Hego Euskal Herriko 650.000 pentsiodunak hasi daitezke kontuak egiten urtarriletik aurrera jasoko duten pentsioari buruz. Gaur egun jasotzen dutenari %3,8 gehitu beharko diote, horixe izan baita Espainiaren batez besteko inflazioa azken hamabi hilabeteetan. Azaroan batez besteko pentsioa 1.462 eurokoa izan zenez, batez beste 55 euro handituko dira hileroko sariak, 1.518 euroraino. Hamalau ordainketa izaten direnez, urte osoan 770 euro gehiago patrikaratuko dituzte.
Kopuru horiek aldatu egiten dira pentsio motaren arabera. Handienak erretiro pentsioak dira, 1.659 eurokoak batez beste. 63 euro da handitzekoa batez besteko pentsioa, 1.722 euroraino. Erretiro pentsioak 481.748 ziren azaroaren 1ean —hori da azken datua—, hau da, Espainiako Gizarte Segurantzak Hegoaldean banatzen dituen 718.197 pentsioen bi heren.
Kontuan hartu behar da pentsio gehiago daudela pentsiodunak baino, herritar batzuek bi pentsio jasotzeko eskubidea baitute. Zehazki, 66.772 lagunek dituzte bi pentsio; kasu gehienetan pentsio propioa eta alargun pentsioa dira batera jasotakoak. Edonola ere, bi pentsioen batuketak ezin du gainditu gehienezko pentsioaren zenbatekoa (3.058 euro gordin hilean).
540Pentsiodunen antzeko kopurua dago gizonezkoen (333.000) eta emakumezkoen (318.000) artean, baina hor amaitzen dira antzekotasunak. Emakumeen pentsioek batez beste 1.400 euroren langa hautsiko dute urtarrilaren 1etik aurrera, baina gizonek gertuago daukate bi mila eurorena —1.940 eurora iritsiko da—. Zenbaki horietan aintzat hartzen da pentsiodun batzuek bi sari eskuratzen dituztela.
Alargun pentsioak dira Gizarte Segurantzak banatutakoen artean beste multzo handia: 165.000 inguru dira. Batez beste 1.061 euro jasoko dituzte urtarriletik aurrera, hau da, orain arte baino 39 euro gehiago.
Elbarritasun pentsioak 53 euro dira handitzekoak (1.458 euroraino), eta 21,5 euro umezurtzek jasotakoak (586 euroraino).
Gutxienekoak, gehiago
Badira %3,8 baino gehiago handituko diren pentsioak: gutxienekoak. Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak astelehenean aurreratu zuenez, %5 eta %7 artean igoko dira. Hego Euskal Herrian, azaroko datuen arabera, 66.772 lagunek jasotzen dituzte pentsio horiek, eta gehienak emakumezkoak dira.
Beste 16.461 lagunek kotizazio gabeko pentsioak eskuratzen dituzte; Gizarte Segurantzari batere ez edo gutxi kotizatu diotenek eskuratzen dituzte pentsio horiek. Haien pentsioak %6,9 handituko dira.
batez bestekoa eta 'erreala'
Bi modu daude urte bateko inflazioa neurtzeko: bata da urtearen amaierako datua kontuan hartzea, eta bestea da hilabete guztietakoak batzea eta batez besteko bat egitea. Hego Euskal Herrian eta Espainian bederen, urte amaierakoa hartu izan da kontuan hileroko sariak eguneratzeko, eta, horregatik, «inflazio erreala» izena eman dio pentsiodunen mugimenduak. Pentsioen kasuan, azarokoa izan ohi da erreferentzia, abendukoa urtarrilaren erdialdera iristen baita, eta, hortaz, ezin baita erabili urtarrilaren 1etik indarrean izan behar duen arau batentzat.
Baina 2021eko pentsioen azken erreformak araua aldatu zuen: bertan behera utzi zuen PPren gobernuen garaiko eguneraketa sistema, bost urtez pentsioak %0,25 igotzeko modua egin zuena, eta, horren ordez, ebatzi zuen pentsioak Espainiako batez besteko inflazioaren arabera eguneratuko zirela; zehatzago esateko, aurreko urteko abenduko eta ondoko urteko lehen hamaika hilabeteetako batez bestekoaren arabera.
Erreformak eragina izan zuen lehen urtean —2022an—, handiagoa izan zen azarokoa (%5,7) batez bestekoa baino (%2,5), eta erosteko ahalmenaren galeraz kexatu ziren pentsiodunen mugimenduak. Baina 2023ko eguneratzean kontrakoa gertatu zen: 2022ko azarokoa %6,8 izan zen, eta %8,5, berriz, 2022ko batez bestekoa. Gauza bera gertatuko da orain: batez bestekoa azarokoa baino sei hamarren handiagoa izan da.
Epe luzera, ez da inolako alderik bataren eta bestearen artean, urte batzuetako galera beste urte batzuetako irabaziak konpentsatzen duelako: 2003-2023ko epean, Espainiako urte amaierako inflazioa (azarokoa) 45,9 puntu portzentual igo da, eta batezbestekoa, berriz, 47.