Helena Franco Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatua haserre agertu da Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran Arabako eta Bizkaiko aldundiek atzo izan zuten jarrerarekin. Opor fiskalen itzuleratik jasotakoa dirua Eusko Jaurlaritzari aurten banatzean hastea iaztik dagoela erabakita azaldu du Radio Euskadin, eta atzoko bileran hori eztabaidagai bihurtzea zertara datorren argitzeko eskatu die Arabako eta Bizkaiko aldundiei (PPk eta EAJk gobernatzen dituzte).
Opor fiskalen dirua nola banatu erabakitzeak bitan zatitu zituen erakundeak atzo: Arabak eta Bizkaiak iaz lortu zuten akordioa zalantzan jarri eta Jaurlaritzari dagokion dirua (hamarretik, zazpi) ez zirela aurten banatzen hasiko iradoki zuten, auzia itxi gabe dagoelakoan. Gipuzkoak (Bildu) eta Jaurlaritzak (jardunean, PSE-EE), ordea, aurten itzultzen hastea adostu zutela gogoratu zuten. Bide batez, Francok esan du ez dagoela Bildu eta PSE-EEren artean inolako akordirik.
Francok adierazi du, gainera, diru banaketa auzitan jarriz gero, aurretik egin behar zutela eta ez atzoko bileran. "Eguneroko jardunean egin behar da hori, eta ez egun zehatz batean, jarrera politiko garbiarekin, hedabideen aurrean, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran. Gauza hauek arazoren bat soilik baldin badago jarri behar dira mahai-gainean. Ezin da horrela jokatu".