GIZARTE POLITIKAK

Helegitea jarri diote DSBEaren araudi berriari

Iazko azaroan onartu zuten araudia, eta eragileek salatu dute oinarrizko hainbat eskubideren aurka egiten duela.

DSBE
Bilboko Justizia Jauregiaren atarian egin duten prentsaurrekoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko otsailaren 14a
11:50
Entzun

Argilan-ESK-k, Berri Otxoak-ek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarri diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren araudi berriari. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian erregistratu dute errekurtsoa, uste baitute «aldaketa nabarmenak» egon direla araudian, eta horrek kalte egiten diela laguntza horien hartzaileei eta oinarrizko hainbat eskubide urratzen dituela.

2023ko martxoan sartu zen indarrean DSBEaren lege berria, 2008koa ordezkatu zuena, eta araudia, berriz, azaroaren 21ean eguneratu zuten. Bilbon elkartu diren eragileen arabera, araudiarekin bizilekuaren kontzeptua birdefinitu dute, eta titulurik gabeko etxebizitzak ez dira bizilekutzat hartuko. Hala, laguntzetatik kanpo geratu dira etxebizitza bat okupatu dutenak, kontraturik ez dutenak, berralokatuta daudenak edo bestelako egoeretan daudenak.

Bestalde, bizileku horren definizioan komun propio bat izatea eskatuko du administrazioak hemendik aurrera. Hala, logela bat alokatzen duten eta komun propiorik ez duten herritarrak ere laguntzatik kanpo geratuko dira.

Horrez gain, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa izena duen laguntza berria ere kritikatu dute. Apirilean sartuko da indarrean, eta aurrez zegoen Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria ordezkatuko du. Eragileek salatu dute «laguntzak sinplifikatzeko eta bateratzeko aitzakiarekin» laguntza hori jasotzeko «baldintza garrantzitsu bat» aldatu dutela, beharrezkoa izango baita hiru urtez etenik gabe Etxebiden izena emana izatea.

Eragileek uste dute gizarteko sektorerik pobretuenei eragingo dietela aldaketa horiek: «Aldaketa horiek aplikatzen badira, ehunka bizikidetza unitateri eragingo diete, eta milaka pertsona etxebizitza prestazioak eskuratu ezinik geratuko dira. Are gehiago, sektorerik prekarizatuenei eta pobretuenei egingo die kalterik handiena».

Halaber, deia egin dute otsailaren 24an Bilbon antolatu duten manifestazioan parte hartzeko. Urtarrilean antolatu zuten protesta hori, eta prestazio sozialen «murrizketak» salatuko dituzte. 12:00etan hasiko da protesta, Bilboko Moyua plazan.

Aldaketak legeetan

Bilboko Justizia Jauregian elkartu diren hiru eragileek denbora daramate salatzen DSBEarekin harremana duten legeetan egon diren aldaketek kaltea eragingo dietela errenta jasotzen dutenei. Etxebizitza Sindikatuak, adibidez, uste du martxoan onartutako DSBEaren lege berriak «baldintzaz beteriko errenta» bihurtzen duela errenta hori.

Horrez gain, salatu zuten 2023ko abenduan onartutako Enpleguaren Euskal Legeak Lanbideren menpeko «polizia burokratiko» bat sortuko duela; izan ere, lege horren laugarren tituluak Lanbideri eman zion DSBEa ikuskatzeko eskumena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.