekotasun handiak badira bi egituren artean. Berdinak eskatzen dabiltza: mugaz gaindiko harremanak, ekonomiaren garapena, kultura eta ondarea, tokiko hizkuntza eta etxebizitza arlokoak. Horiez gain, euskaldunek nekazaritzan, herri garraioetan, turismoan nahi lukete eskumen berezia lortu; alsaziarrek, berriz, Europako funtsen banaketan, orientazio profesionalean eta hezkuntzan.

«Ate berriak irekitzen dira»

Alsazian gertatzen ari dena oso ongi baloratzen du Blainek. «Politikoki aitzinamendu bat da metropolian ere berezitasunak badirela kontuan hartzea Parisek». Orain arte, itsasoz haraindiko departamendu eta lurraldeetan edota Korsikaren gisa Hexagonoan ez direnentzat du bakarrik lurralde elkargo bereziaren estatutua aitortu Frantziako Gobernuak. Horrek «ate berriak irekitzen» dituela dio.

Gobernua bere kontraerranen aitzinean kausitzen dela ere ohartarazten du. Lurralde batentzako lege berezirik ez dutela eginen behin eta berriz errepikatu ondoren, inolako arazorik gabe Alsaziarentzako lege berezi bat sortzekotan dira. Euskal lurralde elkargoaren aldarria entzunarazteko aukera ikusten du: «Gure ahotsa Parisen entzunarazteko aukera ukanen dugu Alsaziari buruzko legea bozkatzerakoan». Deszentralizazioaren III. Akta eztabaidatzerakoan bezala, hor ere, zuzenketen bidez, parlamentariek Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eskaera Parlamentura eramateko aukera ukanen dutela dio.

Frantziako lurraldean ezagupenik gabe segitzen duten beste herrialdeetako abertzaleek ere «garrantzitsutzat» daukate Alsazian gertatutakoa. «Bretainia Alsaziarantz begira dago, bide berriak zabaltzeaz gain, gauzak alda daitezkeela erakusten digu apirilaren 7ko bozketak» , Gerard Guillemot Alderdi Bretoiko idazkari nagusiaren arabera. Aspaldian exijitzen dabiltzan Frantziaren joera aldaketa lortzeko bidean, Alsaziak bizi duena«esperantza iturri» dela dio François Alfonsi Korsikako eurodiputatuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.