Hilabete luzez zigor gogor baten mehatxupean aritu dira lanean Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolak. Albiste txarra uztailean iritsi zen. Europako Batzordeak ebatzi zuen ontziak tax lease sistemaren bidez salerosteko eman ziren zerga pizgarriak ez datozela bat merkatu bakarrarekin eta, hortaz, itzuli egin behar direla. Kolpea apur bat baino ez du arindu Joaquin Almunia Lehia komisarioak: soilik 2007. eta 2011. urteen artekoak bueltatu beharko dira.
Ebazpenari aurre egiteko, bi aukera zituen Espainiako gobernuak: onartu edo helegitea jarri. Jose Manuel Soria Espainiako Industria Ministroa helegitea jartzearen aldekoa zen, horretarako «pisuzko argudio juridikoak» zeudela esan baitzuen. Hortaz, uztailaren 23an, ontzioletako Espainiako sindikatu garrantzitsuenekin eta Galiziako eta Asturiasko gobernuekin bildu zen, eta irailaren 28a baino lehen helegitea jartzea adostu zuten.
Eusko Jaurlaritzak ere mahaian behar zuen, baina, agenda arazoak argudiatuta, ez zuen parte hartu. Baina ez zen helegitearen alde agertu. Sektoreak aurrera egin dezan nork zer zor duen «ahalik eta azkarrena» zehaztea jo du beharrezkotzat. Itzuli beharrekoari buruz zenbaki dantza handia dago, eta Espainiako Ogasun Ministerioak du kopurua finkatzeko ardura.
Helegitea egin arteko lana
Helegitea iritsi arte, geroari buruzko ezjakintasuna alde batera utzi eta lanean jarraitu behar dute ontziolek.
Beharraz oharturik, Rajoyren gobernuak tax lease sistematik kanpoko aldi baterako neurriak aurkeztu zituen. Baliogabetzearen aurretik hasitako lanek legezkoak diren zerga abantailak jasoko lituzkete. Sistema berri horren bitartez, Bizkai eta Gipuzkoako ontziolek bi kontratu sinatuak dituzte, Jaurlaritzak adierazi duenez. Ikusteko dago, ordea, behin-behineko neurri horiekin sektorea biziberritzea posible den eta, aldi berean, auziak zalantzan jarri duen inbertitzaileen konfiantza lortzea.
Helegitearen zain, segurtasun bila dira ontziolak
'Tax lease' sistemari helegitea jartzea erabaki badute ere, aldi baterako neurriak hartzearen alde egin du sektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu