Heldurik zaharrenen arora iristen

60 urtetik gora dituzte, baina ez dira zahar sentitzen, ez behintzat adinak ezinduta. Asko dira, eta laster are gehiago izango dira. Eta horrek guztiak ondorioak izango ditu: besteak beste, ekonomian eta lan munduan.

60-79 urte artekoek osatzen dute heldurik zaharrenen kohorte demografikoa. ANA ESCOBAR / EFE.
60-79 urte artekoek osatzen dute heldurik zaharrenen kohorte demografikoa. ANA ESCOBAR / EFE
Irune Lasa.
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Bizi itxaropena luzatuz joan ahala, eta harekin batera baita bizitza osasuntsuaren itxaropena ere, beste talde demografiko bat agertzen ari da munduan eta Euskal Herrian: heldurik zaharrenen taldea.

Helduaroaren eta zahartzaroaren arteko nolabaiteko trantsizioan bizi diren herritarren taldea da, eta gero eta handiagoa da kopuruz, baby boom-eko belaunaldiak adin horretara iristen ari dira eta. Talde handiagoa izango da kopuru erlatiboetan ere, biztanleria osoan duten pisuan, aldi berean jaiotza tasak amildu egin dira eta.

Biztanleriaren parte horren berezitasunei, ezaugarriei eta pisuari begiratzean, ondorioa berehalakoa da: talde horren agerpenak sakoneko aldaketak dakartza, eta merezi du aztertzen hastea. Horretan dabiltza Iñigo Calvo-Sotomayor (Bilbo,1980) eta Ekhi Atutxa (Galdakao, Bizkaia, 1984) Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School-eko irakasle ikertzaileak. Ekonomiaz aldizkariaren azken zenbakian artikulu bat idatzi dute fenomeno berri horrek lanaren eta demografiaren paisaiara dakartzan erronkei buruz: Biztanleriaren aldaketa eta lan-demografia EAEn: fokua heldurik zaharrenetan.

Talde handi hori agertzeak zer dakar askotariko sektoreetako produkzio eta kontsumo ereduetara? Eta enpresek langile kudeaketarako dituzten politiketara? Bi ikertzaileek erronka horien inguruko zantzu batzuk aurkeztu dituzte, ikerketa gehiagotarako ildo izan daitezkeenak; izan ere, fenomenoa berria da, hamar bat urtetik honakoa, eta, globala izanik ere, haren inguruko literatura eta ikerketa askorik ez dago oraindik.

Zein (izango) dira heldurik zaharrenak?

Ez da lehen aldia biztanleria talde berri bat agertzen dela, eta aurrekoan ere, giza aurrerabidearen ondorioa izan zen. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran derrigorrezko hezkuntza luzatzearekin batera, 12 eta 16 urte bitarteko adin tartea sortu zen, nerabezaroa. Ordura arte, haurrak, oinarrizko hezkuntzaren ondoren, zuzenean sartzen ziren lan mundura: haur izateari utzi, eta heldu bilakatzen ziren.

Nerabezaroari dagokionez, ez da erraza mozketa adin jakin batean egitea. Noiz hasten da nerabezaroa, eta noiz bukatu? Bada, berdin gertatzen da biztanleria talde berriarekin: noiz bihurtzen da norbait heldurik zaharrenen talde horren parte?

Egin duten lanean, Calvo-Sotomayorrek eta Atutxak 60 urteak hartu dituzte heldurik zaharrenen adin tartearen abiaburu, «baina izan zitezkeen 55 urteak. Guk 60 urtetan jarri genuen abiapuntua, lanean zegoen jendea ere aintzat hartu nahi genuelako, eta, Euskal Herrian bizi itxaropena 83 urtetan dagoenez, ez genuelako egoki ikusten tarte izugarri zabala ezartzea ere. Agian, bizi itxaropen txikiagoko herrialdeetan, 55 urtetan jar daiteke hasiera».

EKHI ATUTXA, IÑIGO CALVO-SOTOMAYOR
Ekhi Atutxa eta Iñigo Calvo-Sotomayor Deustuko Unibertsitateko atarian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Eta 60 urtetan hasi, eta noiz arte? «Autonomia izatea da pertsona horien ezaugarri nagusietako bat», azaldu du Atutxak; «adintsuak dira, baina autonomia dute». Alegia, izan dezakete gaixotasun kronikoren bat, tentsio altua eta halakoak, baina oro har autonomia urte onak dituzte oraindik. «Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bizitza osasuntsuaren esperantza 79 urtekoa da Espainian», gaineratu du Calvo-Sotomayorrek.

Gainerakoek baino errenta handiagoa

Eta badute erosahalmena. «Soilik ikuspegi ekonomikoan pentsatuz, protagonismoa dute kopuruz gehiago direlako, baina baita gainerako biztanleriak baino aktibo gehiago dituztelako ere, gaztaroan baldintza desberdinak izateagatik», esan du Atutxak. Ikerketan, adibidez, ondorioztatzen da herritar horiei 2008ko krisiak ez ziela hainbeste eragin; austeritate politikek eta enplegu galerak gazteenei eragiten baitiete gehien.

«Eta aurreko urteak bizi izan dituzte», esplikatu du Calvo-Sotomayorrek. «30 urte loriatsuak deiturikoak izan ziren Europan, 1945etik 70eko energia krisira bitarte; Espainian eta Euskal Herrian, 1968tik 2008ra arteko urteak izan ziren horiek. Bai, hemen industria birmoldaketa izan zen tartean, baina, egia esan, orduko hartan euskal industriarentzat eta Asturiasko meatzaritzarentzat oso inportantea egin zen pentsio probisioa; bitarte horretan BPGa nabarmen handitu zen, igogailu sozialak funtzionatzen zuen...».

Horiek horrela, oro har errenta ona dute heldurik zaharrenen taldekoek. Herritar horiek aberastasuna bildu dute, lanetik eta pentsioetatik harago higigarrien eta higiezinen kapitaletatik errentak eduki ahal izateko lain bildu ere.

gazteagoak

Ekonomiaz aldizkariko artikuluan ez dute aipatzen, baina bada beste aldagai bat heldurik zaharrenen taldearekin lotua: adin kronologikoaren eta adin fisiko zein kognitiboaren arteko tartea. Calvo-Sotomayorrek adibide bat jarri du: «Nire aitita 63 urterekin hil zen; portuko langilea zen Santurtzin. Aitak 75 urte ditu; unibertsitatera joan zen, kutxa batean lan egin zuen... Orain, 75 urterekin, aita zaharragoa izango da kronologikoki, baina aitita zegoen baino hobeto dago buruz eta sasoiz. Azterketa batzuen arabera, nire amak, 70 urterekin, 90eko hamarkadan 60 urteko emakume batek zituen gaitasun fisiko eta kognitiboak ditu».

Kontsumoa

Heldurik zaharrenen kontsumoak baditu berezitasunak. Adibidez, joera handiagoa dute zerbitzuetan gastatzeko —aisialdian, ongizatean eta osasunean—, ondasunak erosten baino. Eta horrek eragina izango du hainbat sektoretan. Horiek aztertu beharko direla diote Calvo-Sotomayorrek eta Atutxak, ekoizleek adi egon beharko dutela.

Esan gabe doa, zaintzan, botikagintzan eta osasungintzan ondorio handiak izango dituela kontsumoaren ikuspegitik. Elikagai sektorean ere ikusten da Danone, Nestle eta halako talde handiak konturatuta daudela zer datorren, hasiak baitira eskaintza moldatzen: gatz gutxiko edo azukre gutxiko produktuak —tentsio altua dutenentzat, diabetesa dutenentzat—; proteina, bitamina eta kaltzio gehigarriak dituzten elikagaiak...

Agertu berri den biztanle talde horretan pentsatuta, automobilgile batzuk ere hasiak dira auto garaiagoak egiten —errazago sartzeko eta irteteko modua ematen dutenak— eta Ikea eta halako altzarigile handiak, bestalde, hasiak dira errazago altxatzeko aukera ematen duten besaulkiak eskaintzen.

Lanerako gutxiago

Eta zer gertatzen da lanean? Aldaketa dagoela arlo horretan ere, handia gainera. Calvo-Sotomayorrek jarri du testuingurua: «Azken mendean, lan indarraren inkorporazio masiboak definitu du lan arloa. Ehunka milioi pertsona sartu ziren lan merkatu globalean; lehendabizi, Mendebaldeko baby boom-a izan zen; gero, emakumeak lan munduan murgildu ziren; ondoren, Sobietar Batasuna erortzean sartu zirenak daude, eta azkena, Txina».

Baina hori aldatu da, eta datozen hamarkadatan biztanleria aktiboa txikitu egingo da; lan egiteko adinean daudenen kopuruak %20-25 egingo du behera, ia mundu osoan —Afrika da salbuespena, oraingoz—.

Alegia, immigrazioak ez duela modurik emango langile falta konpontzeko, «Latinoamerikan berdin egongo baitira 20-30 urteren buruan», dio Calvo-Sotomayorrek. Zenbateraino lagunduko dute automatizazioak eta robotizazioak?

Adinaren kudeaketa

Euskal enpresei eta lantegiei begiratuz, Atutxak nabarmendu du enpresek horrelakoak kontuan hartzen hasi beharko dutela, baita lantaldearen adinaren kudeaketari erreparatzen ere. «Talentua erakartzea aipatzen denean, modu inkontzientean, gazteekin lotzen da talentua. Baina noizbait pentsatzen hasi beharko duzu zer eskaintzen diezun adin talde jakin batzuei, jendeak pizgarriak izan ditzan enpresan jarraitzeko, asebeteta sentitzeko... Agian ez dute gazteen formazioa izango, baina esperientzia hori... Unibertsitatean, ez zaigu asko kostatzen ulertzea 65 urteko irakasle batek itzelezko balioa duela».

Izan ere, enpresetan eta fabriketan lantaldearen zati handi bat heldurik zaharrenen taldekoa izango dute aurrerantzean ere, are gehiago erretiro adina atzeratzen eta malgutzen ari den honetan. Mentore lanak sustatzea, egokitzapen ergonomikoak egitea, lan ordutegi malguak ezartzea... AEBetan eta Europan zenbait enpresa handi hasiak dira halakoak aztertzen.

«80ko urteetan kalitatearen garrantzia etorri zen gure enpresetara, eta dena ISO ziurtagiriz bete zen; gero, berrikuntzaren olatua etorri zen. Eta adinaren kudeaketaren aldia ere etorriko da: inportantea da», Calvo-Sotomayorren ustez.

Enpresa transmisioa

Enpresa txiki eta mikroenpresa ugari ditu Euskal Herriak, eta hor ere nabaritzen da aldaketa demografikoa. Jada gertatzen ari da, negozio horien jabeak erretiroa hartzeko adinera iristean ez baita izaten belaunaldi erreleborik. Denda, harategi, taberna... «Negozio eramangarriak dira, baina haien garrantzia sakonagoa da, oso sustraituak egoten direlako komunitateetan eta tokiko ekonomiari eusten diotelako», nabarmendu du Atutxak.

«Ez dago transmisiorik, baina ez da jendeak ez duelako nahi. Fruta dendekin ikusten da hori: migratzaileek hartzen dituzte askotan». «Berrekintzailetza» bultzatu behar dela azpimarratu du: «Ekintzailetzan, iraupen tasa %20-25ekoa da. Berrekintzailetzan, berriz, dagoeneko existitzen den zerbaiten gidaritza hartzean, %80-85ekoa da. Azkenean, planetak lerrokatzen dira. Jendeak erretiroa hartzen du edo ez du jarraitu nahi, eta aldi berean, badago hori hartu nahi duen bat, migratzailea askotan».

Politika publikoen bidez negozioak transmititzeko plaza modukoak bultzatzea proposatzen dute ikertzaileek, egonkortasun ekonomiko eta sozialari eusteko, tokiko garapena sustatzeko eta kohesio soziala indartzeko. Halako esperientziak abian daude, adibidez Bizkaian, Aldundiaren NegoziOn ekinaldiarekin. eta Katalunian, Re-Empresarekin.

Piramidea ez den piramidea eta alarmismoa

Mundu zabalean gertatzen ari da aldaketa demografikoa, Afrikan izan ezik, eta han ere 20-30 urte barru iritsiko dira egoera berera. Piramide demografikoa jada ez da piramide bat: gazteak ez dira gehiengoa. «Eta jakina, hori existituko balitz bezala eraikia dago guztia: txasis produktibo eta soziala, ongizate gizartea, piramide batean sostengatzen da, eta piramide hori jada ez da existitzen», dio Iñigo Calvo-Sotomayorrek. 

«Baina ez da horren beldur izan behar», gaineratu du. «Alarmismorik gabeko ikuspuntu batetik begiratu behar zaie erronkei, mitoak alde batera utzita. Haurrak zorionarekin lotzen dira, zaharrak tristurarekin... Oso sustraituta daude mito horiek. Alemaniako jakintsu talde batek azterketa bat egin zuen, eta horiek deuseztatu; ez da egia jende nagusia ez dela horren produktiboa, ez duela formaziorik nahi». 

Baina ikertzaileak gogora dakar zergatik ez dagoen piramiderik. «Gizarteak eta herrialdeak zahartzea txar-txarra dela iradokitzen dute, baina osasungintzari esker eta emakumeek nahi beste ume dituztelako gertatu da hori. Nola izan daiteke gizateriaren aurrerabide handien ondorio bat horren negatiboa? Erronka oso handiak dakartza, bai, baina,Nazio Batuen Erakundeak berak dio: zahartzea gizateriaren arrakasta bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.