Pandemiaren okerrena atzean utzita zirudienean, urte honetarako oso aurreikuspen onak zeuden, eta ekonomia sendo suspertzeko itxaropena zegoen. Haatik, otsailaren 24an Errusiak Ukrainian gerra hasiz geroztik, baikortasun hori zapuztu da, eta taula makroekonomikoa «irauli» da, Laboral Kutxaren esanetan.
Adibidez, finantza erakundeak urte hasieran espero zuen %6tik gorako hazkunde ekonomikoa, eta, sei hilabete geroago, nabarmen apaldu du aurreikuspena: Hego Euskal Herriko BPG %3,6koa izatea espero du, eta datorren urtean jarduera ekonomikoa %2,7 haziko dela uste du. Dena den, Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendariak onartu du 2023 «oso urrun» geratzen dela. «Ziurgabetasuna oso handia da eta zifra horiek asko alda daitezke, estimazioak baino ez dira-eta».
Bilbon zein Iruñean, 2021eko euskal ekonomiari buruzko txostena aurkeztu dute Madariagak berak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Areako zuzendariak. Iragan urteko datuez gaindi, aurrera begirako azterketak piztu du arreta gehien. Datozen hilabeteetako bilakaera ekonomikoa aurreratzeko zailtasunen jakitun, zuhur mintzatu da Madariaga.
Sei hilabeteotan aurreikuspenek nabarmen behera egin badute ere, azpimarratu du oraindik ere hazten ari direla hala Nafarroako nolako Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako ekonomiak: «Hazkundea errealitate bat da, eta urte honetan ekonomia bere ahalmenaren gainetik handitzea espero dugu, nahiz eta ez duen egingo duela sei hilabete espero genuen indar berarekin».
Indarguneak
Egungo agertokiari begira hiru indargune antzematen ditu Madariagak. Alde batetik, pandemiaren ondorioz 2020an galdutakoa ia-ia berreskuratu du euskal ekonomiak, 2019ko abenduko datuak oraingo egoerarekin alderatuta; enpleguari dagokionez, 2019a baino soldatapeko gehiago daude, eta errentan parez pareko egoera dago.
Bigarrenik, horri lotuta, lan merkatua «sendo» ikusten du Madariagak euroaren eremuan.Euroa erabiltzen duten herrialdeetako langabe kopuruak jaisten jarraitzen du eta inflazioa zein gerra ez dira oztopo langabezia tasa gutxieneko historikotara ailegatzeko.
Lan merkatuan dauden pertsonen kopuruak ere gorantz egin du, eta horregatik «are deigarriagoa da langabeziaren jaitsiera». Inflazio handiko testuinguruak soldaten gaineko presioa handitzen badu ere, Madariagak uste du oraingoz neurrian igotzen ari dela. Dena den, ohartarazi du Europako Banku Zentrala erne begira dagoela adierazle horri.
Hirugarrenik, sektore publikoaren egindako esfortzuaren ondorioz, sektore pribatuak egoki eutsi dio pandemiak eragindako tentsioari. Adibidez, pandemian errentarekiko %12ko aurrezki soberakina pilatu dute familiek, eta, Madariagaren irudiko, «koltxoi horrek energiaren prezioaren eragina leuntzeko balioko du».
Dena den, indargune horiekin batera, arrisku franko daude, eta jardun ekonomikoaren norabidea markatuko dute. Adibidez, inflazioa %8tik gora dago, eta honez gero sendien kontsumo konfiantzan eragin handia izaten ari da.«Konfiantzaren galera hori kezkagarria da oso, baina oraingoz gastuaren adierazleak ez dira asko jaitsi».
Hornidura arazoak
2020 amaieratik nazioarteko hornidura kateetan arazo handiak daude, eta Laboral Kutxak uste zuen lehengai eta osagai eskasia aurten konponduko zela. «Osagai batzuen hornidura arazoak handiak dira oraindik ere, eta bezeroak hornitzeko denborak zertxobait hobetu dira». Hala, Madariagari oso zail egiten zaio uneotan arazo hori noiz konponduko den argitzea. Horri gehitu behar zaio Txinan zero Covid estrategiarekin jarraitzen dutela. «Ezin da baztertu egoera horren ondorioz Txinako ekonomiak atzerantz egitea pandemiaren ondorioz eta hornidura arazoen ondorioz».
Gerraren ondorio zuzenei ere erreparatu die Laboral Kutxak. Errusiak gas hornidura eteteko arriskua ezin da baztertu. «Gure aurreikuspenek ez dute hori kontuan hartu, baina hori egingo balu, kolpe handia jasoko luke Europako ekonomiak».
Azkenik, Europako Banku Zentralak inflazioaren igoerari emandako erantzunak ekonomian izan dezakeen eragina ere adi zaindu beharko dela uste du Madariagak. Hala, bere ustez, atzeraldian erortzeko ondorio sakoneko bi gauza gertatu beharko lirateke aldi berean: batetik, gas horniduraren etetea eta bestetik EBZren interes tasak nahi baino azkarrago igotzea.
Interes tasak, %1,25eraino
Europako Banku Zentralak apurka interes tasak igoko dituela aurreikusten du Laboral Kutxak. Hasteko, uztailean %0,25 igoko duela uste du. Irailea beste %0,5 eta urtea amaitzerako %1,25eraino igoko lituzke tasak.
Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunaren ustez, 2023an, hiruhileko bakoitzean beste %0,25 igo lituzke, urte amaieran %2,25era heltzeko. Gogorarazi du tasa negatiboko ezohiko egoera batetik datorrela Euroguneko ekonomia, eta berez %1-%2ko tasak ohikoak direla.