Hegoaldeko ekonomia %3,6 haztea espero du Laboral Kutxak

Pandemian galdutakoa ia berreskuratu egin dela azaldu du Madariagak. Inflazioak eta hornidura arazoek jarduera geldotu dezakete

Javier Kortajarena, Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Pandemiaren okerrena atzean geratua zela zirudienean, urte honetarako oso aurreikuspen onak zeuden, eta ekonomia sendo suspertzeko itxaropena zegoen. Haatik, otsailaren 24an Errusiak Ukrainan gerra hasiz geroztik, baikortasun hori zapuztu egin da, eta taula makroekonomikoa «irauli», Laboral Kutxaren esanetan. Adibidez, finantza erakunde horrek %6tik gorako hazkunde ekonomikoa espero zuen urte hasieran, eta, sei hilabete geroago, nabarmen apaldu du aurreikuspena: Hego Euskal Herriko BPGa %3,6 izatea espero du, eta datorren urtean jarduera ekonomikoa %2,7 haziko dela uste du. Dena den, Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendariak atzo onartu zuen 2023a «oso urrun» dagoela. «Ziurgabetasuna oso handia da, eta datu horiek asko alda daitezke, estimazioak baino ez dira eta».

Bilbon eta Iruñean, 2021eko euskal ekonomiari buruzko txostena aurkeztu zuten Madariagak berak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Areako zuzendariak. Iragan urteko datuez gaindi, aurrera begirako azterketak piztu zuen arretarik handiena. Datozen hilabeteetako bilakaera ekonomikoa aurreratzeko zailtasunen jakitun, zuhur mintzatu zen Madariaga. Sei hilabeteotan aurreikuspenek nabarmen behera egin badute ere, azpimarratu zuen oraindik hazten ari direla hala Nafarroako nolako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak: «Hazkundea errealitate bat da, eta urte honetan ekonomia bere ahalmenaren gainetik handitzea espero dugu, nahiz eta ez den handituko duela sei hilabete espero genuen indar berarekin».

Egungo jokalekuari begira, hiru indargune antzematen ditu Madariagak. Alde batetik, pandemiaren ondorioz 2020an galdutakoa ia-ia berreskuratu du euskal ekonomiak, 2019ko abenduko datuak oraingo egoerarekin alderatuta; enpleguari dagokionez, 2019an baino soldatapeko gehiago daude, eta errentan parez pareko egoera dago.

Bigarrenik, horri lotuta, lan merkatua «sendo» ikusten du Madariagak euroaren eremuan.Euroa erabiltzen duten herrialdeetako langabe kopuruak jaisten jarraitzen du, eta inflazioa eta gerra ez dira oztopo langabezia tasa gutxieneko historikotara ailegatzeko. Lan merkatuan daudenen kopuruak ere gorantz egin du, eta, horregatik, «are deigarriagoa da langabeziaren jaitsiera». Inflazio handiak soldaten gaineko presioa handitzen badu ere, Madariagak uste du oraingoz neurrian igotzen ari dela. Dena den, ohartarazi du Europako Banku Zentrala erne begira dagoela adierazle ohrri.

Hirugarrenik, sektore publikoak egindako esfortzuaren ondorioz, sektore pribatuak egoki eutsi dio pandemiak eragindako tentsioari. Adibidez, pandemian errentarekiko %12ko aurrezki soberakina pilatu dute familiek, eta, Madariagaren irudiko, «koltxoi horrek energiaren prezioaren eragina leuntzeko balioko du».

Dena den, indargune horiekin batera, arrisku franko daude, eta jardun ekonomikoaren bidea markatuko dute. Adibidez, inflazioa %8tik gora dago, eta eragin handia du sendien kontsumo konfiantzan. «Konfiantzaren galera hori kezkagarria da oso, baina, oraingoz, gastuaren adierazleak ez dira asko jaitsi».

Hornidura arazoak

2020 amaieratik, arazo handiak daude nazioarteko hornidura kateetan, eta Laboral Kutxak uste zuen lehengai eta osagai eskasia aurten konponduko zela. «Osagai batzuen hornidura arazoak handiak dira oraindik ere, eta bezeroak hornitzeko denborak zertxobait hobetu dira». Hala, Madariagari oso zail egiten zaio uneotan arazo hori noiz konponduko den argitzea. Horri gehitu behar zaio Txinan kutsaturik gabekoestrategiarekin jarraitzen dutela. «Ezin da baztertuTxinako ekonomiak atzerantz egitea pandemiaren ondorioz eta hornidura arazoen ondorioz».

Gerraren ondorio zuzenei ere erreparatu die Laboral Kutxak. Errusiak gas hornidura eteteko arriskua ezin da baztertu. «Gure aurreikuspenek ez dute hori kontuan hartu, baina hori egingo balu, kolpe handia hartuko luke Europako ekonomiak». Azkenik, Europako Banku Zentralak inflazioaren igoerari emandako erantzunak ekonomian izan dezakeen eragina ere adi zaindu beharko dela uste du Madariagak. Hala, haren ustez, atzeraldian erortzeko ondorio sakoneko bi gauza gertatu beharko lirateke aldi berean: batetik, gas hornidura etetea, eta, bestetik, EBZren interes tasak nahi baino azkarrago igotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.