Argi-ilunak falta ez badira ere, lan merkatu sendo baten irudia eman du INE Espainiako estatistika erakundearen azken inkestak. Haren arabera, urteko bigarren hiruhilekoan lehenengoan baino 38.400 landun gehiago zeuden Hego Euskal Herrian. Neurri berean ez, baina behera egin du langabeziak: 114.600 herritar daude lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 6.900 gutxiago. Langabezia tasa zazpi hamarren jaitsi da, %7,9raino.
INEren biztanleria aktiboaren inkestak berretsi egin du Gizarte Segurantzaren datuek eta Eustaten inkestak —EAErako— adierazten dutena: inoiz baino jende gehiago dago lanean. INEk dio 1.327.300 direla, hau da, biztanle aktiboen %92. Aurreko marka 2023ko azken hiruhilekoan ezarri zen, baina orduan baino hirurehun okupatu gehiago zenbatu dira orain.
2008ra egin behar da atzera 1,3 milioi landunen langa gainditu zen azken aldia aurkitzeko, baina orduan baino langabe gehiago daude orain. Zehazki, 2008an batez beste 93.400 langabe izan ziren, eta tasa %6,6koa izan zen. Finantzetan hasitako krisia ekonomia osora zabaldu zenean, gora egin zuen langabe kopuruak, eta 2013an jo zuen goia: 230.000 langabe —orain halako bi—, eta %16,9ko tasa.
INEren bigarren hiruhilekoko datuetan bada, ordea, lekuz kanpokoa dirudien datu bat: azken hiruhilekoan gizonen artean asko handitu da langabezia, eta are gehiago jaitsi da emakumeen artean. Horrenbestez, ezohikoa bada ere, gizon gehiago daude lanik gabe (%8,9) emakumeak baino (%6,9). Langabezia erregistratuaren datuek justu kontrakoa esaten dute, beti baitaude emakume gehiago lanik gabe.
Lurraldeei erreparatuz gero, datuak ohikoagoak dira. Gipuzkoak (%6,8) eta Nafarroak (%7,4) dituzte tasarik txikienak, eta Arabak (%8,2) eta Bizkaiak (%8,8) handienak.
Kronifikazioa
Lan merkatuaren arazoen artean dago langabeziaren parte bat kronifikatuta egotea. Hau da, badira herritar batzuk, behin lana galduta, asko kostatzen zaiena beste lan bat aurkitzea. Horrela, 50.000 langabek urtebete baino gehiago daramate enplegurik gabe. Horietatik bi herenek (33.300) bi urtetik gora daramate ordainpeko lanik gabe. Langabeziaren kronifikazioak gizonei eragiten die batez ere.
datuak
%72,8Zerbitzuetan aritzen direnak. Urratsez urrats, zerbitzuak indarra hartzen ari dira enpleguan. Hegoaldeko langileen %72,8 aritzen dira zerbitzuetan, eta %21,1 industrian. Edonola ere, kontuan hartu behar da zerbitzu horietako askok industria hornitzen dutela eta, hortaz, industriaren menpe daudela.
%16,8Sektore publikoan aritzen direnak. Urteko bigarren hiruhilekoan 5.700 lanpostu sortu ditu sektore publikoak, eta 32.700 sektore pribatuak. Publikoan 223.000 lagun aritzen dira, langileen %16,8.
%4,7Enplegatzaileak. Langile gehien-gehienak soldatapekoak dira Hego Euskal Herrian (%85,2). Gainontzekoak beren kontura aritzen dira, hau da, autonomoak, kooperatibistak eta enpresaburuak dira. Enplegatuak dituzten enpresaburuak 62.800 dira (%4,7).
Kontratuen iraupenari dagokionez, kontratu mugagabea duten langileen kopuruak gora egin du nabarmen. Duela bost urte, 2019ko bigarren hiruhilekoan, soldatapekoen %77,2k zuten eperik gabeko kontratua, eta %86,6 dira orain. Batezbesteko horretatik pixka bat beherago daude emakumeak (%85).
Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen eta Lanaren kontseilariak gustura jaso ditu INEren datuak. «Nafarroa da langabezia tasa txikiena duen erkidegoa, okupatuei dagokien errekorra hautsi dugu, eta bigarrenak gara emakumeen langabezia tasan. Oraingo ildotik lanean jarraitzera animatzen gaitu horrek, hau da, enplegu planaren bitartez, elkarrizketa sozialaren eskutik, eta geure enpresa handi, ertain eta txikien ondoan».
«Datu oso positiboak». Hitz horiek erabili dituzte Nafarroako UGTk eta CCOOk langabeziaren datuei erreparatzean, balorazioa bakoitzak bere aldetik egin arren. Hala ere, ohartarazi dute kalitate handiagoko enplegua sortzeko ahaleginei eutsi egin behar zaiela.