2023ko urtarrilean sortu zuten Arabako Mahastiak sor-markako Kontseilu Arautzailea, eta Solar de Ayala upategiko arduradun Emilio Aguillo izendatu zuten zuzendaritza batzordeko behin-behineko presidente. Haserre mintzo da EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari buruz.
Nola interpretatu duzue epaia?
Mundu guztiak irakur dezala eta nork bere ondorioak atera ditzala. Nik egiten dudan interpretazioa oso sinplea da: argi geratu da Errioxako Kontseilu Arautzailea dela Errioxa jatorri deituraren eta Arabako Errioxaren jabe, eta ez du baimentzen eremu horretan inork eskua sartzerik, guztiz galarazten baitu eremu horretan beste ezer sortzea. Eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio.
Zerk harritu zaitu gehien?
Sententziak dio Errioxaren izenaz eta haren merkatuaz baliatu nahi genuela. Ez da egia. Gainera, ez dute aintzat hartu jada jatorri izen bat baino gehiago badaudela eremu geografiko berean, Errioxako ardoen sor-markaz gain, ardo zurien beste marka bat ere badagoelako: Valle de Sadacia. Errioxa jatorri izenarekin alderatuta, koska bat beherago dagoen babes marka bat da [IGP bat], baina eremu bereko beste jatorri deitura bat da azken finean. Beraz, galdera da: zergatik baimentzen dute hori eta ez Arabako Mahastiak?
Epaia bi txostenetan oinarritzen da...
Bai, eta epaiak berak dio txosten horien egileek ez dutela eskumenik auzi honetan. Ulertezina da. Bi urte eta erdi izan gaituzte ebazpen honen zain. Eta hori da emaitza? Benetan? Denbora galarazi digute, eta horrek haserretzen eta mintzen gaitu gehien. Europako Batasunarena da jatorri izenen inguruko eskumena; beraz, haiei, Bruselako adituei dagokie horri buruz ebaztea.
Arabako Mahastien bidea amaitu da?
Epaileek ez diete aterik itxi Arabako Mahastiei. Esan diguten gauza bakarra hau da: «Itzul zaitezte hasiera lerrora». Tramitazioari berriz ekiteko aukera izango genuke, epaiak esaten baitu guk aurkeztutako dokumentazioa ez dela nahikoa sor-marka berri baten eratzea justifikatzeko. Dena den, auzitegiak erabaki du ez dela balekoa, ongi, eta orain zer? Honek ez du ezer konponduko, sektorearen krisiak hor jarraituko du.
«Ezin dugu denbora gehiago galdu; beste bide batzuei ekin behar diegu: Errioxatik desberdindu behar dugu, eta Errioxatik kanpo egin behar bada, ba, hala izan dadila»
Ez duzue erabaki oraindik helegitea jarriko duzuen edo ez.
Helegitea jartzeko aukera dugu, bai. Baina galdera da: merezi du? Zortzi urte daramatzagu honekin, eta beste bi edo hiru urte egongo gara geldirik, zain? Nik uste dut ezetz, ahalegin horrek ez duela merezi. Baina nire iritzia da; nire ustez, ez du merezi honekin segitzea. Edonola ere, baietz erabakiko bagenu, eta Auzitegi Gorenak arrazoia emango baligu ere, sektorean daukagun krisiarekin ez du inork iraungo. Ezin dugu denbora gehiago galdu, beste bide batzuei ekin behar diegu: Errioxatik desberdindu behar dugu, eta Errioxatik kanpo egin behar bada, ba hala izan dadila.
Beraz, Errioxan jarraitzea ez da aukera bat zuentzat?
Niretzat ez, logikoa denez. Arabako Mahastiak sor-markaren aldeko apustua egin genuen, hain zuzen ere horregatik, Errioxaren aterkipean ez geundelako eroso eta ez zelako errentagarria gure negozioentzat. Eta orain, krisia are sakonagoa den honetan, are zentzu gutxiago du haren babesean jarraitzeak. Beste irtenbide batzuk bilatu behar ditugu.
A ikurrarena izan daiteke horietako bat?
Upategi batzuentzat nahikoa izan daiteke kanpaina hori, bai. Baina beste batzuentzat ez, eta guztiz bereizteko hautua egingo dute. Nik uste dut bereiztea erabakiz gero guztiz bereizi behar duzula, eta ez erdizka. Baina badaude beste aukera batzuk ere; marka kolektibo bat eratzea, adibidez.