Hego Euskal Herrian legalki diharduten 34.000 etxeko langileak urrian hasiko dira langabezia ordainsarirako kotizatzen. Espainiako Ministroen Kontseiluak etxeko langileen baldintzak arautuko dituen errege dekretua onartu du, eta, haren arabera, langabezia ordainsaria jaso ahal izango dute aurrerantzean. Era berean, enplegatzaileak kontratua aldebakartasunez eteteko duten eskubidea murriztuko du. Enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute kotizazioak ordaintzeko. Ipar Euskal Herriko etxeko langileei 1999an aitortu zitzaizkien eskubide horiek.
Dekretua etxeko langileen eta haien alde diharduten elkarteen borrokaren beste pauso bat da. Hori bai, derrigorturik eginiko urratsa da, Europako Auzitegiaren otsaileko ebazpen batek behartu baitu. Auzitegi horren iritziko, etxeko langileek langabezia eskubiderik ez izatea genero bazterketa kasu bat zen, langileen %95 emakumeak baitira. Ebazpen horren ondoren, Espainiako Kongresuko alderdi guztiek aho batez onartu zuen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 lan hitzarmena, iragan ekainaren 9an —etxeko langileen baldintzak arautzen dituena—, eta forma ematen hasi zen Lan Ministerioa lan harreman berria arautuko duen dekretuari.
Dekretuaren eraginez, hiru arlotan hobetuko dira bereziki etxeko langileen baldintzak. Batetik, eta, agian agerikoena, langabezia saria jasoko dute. Bestetik, Soldatak Bermatzeko Funtsera jotzeko eskubidea aitortuko zaie, eta hark bere gain hartuko ditu kotizazioak enplegatzaileak kaudimenik ez duenean. Azkenik, kaleratze arrazoiak mugatu egingo dituzte. Orain arte desestimenduaren tresna existitzen zen, eta hartan oinarrituta enplegatzaileak arrazoirik eman gabe eten zezakeen lan kontratua. Lege berriarekin egoera oso jakin batzuetara mugatuko dute eskubide hori.
Aldi berean, informazio eskubidea aitortu zaie langileei. Alegia, agiri guztiak idatziz jaso beharko dituzte. Lan arriskuen legearen babesa ere jasoko dute etxeko langileek, baina Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak zehaztu du «modulatu» egin dutela babes hori, besteak beste lantokia etxe pribatu bat delako. Halaber, nabarmendu du arreta berezia jarriko dutela sexu jazarpenaren aurkako neurriengan.
Finantzaketari dagokionez, Lan Ministerioaren asmoa da enplegatzaileak eta langileek gehiago ordaindu behar ez izatea. Eskubide berriak lortzeko etxeko langileek kotizazio handiagoak beharko dituzte, eta gobernuak bere gain hartuko du gainkostu hori enplegatzaileei emaniko hobarien bitartez. %80 arteko hobariak eskainiko dizkiete enplegatzaileei.
ELE kritiko azaldu da
Etxeko langile elkarteek urteak egin dituzte aldaketa horien eske. Gehienek atseginez hartu dituzte, baina oraindik zer hobetua badela nabarmendu dute. Horietako bat da ELE, Bizkaiko etxeko langileen elkartea. Gizarte Segurantzari dagokionez, dio lege berriak urtebete atzeratu duela erregimen orokorrarekin parekatzeko epea —2024ko urtarrilean gauzatuko da— eta langabezia ez dela jasoko legezko epeak bete arte: «Eskubidea ukatu arren, orain beste langileak bezala kotizatzea eskatzen zaie». Lan eta osasun arloetan asko hobetu daitekeela uste du, eta, haren iritziz, ezin da erregulazio oso bat egon Atzerritarren Legea indargabetu gabe. Egun Hego Euskal Herrian kontraturik gabeko 11.000 etxeko langile inguru daudela kalkulatzen da.
Hegoaldeko etxeko langileak urrian hasiko dira langabeziarako kotizatzen
Espainiako Gobernuaren dekretuak 34.000 langileren baldintzak duinduko ditu, baina elkarteek diote oraindik badela zer hobetua. Enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute kotizazioak ordaintzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu