Tomas Arrieta. Lan Harremanen Kontseiluko presidentea

«Hemen adostutako orekak eutsi behar dio hazkundeari, ez bestek»

LHKko presidenteak dioenez, akordioak kanpotik etortzen badira, akordioak ez, inposizioak baizik ez dira. Hemen negoziatutako itun zabala nahi du Arrietak, euskal eragileak «erlojuaren kontra» ari baitira.

xabier martin
2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Euskal negoziazio kolektiboa babesteko ahalegin handiagoa eskatu du Tomas Arrieta LHKko presidenteak (Bilbo, 1958).

Euskal lan itunen estatalizazioa ezin dela ukatu esan du LHK-k berriki. Zer dakar horrek?

Ez da aldagai positiboa euskal ekonomiarentzat, argi eta garbi. Lan baldintzen estatalizazio orokorrak baldintzen debaluazioa ekarriko luke, eta horrek ondorio positiboa luke lan kostuei begira;baina eraiki behar dugun eredua aintzat hartuta, hori bide okerra da. Euskal ekonomiaren oinarriak ez du izan behar kostuen merkatzea, balioa erantsia eta kalitatea aurretik jartzea baizik. Kalitatean lehiatu behar dugu, alegia, ez kostuetan, eta estatalizazioak bigarrenera garamatza.

Azken urteko BPGaren hazkundea ikusita, agian ez da beharko euskal negoziazio kolektiboa?

Itun kolektiboa lan baldintzak finkatzeko tresna da, prezioak eta lan orduak lehen-lehenik, baina hori baino gehiago da, kudeatzeko tresna baita, enpresetako barne harremanei egonkortasuna eta ekitatea ematen diena. Auzia oso argia da: euskal beharren araberako esparrua behar dugu, euskal enpresek behar duten oreka egon dadin, soldatetan eta segurtasun mailan, adibidez. Hori guztia ezin da lortu euskal negoziazio kolektiborik gabe.

Euskal ekonomiaren egitura eta Espainiarena desberdinak direla-eta, krisiak beste era batera eragin duela esan ohi da sarri. Nora garamatza esportazioak sustatzeko soldatak jaisteak?

Gai hori pil-pilean dago, baita nazioarteko erakundeetan ere, austeritatea zalantzan jartzen delako. Gero eta jende gehiagok dio soldaten debaluazioa ez dela eraginkorra krisitik ateratzeko. Barne kontsumoan traba handiegia egiten duelako, adibidez. Erosteko ahalmena txikitzen bada, euskal ekonomiak traba izango du barne eskaerari dagokionez, nahiz eta lehiakortasuna irabazi esportazioen atalean. Azkenean, balantzea da gakoa: kanpoaldera irabazten duguna barruan galtzen badugu, ez goaz inora.

Jaurlaritzak sarritan azaldu du balio erantsian oinarritutako eredu produktiboa behar dela. Ez du ematen itunen estatalizazioa bide horretatik doanik.

Gero eta gehiagok diote balio erantsian eta kalitatean oinarritu behar duela munduan lehiatzeko behar dugun eredu produktiboak. Badakigu ez dela erraza, baina inor gutxi dago horren aurka. Eta hori egia izan dadin, besteak beste, lan harremanen jarduera zuzen batek egon beharko du; akordioak behar dira horretarako, baina ez edozein akordio. Kanpotik inposatzen den akordio bat ez baita akordioa hemen, inposizioa baizik. Itun kolektibo baten formarekin irits daiteke, baina inposizioa da. Ez dugu hori behar, hemengo akordioak baizik. Gure ekonomiak gure lan harremanak hemen egonkortzea behar du, gure hazkundeak horixe bera behar du. Hemen finkatzen diren orekak eutsi behar dio hazkunde horri, ez kanpotik adostutako orekak.

Nola gauzatzen ari da estatalizazioa? Zergatik?

Bi bide daude estatalizazioa gauzatzeko. Lehena da hemen ez garela gai izaten ari akordioak egiteko, eta, hala, estatuan negoziatzen diren akordioak aplikatzen ari dira. Nola gelditzen da hori? Hemengo akordioak bultzatuz, akordioa ona baita per se. Enpresentzat garestiagoa dela hori? Bai, diruari begira; baina, aldi berean,askoz ere produktiboagoa da hemengo akordio bat, ekonomiaren hazkunde sanoari begira. Beste bidea da estatuko hitzarmenek berentzat hartzen ari direla hemengo negoziazioaren espazioa. «Gai hau eta hori eta beste hori nik arautuko ditut», diote akordio horiek, eta hori da orekak kanpotik inposatzea.

Nola egin ahal zaio aurreinposizio arautu horri ?

Esparru propioa edukitzeko apustua egin dela aldarrikatzen duen akordio zabal batenbidez. Eta, berriro diot, batzuek esango dute esparru propioa edukitzea garestiagoa ateratzen zaiela, baina esparru egokiagoa izango da betiere gure ongizate mailarekin, gure hazkundearen banaketarekin eta egonkortasunarekin. Ekonomia eta gizarte kohesionatuagoa ekarriko luke, eta horrek, berriz, produktibitate handiagoa. Ekuazioa argia da, nahiz eta enpresa jakin batzuei oso gaizki etorri egoera gogorra dutelako. Salbuespenek, izan ere, ezin dute aldarazi eredu osoa. Malgutasun mekanismoek, agian, lagundu dezakete trantsizio horretan.

Ez du ematen Jaurlaritzak kontzertu ekonomikoaren alde egindako defentsaren parekorik egin duenik negoziazio kolektiboaren atalean.

LHKn egin dugu; nire adierazpenak beti izan dira argiak haren alde. Agian, eragile guztiok jabetu behar dugu arazoaren neurriaz eta euskal esparru baten aldeko beharraz. Urkullu lehendakariak SEAren batzarrean ere defendatu zuen gure espazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.